Lehendakaritza

Arautegia

Inprimatu

170/2023 DEKRETUA, azaroaren 14koa, Gaztemundu programa arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 227
  • Hurrenkera-zk.: 5327
  • Xedapen-zk.: 170
  • Xedapen-data: 2023/11/14
  • Argitaratze-data: 2023/11/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Instituzional

Testu legala

Euskal Autonomi Elkarteaz kanpoko euskal gizatalde eta etxeekiko harremanei buruzko maiatzaren 27ko 8/1994 Legearen esparruan, eta gazteek euskal etxeen jardueran parte har dezaten bultzatzeko eta haien iraupena bermatzeko, Gaztemundu programa sortu zen, abenduaren 23ko 316/2003 Dekretuak arautua (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 8. zk., 2004ko urtarrilaren 14koa). Dekretu hori martxoaren 31ko 38/2015 Dekretuak aldatu zuen (apirilaren 9ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 65. zk).

Programa hogei urtez indarrean egon ondoren, beharrezkoa da dekretu berri bat egitea, haren edukia indarrean dagoen dirulaguntzen araudira egokitzeko. Era berean, dekretu honen babesean egindako deialdien izapidetze elektronikoa sustatzeko helburuarekin, euskal etxeek, interesdunen ordezkari gisa, erraztuko da izapideak modu telematikoan egin ahal izatea.

Dekretu honen babesean egiten diren deialdiak dagokion dirulaguntza-plan estrategikoan jasota egongo dira.

Ondorioz, Lehendakariaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2023ko azaroaren 14an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

  1. Dekretu honen xedea da euskal etxeetako bazkide gazteei zuzendutako Gaztemundu Programaren oinarriak arautzea norgehiagoka araubidearen arabera.

  2. Hauek dira Gaztemundu programaren helburuak:

    1. Euskal etxeetako gazteak egungo Euskadiren ezagutzan trebatzea eta sakontzea, eta haien eta Euskadin kokatutako erakunde, enpresa eta pertsonen arteko harremanak bultzatzea.

    2. Euskadin eta Euskaditik kanpo bizi diren euskal gazteen arteko harreman-sareak sustatzea, euskal etxeetan duten presentzia eta parte-hartzea aktibatuz.

    3. Diasporako gazteei zabaltzea egungo euskal errealitatearen ezagutza, euskal etxeen etorkizunarekin duten lotura eta konpromisoaren bidez.

  1. Gaztemundu programa euskal etxeetako bazkide gazteentzako egonaldi bat da Euskadin, egungo errealitatera hurbiltzeko eta etorkizunera begira proiektatzeko. Egonaldi horretan, hautatutako pertsonek parte hartu beharko dute lan-jardunaldietan, eztabaida-foroetan eta antolatzen diren bisita kultural, instituzional eta turistikoetan.

  2. Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako Idazkaritza Nagusiak bere gain hartuko ditu programaren gastuak, hala nola joan-etorriko bidaiak, egonaldia, mantenua, Euskal Autonomia Erkidegoaren barruko joan-etorriak, prestakuntzako eta aisialdiko jarduerekin lotutako gastuak eta programarekin hertsiki lotutako gainerako gastuak.

Programa honetako gastuak ordaintzeko baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legean ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira.

Gaztemundu programaren onuradun izan ahalko dira euskal etxeetako bazkide diren gazteak, ondorengo baldintzak betetzen badituzte:

  1. 18 eta 35 urte bitartean izatea deialdia egiten den urteko urtarrilaren 1ean.

  2. Bizilekua Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo izatea.

  3. Ofizialki aitortutako eta Euskal Etxeen Erregistroan inskribatutako euskal etxeetako bazkide izatea, gutxienez hiru urteko antzinatasunarekin deialdia argitaratzen den unean.

  4. Programaren urteko deialdian proposatutako gaiari edo gaiei buruzko ikerketa- edo azterketa-lan bat egina izatea.

    Onuradunak salbuetsita daude Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluko eskakizunak betetzetik.

  1. Onuradunak hautatzeko, euskal etxe bakoitzak aurkeztutako hautagaitzak alderatuko dira, eta bakoitzari puntuazio bat emango zaio, hurrengo artikuluan finkatzen diren balorazio-irizpideei jarraituz.

  2. Onartuak izateko eta hautaketa-fasera pasatzeko, hautagaiek gutxienez 40 puntu lortu behar dituzte.

  3. Onartutako hautagai-zerrenden artean, bat aukeratuko da euskal etxe bakoitzeko. Horrela, plaza librerik badago, euskal etxe bakoitzeko bigarren edo ondorengo hautagaitza hautatuko da, lortutako puntuazioaren arabera, plaza kopurua agortu arte.

Ebaluazio Batzordeak baloratuko ditu euskal etxeek aurkeztutako hautagaitzak, honako balorazio-irizpide hauen arabera:

  1. Azterketa- edo analisi-lanaren kalitatea. Aurkeztutako lanaren kalitatea eta deialdi bakoitzerako ezarritako gai zehatzarekin duen lotura baloratuko dira, eta, bereziki, dagokion gaiaren egungo egoera hobetzeko proposamenak, gehienez 40 punturekin.

  2. Genero-ikuspegia txertatzea. Hautagaiek aurkeztutako lanean genero-ikuspegia txertatzeagatik, 10 puntu emango dira, gehienez.

  3. Parte-hartze maila. Hautagaiek euskal etxean duten inplikazio eta erantzukizun maila baloratuko da, gehienez 40 punturekin, baremo honen arabera:

    Bazkidearen antzinatasuna partaide den erakundean 10 puntu, gehienez.

    Erantzukizuna eskatzen duten zereginetan jarduteagatik:

    Iraganean euskal etxea kudeatzen arduradun karguak izan dituztenei, baina ebazpen hau argitaratzen den egunean horrelakorik ez dutenei 5 puntu, gehienez.

    Ebazpen hau argitaratzen den egunean berariazko zereginen bat edo erantzukizunen bat dutenei zuzendaritza batzordeen alorretik kanpo, hala nola gazte-taldeetan, dantzetan, liburutegian eta abarretan 5 puntu, gehienez.

    Ebazpen hau argitaratzen den egunean, arduradun-karguak izatea zuzendaritza-batzordeetako kide gisa edo kudeaketa eginkizun orokorretan 10 puntu, gehienez.

    Ebazpen hau argitaratzen den egunean erakundeko arduradun-karguren bat izatea; adibidez, erakundeko presidente, idazkari edo diruzain 10 puntu, gehienez.

    Puntu bat emango da dena delako euskal etxeko bazkidetza-urte bakoitzeko, eta puntu bat ardurako karguan emandako urte bakoitzeko.

  4. Euskararen ezagutza. Eusko Jaurlaritzak homologatutako zentroen ziurtagirien bidez edo euskararen ezagutza edo ikasketa-urteak egiaztatzeko aukera ematen duten beste dokumentu batzuen bidez egiaztatzea baloratuko da. Gehienez 10 puntu emango dira, honela:

    Euskara maila egiaztatzeko egindako proba ofizialen bidez. 5 puntu emango zaizkio B1 maila egiaztatu duenari, eta 10 puntu B2 maila edo handiagoa lortu duenari.

    Euskal etxeko presidentearen egiaztagiri bidez, ikasten emandako ikasturteen arabera. Bi puntu emango zaie Etxepare Euskal Institutuak edo beste erakunde ofizial batek onartu eta finantzatutako ikasturte bakoitzeko (10 puntu, gehienez).

Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako Idazkaritza Nagusiari dagokio, Kanpoko Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzaren bitartez, programa honek dakartzan kudeaketa-lanak egitea.

  1. Dekretu honetan araututako egonaldi-programarako aldizkako deialdi publikoa egingo da, eta parte hartzeko balorazio-prozesua publizitate-, gardentasun-, objektibotasun-, berdintasun- eta diskriminaziorik ezaren printzipioen arabera egingo da.

  2. Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako idazkari nagusiaren ebazpen bidez egingo da deialdia.

  3. Ebazpen horrek honako hauek zehaztuko ditu: programa horretara bideratutako zenbatekoa, zer gairi buruzkoa izango den, programa gauzatzeko denbora-eremua, hautagaitzak aurkezteko epea eta modua, eskabideak aurkezteko eredua, eskainitako egonaldien gehieneko kopurua, hautagaitzak aurkezteko helbide elektronikoa, eta dekretu honen 11. artikuluan aipatzen den Ebaluazio Batzordea osatuko duten pertsonen izendapena.

  4. Deialdiaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritza Ofizialaren Aldizkarian argitaratuko da, eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratuko da.

  1. Interesdunek pertsonalki aurkeztu ahal izango dituzte hautagaitzak edo euskal etxe bati edo beste ordezkari bati eman ahal izango diote ordezkaritza. Zuzenbidean baliozkoa den edozein bitartekoren bidez egiaztatu ahal izango da ordezkaritza, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan ezarritakoaren arabera.

    Dagokion deialdi-ebazpenean jasoko den ereduan formalizatu ahal izango da ordezkaritza.

  2. Pertsonalki edo euskal etxea ez den beste ordezkaritza baten bidez aurkezten diren eskabideak Lehendakaritzan aurkeztuko dira, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako Idazkaritza Nagusian (Nafarroa kalea 2, 01007 Vitoria-Gasteiz), deialdiaren oinarrietan ezarritako inprimaki-ereduaren arabera, eta interesdunen eskura egongo dira www.euskadi.eus/euskaldunak web-orrian, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako edozein modutan.

  3. Euskal etxeek telematikoki aurkeztuko dute eskaera, dagokion deialdi-ebazpenean zehazten den helbidearen bidez, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dauden formularioak eta ereduak kontuan hartuta eta bertan ezarritako jarraibideei jarraikiz.

  4. Hautagaitzak aurkezteko eta ondorengo izapide guztiak egiteko, euskal etxeek BAK identifikazio eta sinadura elektronikoko doako sistema erabili beharko dute. Sistema hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri.

  5. Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira hautagai bakoitzarentzat:

    1. Adina eta bizilekua egiaztatzen dituen pasaportearen edo nortasun-agiriaren kopia.

    2. Ofizialki aitortu eta Euskal Etxeen Erregistroan inskribatutako euskal etxeren baten deialdia argitaratzen den unean gutxienez hiru urteko antzinatasuna duen bazkide dela egiaztatzen duen euskal etxearen ziurtagiria.

    3. Euskal etxearen txostena, pertsonak erantzukizun-eremuetan duen partaidetza-mailari buruzkoa.

    4. Programaren urteko deialdian proposatutako gaiari edo gairen bati buruzko ikerketa- edo azterketa-lana, deialdian bertan adierazten den moduan.

    5. Euskararen ezagutza egiaztatzen duten agiriak.

    6. Programa osoan parte hartzeko hautagaiaren zinpeko aitorpena, bai eta parte hartzearen ondoriozko erantzukizunak bere gain hartzearena ere; hargatik eragotzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko funts publikoekin finantzatutako programa batean parte hartzearen ondorioz izan ditzakeen erantzukizunak.

  6. Hautagaitzak, eskatutako dokumentazioarekin batera, erakunde eskatzaileak aukeratutako Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira. Era berean, prozeduratik eratorritako jardueretan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

Hautagaitzak behar bezala betetzen ez badira, edo aurreko artikuluan adierazitako dokumentazioarekin batera aurkezten ez badira, interesdunei edo haien ordezkariei hamar eguneko epea emango zaie akatsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko zaie ezen, hala egiten ez badute, ulertuko dela hautagaitzan atzera egin dutela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusitako moduan ebazpena eman ondoren.

  1. Deialdi bakoitzean aurkeztutako eskabideak aztertzeko, ebaluazio-batzorde bat eratuko da, eta honako hauek osatuko dute:

    Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzako titularra, lehendakaria izango dena.

    Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako Idazkaritza Nagusiari atxikitako bi pertsona, bokal gisa jardungo dutenak.

    Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako Idazkaritza Nagusiari atxikitako pertsona bat; idazkaritza-lanak egingo dituena, hitzarekin baina botorik gabe.

    Ebaluazio Batzorde horrek Gaztemundu programara aurkeztutako hautagaiak hautatzeko ebazpen-proposamena helaraziko dio ebazteko eskumena duen organoari, 5. eta 6. artikuluetan aurreikusitako balorazio-prozeduran eta balorazio-irizpideetan oinarrituta.

  2. Batzorde horrek, egoki baderitzo, bere kideei laguntzen dieten aholkulari espezialisten iritzia eskatu ahal izango du.

  3. Ebaluazio Batzordeak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak kide anitzeko organoentzat ezarritako arauen arabera jardungo du.

  4. Ebaluazio Batzordea osatuko duten pertsonak izendatzean, emakumeen eta gizonen presentzia orekatua bermatuko da, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.10 artikuluan xedatutakoaren arabera (1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena).

  5. Batzorde horretako kideak izendatzerakoan, ahal den neurrian, kontuan hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen ezagutza. Batzordeko kideek bi hizkuntza ofizialetako edozein erabili ahal izango dute.

  1. Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako idazkari nagusiak, Ebaluazio Batzordeak egindako proposamena ikusita, Gaztemundu programan aurkeztutako hautagaiak hautatzeko prozedura ebatziko du.

  2. Gerta litezkeen uko egite kasuei erantzuteko, ebazpenean zerrenda jaso ahal izango da, eskatutako gutxieneko puntuazioa gainditu arren hautatuak izatea lortu ez zuten hamar hautagairekin. Horretarako, dekretu honen 5. artikuluan ezarritakoa beteko da.

  3. Hautaketa-ebazpena jakinarazteko, argitara emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta parte hartzen duten euskal etxe bakoitzari egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» zerbitzuan. Bertan, zerrenda bat jasoko da programan parte hartzeko hautatutako hautagaiekin, izendatutako ordezkoekin, halakorik balego, eta hautatu gabeko pertsonekin.

  4. Gaztemundu programako hautagaitzak hautatzeko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, 6 hilabeteko epean, urteko deialdiaren ebazpena bertan argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro eta ebazpen espresurik jakinarazi ez bada, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitakoaren 51.9 artikuluan xedatutakoarekin, ulertu ahal izango da hautagaitza ezetsi egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

  5. Hautagaitzak hautatzeko ebazpenak amaiera emango dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote euskal etxeek egintza eman zuen organoari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintzaritza Ofizialaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean ezarritako eskumen-araubidearekin bat etorriz.

Gaztemundu programan parte hartzen duten pertsonek betebehar hauek izango dituzte:

  1. Programan parte hartzea onartzea. Onarpentzat hartuko da aukeratutako pertsonak adierazitako epean Euskadira bidaia-txartelak jasotzea. Eskatutako epean eta moduan erretiratzen ez bada, ulertuko da hautatutako pertsonak uko egin diola, eta esleipenetik eratorritako eskubideak galduko ditu.

  2. Euskadiko egonaldi-programako jarduera guztietan parte hartzea.

  3. Euskadin egindako egonaldia ahalik eta gehien zabaltzea euskal etxe horretako gazteei zuzendutako hitzaldien bidez, Gaztemundu Programa eta haren izaera publikoa berariaz aipatuz.

  4. Programan parte hartzeari buruzko aprobetxamendu-txostena aurkeztea, egonaldia amaitu eta sei hilabeteko epean, egoitza elektronikoko «Nire karpeta» zerbitzuaren bidez edota txostena Lehendakaritzara bidalita, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako Idazkaritza Nagusia (Nafarroa kalea 2, 01007 Vitoria-Gasteiz).

  5. Kanpoko Euskal Komunitatearen Zuzendaritzak sustatutako prestakuntza-egonaldiaren balorazioa betetzea, egonaldia amaitutakoan, egoitza elektronikoko «Nire karpeta» zerbitzuaren bidez, baldin eta onuradunak euskal etxe batek ordezkatuta aurkeztu badu bere hautagaitza, edo balorazioa Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako Idazkaritza Nagusira (Nafarroa kalea 2, 01007 Vitoria-Gasteiz) bidalita.

Gaztemundu programan parte hartzea bateraezina da helburu bererako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

Onuradunek ez badituzte betetzen dekretu honetan ezarritako baldintzak eta betebeharrak, programan parte hartzeko eskubidea galduko da, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio sortutako gastuen zenbatekoa eta dirulaguntzak itzultzearen ondoriozko berandutze-interesak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan itzulketei buruz araututakoa kontuan hartuta.

Betebehar horiek ez betetzea, dagokion zehapen-espedientea izapidetu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 62. artikuluan araututako arau-haustetzat jo ahal izango da, eta 63. artikuluan ezarritako zehapenetako bat eragin ahal izango du, baita gehienez ere bost urtez laguntzak jasotzeko desgaikuntza ere.

Indargabetuta geratzen da Gaztemundu programa arautzen duen abenduaren 23ko 316/2003 Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Dekretu honetan aurreikusi ez den guztian, administrazio-prozedurari dagokionez, urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko da.

Dekretu honetan aurreikusitakoaz gain, laguntza horiei honako hauek aplikatuko zaizkie: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko azaroaren 14an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.