Koordinazioa: Jaurlaritzaren Idazkaritza eta Harremanak Legebitzarrarekin
Jaurlaritzaren Idazkaritza eta Harremanak Legebitzarrarekin
Jaurlaritzaren Organo kolegiatuen jarduna antolatzea eta prestatzea, Legebiltzarrarekin eta Arartekoarekin harremanen arintasuna bermatzea, Euskadiko Aldizkari Ofizialean Erkidego Autonomo honen xedapenak eta ekitaldiak argitaratzea izango da jarduera sail honen ardura. Honez gain, Euskadiko Administrazio Publikoen agintarien sinadura legeztatzea dagokio, atzerrian eraginak izan behar dituzten agiriei dagokienez eta beste Administrazio batzuekin, entitateekin eta erakunde publiko eta pribatuekin sinatutako hitzarmenak eta akordioak erregistratzea.
Hitzarmen eta akordioen erregistroa
Sinatutako hitzarmenak: sinatzaileak, objektua eta behar ekonomikoak (XLS, 350 Kb.)
Osaketa
Lehendakariaren zuzendaritzapean, helburu politiko orokorrak ezartzen dituen eta Euskadiko Administrazioa zuzentzen duen organo kolegiatua da Jaurlaritza. Xede horrekin, legegintza jarduna, funtzio betearazlea eta arautzeko agintea ditu bere esku, Autonomia Estatutuaren eta Legearen arabera.
Lehendakariak eta berak izendatutako Sailburuek osatzen dute Jaurlaritza, hauen artean izendatu ditzake Lehendakari-orde 1. eta Lehendakari-orde bat edo gehiago, horrela egoki iritziko balio. Bi sexuek gutxienezko %40 ordezkaritza izango dute Jaurlaritzan.
Jaurlaritzaren eskumenak
Jaurlaritzari dagokio:
a) Lege Proiektuak onartzea Legebiltzarrera bidaltzeko edo bertan behera uzteko erabakitzea, Ganberaren Araudiak ezarritakoaren arabera.
b) Legegintza-Dekretuen bidez legegintzaren delegazioa betearaztea, Lege honek ezarritako terminoetan.
c) Eusko Legebiltzarrean jatorria duten Legeak garatzeko eta betearazteko Araudiak onartzea Dekretu bidez, eta baita Estatuko Legeei dagozkienak ere, eskumena betearaztea Autonomia Erkidegoari dagokionean Autonomia Estatutua betez, edo ordezkapen edo transferentzia bidez.
d) Erreferendumen deialdia baimentzea, Autonomia Estatutuak eskatutako tramiteak burutu ondoren.
e) Autonomia Erkidegoak Foru Lurralde Historikoekin sinatutako hitzarmenak baimentzea, eta bere kasuan onartzea, edota beste Autonomia Erkidegoekin hauen eskumenei bakarrik dagozkien zerbitzuak kudeatzeko eta eskaintzeko. Legebiltzarrari eman beharko zaio hitzarmenon berri, eta Legebiltzarra aurka agertu daiteke 20 egunen epean.
f) Lankidetza hitzarmenak ezartzea beste Autonomia Erkidego batzuekin, Eusko Legebiltzarrak berretsi beharko dituelarik.
g) Legebiltzarraren desegitearen gainean erabakitzea edo Lehendakariak Ganberaren aurrean planteatu nahi duen konfiantza-galderaren gainean.
h) Aurrekontu Orokorrak lantzea eta Legebiltzarrera bidaltzea eztabaidatu daitezen, eta bere kasuan, onartuak izan daitezen.
i) Estatuko Segurtasun Gorputzen eta Indarren interbentzioa eta interbentzioa etena eskatzea Autonomia Estatuaren 17., 6, a) artikuluaren terminoetan.
j) Euskadiko Administrazioaren goi-karguak izendatzea eta kargutik kentzea, dagokion Sailburuaren proposamenari jarraiki, eta designazio askeko gainontzeko karguak Lege honek horrela eskatzen duenean.
k) Legearen arabera, haren aurrean aurkeztu daitezkeen errekurtsoak erabakitzea.
l) Bere garrantzi edo izaeragatik Jaurlaritzaren ezagutza eta eztabaida eskatzen duten gaiez jakitea eta Autonomia Erkidegoak edo araudi juridikoak ematen dizkion beste guztiez ere.
m) Ertzaintzaren goi-agintea, Lehendakariaren bidez betearaziko duena.
n) Legebiltzarraren ebazpenak betearaztea, beharrezkoa denean.
ñ) Zerbitzu publikoen eta Autonomia Erkideagoaren mendeko diren Entitate eta Enpresa publikoen kudeaketa zaintzea.
o) Autonomia Erkidegoaren Ondarea administratzea, Legeak ezarritako mugetan.
p) Konstituziokontrakotasuneko errekurtsoen gainean eztabaidatzea eta aurkeztea erabakitzea, eta eragiten diotenean, eskumen-gatazken gainean ere.