Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila

Arautegia

Inprimatu

60/2012 DEKRETUA, apirilaren 24koa, Euskal Autonomia Erkidegoan gizakiek jateko ez diren animalia-jatorriko azpiproduktuen arloko eginkizunak antolatzeari eta banatzeari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Osasun eta Kontsumo Saila; Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 103
  • Hurrenkera-zk.: 2350
  • Xedapen-zk.: 60
  • Xedapen-data: 2012/04/24
  • Argitaratze-data: 2012/05/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Osasun eta kontsumoa; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Gizakiek jateko ez diren animalia-jatorriko azpiproduktuek (Gijedaja) osasun publikorako eta animalien osasunerako arriskuak sor ditzakete. Horregatik, eta animalien hainbat gaixotasun agertu zirelako, zenbait araudi ezarri ziren azpiproduktu horiek nola kontrolatu eta deuseztatu behar diren eta horiek berrerabiltzeko aukerarik badagoen arautzeko.

Arlo horretako erkidegoko araudi osoa bildu eta berrantolatu zuen (CE) 1774/2003 Erregelamenduak, Europako Parlamentuarenak eta Kontseiluarenak, 2002ko urriaren 3koak, gizakiek jateko ez diren animalia-azpiproduktuei (animalia-azpiproduktuak) aplika dakizkiekeen osasun-arauak ezartzen dituenak, eta 90/667/CEE Zuzentaraua indargabetzen duenak.

EAEn, erkidegoko araudia garatzeko eta aplikatzeko sortu zen 139/2005 Dekretua, uztailaren 5ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan sorturiko gizakiek jateko ez diren animalia-jatorriko azpiproduktuei eta sukalde-hondakinei buruzkoa. Dekretu horretan biltzen dira arlo horretako arau nagusiak eta horiek EAEn aplikatzeko antolaketa- eta eskumen-arauak.

Hainbat aldiz aldatu da aipatutako (CE) 1774/2002 Erregelamendu hori. Era berean, Batzordearen zenbait erabaki argitaratu dira arlo horretan. Azkenik, esan behar da erregelamendu hori ordeztu dutela (CE) 1069/2009 Erregelamenduak, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarenak, 2009ko urriaren 21ekoak (gizakiek jateko ez diren animalia-azpiproduktuei eta produktu deribatuei aplika dakizkiekeen osasun-arauak ezartzen ditu, eta (CE) 1774/2002 Erregelamendua indargabetzen) eta (UE) 142/2011 Erregelamenduak, Batzordearenak, 2011ko otsailaren 25ekoak, (CE) 1069/2009 Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituenak.

Hortaz, zuzenean aplikatu beharreko erkidegoko araudiak (erregelamenduak eta erabakiak) guztiz baztertu du 139/2005 Dekretua, uztailaren 5ekoa. Gainera, ez ditu arau horren puntu batzuk soilik baztertu; aitzitik, osorik baztertu du, arlo hori erkidego-mailan arautu delako neurri handian, erkidegoko arau nagusiak eta erabakiak oso zehatzak direlako, eta maiz egokitzen direlako sortzen diren egoera berrietara.

Araudi nagusia erkidegoko erregelamenduek eta erabakiek eta estatuko oinarrizko legediak ezartzen badute ere, EAEko herri-administrazioek araudi guzti hori egiaztatu eta kontrolatu behar dute. Hori horrela, aipatutako dekretua indargabetu behar da, eta beste berri bat ezarri, EAEn eginkizunak antolatzeko eta banatzeko araudia ezarriko duena, eta arlo horretako araudia aplikatuko duena. Horixe da, hain zuzen ere, dekretu honen xedea. Arau horiek ezartzeko orduan, kontuan hartu da uztailaren 5eko 139/2005 Dekretua aplikatzerakoan izandako esperientzia.

Indargabetu egiten da, baita are, 55/2003 Dekretua, martxoaren 4koa, Euskal Autonomia Erkidegoan esne gordina ekoizteko higiene eta osasun-baldintzak kontrolatzeari eta ebaluatzeari buruzkoa. Arau hori guztiz gainditu eta baztertu dute erkidegoko araudiak eta estatuko oinarrizko araudiak, eta arriskutsua da segurtasun juridikorako; hortaz, dekretu honen bidez, aipatutako arau hori ere indargabetzen da.

Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko foru-aldundiei iritzia eskatu zaie dekretu hau egiteko garaian, bai eta nekazaritza eta industria-sektoreko lanbide-erakundeei eta elkarteei ere.

Horrenbestez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Osasun eta Kontsumoko eta Lurralde plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuen proposamenei jarraiki, eta Gobernu Kontseiluak 2011ko apirilaren 24an egindako bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren, honako hau xedatzen da.

Dekretu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan eginkizunak antolatzea eta banatzea gizakiek jateko ez diren animalia-azpiproduktuen eta produktu deribatuen arloko araudia aplikatzeko.

  1. Dekretu honen aplikazio-esparruan sartzen dira gizakiek jateko ez diren animalia-azpiproduktuak eta produktu deribatuak identifikatzeko, sailkatzeko, biltzeko, garraiatzeko, biltegiratzeko, manipulatzeko, eraldatzeko eta erabiltzeko, deuseztatzeko eta merkaturatzeko lanak, (CE) 1069/2009 Erregelamenduari jarraiki, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarenari, 2009ko urriaren 21ekoari, gizakiek jateko ez diren animalia-azpiproduktuei eta produktu deribatuei aplika dakizkiekeen osasun-arauak ezartzen dituenari, eta (CE) 1774/2002 Erregelamendua indargabetzen duenari.

    Dekretu honen aplikazio-esparrutik kanpo gelditzen dira honako hauek:

    1. Aurreko atalean aipatutako lanak, nekazaritza-ustiategietan gauzatzen badira.

      3. kategoriako eraldaketa-fabrikak, animaliak elikatzeko lehengaiak soilik ekoizten dituztenak, eta lehengai horiek biltegiratzen dituzten establezimenduak.

      Dekretu honetan aipatzen den garraioa, gizakiek jateko ez diren animalia-jatorriko azpiproduktuei dagokienez, 1., 2. eta 3. kategorietako eraldatu gabeko materialetara mugatzen da. (CE) 1069/2009 Erregelamenduan, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarenean, 2009ko urriaren 21ekoan, adierazten da zein diren material horiek.

  2. Dekretu honen lurraldeko aplikazio-esparruan sartzen dira EAEn gauzatzen diren lan eta EAEn lan egiten duten eragile guztiak.

  1. Elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak izango du honako eginkizun hauek betetzeko eskumena:

    1. Dekretu honetan eta gizakiek jateko ez diren animalia-jatorriko azpiproduktuei buruzko gainerako araudian xedatutako prebentzio, zaintza eta kontrol-neurriak koordinatzea.

    2. Baimenak ematea Gijedaja establezimenduei; aurrez, instalazioei dagokien lurralde historikoko foru-aldundiaren txostena jaso beharko du.

    3. Egoitza soziala EAEn duten ibilgailuak edo garraio-enpresak erregistratzea.

      2. kategoriako materiala eraldatzen duten industrietan denbora batez 1. kategoriako materiala eraldatzeko baimena ematea; aurrez, dagokion foru-aldundiaren txostena jaso beharko du.

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko establezimenduei baimena ematea beste autonomia-erkidego edo estatu batzuetako 1. eta 2. kategoriako materialak eraldatzeko.

    2. Beste autonomia-erkidego edo estatu batzuetatik datorren 1. eta 2. kategoriako materialarekin irinak eta gantzak erabilera teknikorako balioztatzeko edo erabiltzeko baimena ematea (artikulu honen 2.b) atalean jasotakoa izan ezik).

    3. EAEn sortutako 1. eta 2. kategoriako materiala beste autonomia-erkidego edo estatu batera eramateko baimena ematea hori deuseztatzeko edo eraldatzeko.

    4. EAEn sortutako 1. eta 2. kategoriako materialarekin egindako irinak eta gantzak beste autonomia-erkidego edo estatu batera eramateko baimena ematea horiek deuseztatzeko edo balioztatzeko.

    5. Hildako animalien larruak eta adarrak kentzeko baimenak ematea gizakien eta animalien osasunerako kalterik ez dagoela bermatzeko neurriak hartu direnean.

    6. EAEko Gijedaja Koordinatzeko Mahaiko presidente izatea.

  2. Ingurumen-kalitatearen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak izango du honako eginkizun hauek betetzeko eskumena:

    1. Energia balioztatzeko eta deuseztatzeko industriak baimentzea eta kontrolatzea.

    2. Biogaseko edo konpostatzeko fabrikak baimentzea eta kontrolatzea.

    3. Beste autonomia-erkidego edo estatu batzuetan ekoiztutako 1., 2. eta 3. kategorietako materialekin egindako irinak eta gantzak EAEko industrietan errausketaren edo baterako errausketaren bidez deuseztatzeko baimenak ematea.

  3. Osasun publikoaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak izango du honako eginkizun hauek betetzeko eskumena:

    1. Bermatzea gizakiek jateko ez diren animalia-jatorriko azpiproduktuak ekoizten dituzten establezimenduek establezimenduan bertan manipulatzen dituztela haien instalazioetan sortutako edo gordetako azpiproduktuak, gizakiek jateko produktuak ez kutsatzeko. Halaber, egiaztatzea establezimendu horiek modu egokian kentzen dituztela gizakiek jateko ez diren animalia-jatorriko azpiproduktuak baimendutako enpresa baten bidez.

    2. Animalia susmagarriak eta zuzenean deuseztatzekoak direnak hiltzeko baimena ematea hiltegiei.

    3. Aurretiaz koloreztatu gabe dagoen 1. kategoriako materiala deuseztatzeko baimena ematea, eta 1. kategoriako materiala ateratzeko baimena ematea irakaskuntzarako, ikerketarako, azterketa berezietarako edo analisietarako; betiere, produktu horiek ez badira gizakiek edo animaliek jateko erabiliko, ikerketa-proiektuetan horiek erabiltzeko baimena ematen ez bada behintzat.

    4. Bizkarrezurdun behi-kanalak hiltegitik ateratzeko baimena ematea indarrean dagoen gutxieneko adinaren arabera.

    5. Kanal horiek jaso ditzaketen establezimenduen baldintzak baimentzea eta ikuskatzea, bai eta horietan material arriskutsu gisa jotako materialak ateratzea ere.

  4. Foru-aldundietako dagozkien organoek izango dute honako eginkizun hauek betetzeko eskumena:

    1. kategoriako materialak eraldatzeko fabriketan gizakiek jateko ez diren animaliak hiltzeko baimena ematea.

    1. Urrutiko guneetatik datorren 1. kategoriako materiala eta hondakinak «in situ» lurperatuz deuseztatzeko baimena ematea.

    2. Goroztegiak jartzeko baimena ematea, indarrean dagoen legediaren arabera, hegazti nekrofagoak elikatzeko 1. kategoriako materiala duten animalien bidez.

    3. Maskota-animaliak ehorzteko baimena ematea.

    4. Beste autonomia-erkidego edo estatu batetik datorren eta EAEko eraldaketa-fabrika batera doan 1. eta 2. kategoriako materiala kontrolatzea eta horren jarraipena egitea.

    5. Beste autonomia-erkidego edo estatu batetik datorren 1. eta 2. kategoriako produktu eraldatua kontrolatzea eta horren jarraipena egitea.

    6. Hildako animalien larruak eta adarrak kentzeko prozesuak gainbegiratzea aurrez baimena eman bada artikulu honetako 1.i) puntuan ezarritakoaren arabera.

    7. Dekretu honetan aurreikusitako txostenak egitea.

    8. Baimendutako establezimenduetan kontrolak egitea dekretu honetako 3. artikuluaren 1. atalari jarraikiz, eta material horiek garraiatzea horiek edozein tokitan ekoiztu direla ere. Halaber, kontrol horien emaitzak helarazi beharko dizkiote urtero elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen zuzendaritzari. Osasun publikoaren alorrean eskumena duen zuzendaritzari ere igorri beharko dizkiote emaitzak gizakien osasunean eragina izan badezakete. EAEko Gijedajaen Kontrol Planean xedatutakoaren arabera egingo dira kontrol horiek.

    9. Agintari eskumendun gisa jardutea (UE) 142/2011 Erregelamenduaren, Batzordearenaren, 2011ko otsailaren 25ekoaren, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren (CE) 1069/2009 Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituenaren, IV. eranskinaren III. Kapituluko 7. metodoan aurreikusitako ondorioetarako.

  1. Dekretu honetako I. eranskinean jasotako ereduaren araberako baimen-eskabidea aurkeztu beharko diote zuzendaritza eskumendunari haien eginkizunen arabera, dekretu honetako aurreko artikuluari eta arlo honetan indarrean dagoen gainerako legediari jarraiki, aurretiazko baimena behar duten langileek.

  2. Eskabideak baldintza guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, zuzendaritza eskumenduneko titular den pertsonak azaroaren 26ko 30/1992 Legearen, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen, 42. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz egindako ebazpena eman ondoren.

  3. Edonola ere, zuzendaritza eskumendunak, aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskabidea izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako argibide eta/edo agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari.

  4. Behin aurkeztutako eskabideak eta dokumentazioa aztertu ondoren, dagokion foru-aldundiari igorriko zaio espedientea hark txostena eman behar badu. Hala badagokio, foru-aldundiaren txostena aztertu ostean, eskabidea ebatziko du zuzendaritza eskumenduneko titularrak.

  5. Gehienez ere, sei hilabeteko epean emango eta jakinaraziko da ebazpena, eskabidea aurkeztu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoaren, 42. artikuluaren 5. atalean ezarritako etete-egoeretako bat gertatzen ez bada behintzat. Epe hori igaro ondoren ebazpenik izan ezean, interesdunek eskabideak baietsi direla pentsatu ahal izango dute, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoaren, 43. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.

  6. Baimena emateko edo ezesteko ebazpenaren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio sailburuordetza eskumenduneko titularrari hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen duen egunaren biharamunetik hasita, horrela ezartzen baitu Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 114. eta 115. artikuluetan.

  1. Dekretu honen esparruan gauzatuko diren kontrol guztiek bete beharko dute agintari eskumendunek horretarako sortuko duten EAEko Gijedajaen Kontrol Planean xedatutakoa.

  2. Parte hartuko duten agintari eskumendun guztien kontrol-lanak koordinatzeko, EAEko Gijedaja Koordinatzeko Mahaia sortuko da. Elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen saileko pertsona titularraren agindu bidez ezarriko da mahai horrek nola funtzionatuko duen eta zer osaera izango duen.

  3. Foru-aldundiek egin beharko dizkiete honako kontrol hauek, bakoitzak bere lurraldean, dekretu honetan araututako fabrikei, EAEko GIJEDAJAEN Kontrol Planari jarraiki:

    1. Indarrean dagoen legedian Gijedaja establezimenduentzat eta eragileentzat ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzea.

    2. Establezimendu horietan prozesatuko diren lehengaiak kontrolatzea, bai eta horien jatorria eta hornitzaileak ere.

    3. Biltzeko eta garraiatzeko prozesuetan erabiliko diren edukiontziak eta ibilgailuak garbitzen eta desinfektatzen direla zaintzea.

      Urtero, aldi horretan zehar industria horiei egindako ikuskatzeen zerrenda bat igorri beharko diote elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzari, EAEko Gijedajaen Kontrol Planari jarraiki, eta adierazi beharko dute zer urritasun nagusi aurkitu dituzten, eta zer neurri hartu diren horiek konpontzeko.

  4. Foru-aldundiek, bakoitzak bere lurraldean, gutxienez urtean behin kontrolatu beharko dituzte dekretu honen arabera gizakiek jateko ez diren animalia-jatorriko azpiproduktuak garraiatzeko erabiliko diren ibilgailu erregistratu guztiak.

  5. Elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen zuzendaritzak gainbegiratu beharko ditu dekretu honetan aipatutako erregistroak, EAEko Gijedajaen Kontrol Planari jarraiki, horien trazabilitatea egiaztatze aldera.

  1. Gizakiek jateko ez diren animalia-azpiproduktuak biltzen dituzten enpresek eta ibilgailuek, EAEn lan egin nahi badute, aurretiaz jakinarazi beharko dute; hortaz, lanean hasi aurretik, dagokion informazioa aurkeztu beharko diote, dekretu honen II. eranskinean jasotako ereduari jarraiki, elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen zuzendaritzari.

  2. Behin aurkeztutako dokumentazioa aztertutakoan, elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen zuzendaritzak ibilgailuak erregistratuko ditu, eta dagokion foru-aldundiak EAEko Gijedajaen Kontrol Planean ezarritako kontrolak egingo dizkie haien egoitza sozialean indarrean dagoen legedian ezarritako eskakizunak betetzen dituztela egiaztatzeko.

  3. Garraio-enpresek erregistro batean jasoko dituzte establezimendu hornitzaileak eta egunero biltzen duten bolumena, eta azpiproduktuak garraiatzeko dauzkaten ibilgailu guztien zerrenda bat egingo dute. Etengabe eguneratuko dira dokumentu horiek, eta, horietan aldaketarik egonez gero, hala jakinaraziko diote elikagaien arloan eskumena duen zuzendaritzari.

  4. Baimendutako eraldaketa edo errausketa-industriek soilik kendu ahal izango dute 1. kategoriako materiala, haien kasa edo horretarako izendatuko dituzten garraiolarien edo enpresen bidez.

  1. Behar diren neurriak hartu beharko dira honako hauek bermatzeko:

    1., 2. eta 3. kategorietako materialak bereizita eta identifikatuta daudela, eta biltzeko eta garraiatzeko lanetan horrela mantentzen direla.

    1. Eraldatutako animalia-produktuak identifikatuta daudela, bereizita mantentzen direla eta garraio-lanetan zehar oraindik identifika daitezkeela.

  2. Garraioan zehar, etiketa bat jarri beharko da ibilgailuan, edukiontzietan, kutxetan edo biltzeko beste materialen batean, indarrean dagoen legediak material-mota bakoitzarentzat ezarritako kolorea eta legenda izango dituena.

  3. Enpresak erabiliko duen merkataritza-agirian ere jaso beharko dira aurreko atalean aipatutako legendak.

  1. Ontzi berri zigilatuetan edo ibilgailu edo edukiontzi hermetikoetan bildu eta garraiatu beharko dira animalia-azpiproduktuak eta produktu eraldatuak, ez dadin batere galdu eta gizakien edo animalien osasunerako arriskurik ez sortzeko.

  2. Honako lan hauek egin behar dira animalia-azpiproduktuak edo animalia-produktu eraldatuak ukitu dituzten eta berriz erabil daitezkeen ibilgailuekin eta edukiontziekin eta ekipamenduko elementu eta tresna guztiekin:

    1. Garbitu eta desinfektatu egin behar dira materiala deskargatzen den bakoitzean.

    2. Garbi eta lehor egon behar dute berriz erabili aurretik.

  3. Berriz erabil daitezkeen edukiontziak kategoria bakarreko materiala garraiatzeko erabiliko dira kutsadura gurutzatua saihesteko beharrezkoa bada.

  4. Ibilgailu berean kategoria desberdinetako materialak garraiatu ahal izango dira behar bezala bananduta eta identifikatuta daudela eta ontzi estankoetan gordeta daudela bermatzen bada.

  1. Animalia-azpiproduktuak eta animalia-produktu eraldatuak garraiatzeko orduan, merkataritza-agiria eraman beharko da horiekin batera. Behar bezala beteta egon behar du, eta honako informazio hau jasoko du gutxienez:

    1. Materiala establezimendutik irten deneko data.

    2. Materialaren deskribapena, dagokion kategoria barne, bai eta animalia-espeziea ere 3. kategoriako materiala bada, eta animaliaren marka aurikularreko zenbakia hala badagokio.

    3. Materialaren kopurua, hots, horren bolumena, pisua edo ontzien kopurua.

    4. Materiala nondik datorren; jatorriko establezimendua adierazi beharko da.

    5. Garraiolariaren izena eta helbidea, eta materiala garraiatzen duen ibilgailuaren matrikula.

    6. Materialaren hartzailearen edo jasotzailearen izena eta helbidea, eta, hala badagokio, haren baimen edo erregistro-zenbakia.

    7. Hala badagokio:

      Jatorriko establezimenduaren baimen-zenbakia.

      Tratamenduaren izaera eta metodoak.

  2. Dokumentu horren hiru kopia aurkeztu beharko dira gutxienez (zehazki, jatorrizkoa eta bi kopia). Jatorrizkoa bidalketarekin batera eraman beharko da amaierara arte, eta hartzaileari eman beharko zaio. Hartzaileak gorde egin behar du. Jatorriko establezimenduak gordeko du kopietako bat, eta bestea, berriz, garraiolariak.

  3. Erkidegoan barnako garraioa bada, merkataritza-agiri espezifiko bat eraman beharko da salgaiekin batera; indarrean dagoen legediak ezarritako gutxieneko edukiak jaso beharko ditu.

  1. Animalia-azpiproduktuak sortzen, garraiatzen edo jasotzen dituztenek artxibatuta gorde beharko dute, bi urtez gutxienez, animalia-azpiproduktu horiei dagokien dokumentazio guztia.

  2. Agintari eskumendunek edozein unetan eskatu ahal izango dute dokumentazio hori.

  1. Dekretu honetan aurreikusitako establezimenduek autokontrolerako sistema bat erabili beharko dute Gijedajaen arloan indarrean dagoen legediak xedatutakoa betetzen dela bermatzeko.

  2. Establezimenduez arduratzen diren pertsonek eta horien jabeek autokontrolerako prozedura jarraitu bat edo batzuk ezarriko, aplikatuko eta mantenduko dituzte. Prozedura horiek diseinatzerakoan, kontuan hartuko dituzte Arriskuen Azterketako eta Kontrol Puntu Kritikoen (AAKPK) printzipioak, betiere, establezimendu horiek honako jarduera hauetako bat gauzatzen badute:

    Animalia-azpiproduktuak prozesatzen badituzte.

    Animalia-azpiproduktuak biogas edo konpost bihurtzen badituzte.

    Kategoria bateko baino gehiagotako animalia-azpiproduktuak edo produktu deribatuak manipulatzen eta biltegiratzen badituzte establezimendu edo fabrika berean.

    Maskota-animalientzako elikagaiak ekoizten badituzte.

    Dagokion lurralde historikoko foru-aldundiak baliozkotu beharko ditu autokontrolerako sistemak, Arriskuen Azterketako eta Kontrol Puntu Kritikoen (AAKPK) printzipioetan oinarritutakoak barne.

  3. Gizakiek jateko ez diren animalia-jatorriko azpiproduktuen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak egongo ditu ondorengo ikuskatzeak dekretu honetan jasotako establezimenduetan, zuzendaritza horrek landutako Kontrol Programari jarraiki. Hortaz, establezimenduek baliozkotzeko prozedura dokumentatu egokiak ezarri beharko dituzte autokontrolerako planean jasotako elementuak eraginkorrak direla egiaztatu ahal izateko.

  4. Establezimenduek erregistro-sistema bat izango dute, autokontrolerako sistemako jarduera guztiak idatziz gordetzeko, eta agintari eskumendunak erregistro-sistema horretan sartu ahal izango du.

Establezimenduek laguntza-planak eduki beharko dituzte autokontrolerako sistemak funtziona dezan, eta horren oinarri izango dira. Honako hauek izan daitezke laguntza-planak:

  1. Fabrikazioko jardunbide egokien gidaliburua.

    Lanerako jarraibideak zehaztuko dira, prozesuko etapa bakoitzerako lan-prozedura egokiak jasoko dituztenak. Horien artean jasoko dira langile manipulatzaileen higieneari eta janzkerari buruzko xehetasunak eta enpresa bakoitzaren eta prozesuko fase bakoitzaren lan-jarraibide zehatzak.

  2. Garbiketa eta desinfekzio-plana.

    Lanerako jarraibideak zehaztuko dira, prozesuko etapa bakoitzerako lan-prozedura egokiak jasoko dituztenak. Horien artean jasoko dira langile manipulatzaileen higieneari eta janzkerari buruzko xehetasunak eta enpresa bakoitzaren eta prozesuko fase bakoitzaren lan-jarraibide zehatzak.

  3. Izurriak kontrolatzeko plana.

    Lanerako jarraibide espezifikoak zehaztuko dira izurrien prebentziorako eta kontrolerako prozedurak ezartzeko; borroka-prozedura aktiboak eta pasiboak jasoko dituzte.

  4. Prestakuntza-plana.

    Autokontrolerako sistemaren esparruan, langile guztiek zein eginkizun dagokien ongi dakitela bermatuko da, eta une oro horri buruzko beharrezko informazioa eta prestakuntza dutela.

  5. Makinak eta instalazioak mantentzeko plana.

    Lanerako jarraibideak zehaztuko dira, eta horietan jasoko da zer mantentze-prozedura gauzatuko diren erabiltzen diren makinetan eta enpresaren instalazioetan. Prozedura horiek ulertzeko eta aplikatzeko informazio garrantzitsua ere jasoko dute.

  6. Produktuen trazabilitatearen plana.

    Dokumentu-sistema bat landuko da lehengaiak eta amaitutako produktuak identifikatu ahal izateko, biak elkarrekin lotuta. Sistemak aukera eman behar du zehaztasunez jakin ahal izateko produktu bakoitza zer lehengaiekin egin den. Halaber, amaierako produktuaren ibilbidea banaketa-puntura arte jarraitzeko aukera eman behar du sistemak.

  7. Hornitzaileak kontrolatzeko plana.

    Lehengaiak, zerbitzuak eta laguntza-materialak hornitzen dituzten enpresei zer ezaugarri eskatzen zaizkien adieraziko da plan dokumentatu batean, horiek egokiak eta seguruak direla bermatzeko.

  1. Dekretu honetan jasotako aginduak ez betetzea arau-hauste administratibo izan daiteke, eta dagokion zehapena eragingo du, honako hauei jarraiki: apirilaren 24ko 8/2004 Legeari, animalien osasunari buruzkoari; ekainaren 22ko 1945/1983 Errege Dekretuari, kontsumitzaileen defentsaren eta nekazaritzako eta elikagaigintzako ekoizpenaren arloko arau-hausteak eta zehapenak ezartzen dituenari; abenduaren 23ko 17/2008 Legeari, EAEko nekazaritza eta elikagaigintza-politikari buruzkoari; eta aplikagarri gerta daitekeen gainerako araudiari jarraiki.

  2. Zehapen-araubideari dagokionez, honakoetan xedatutakoa hartuko da kontuan: azaroaren 26ko 30/1992 Legean, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearenean; otsailaren 20ko 2/1998 Legean, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zehapen Ahalmenari buruzkoan; eta aplikagarri gerta daitekeen gainerako araudian xedatutakoa.

  3. Jarraian aipatzen diren arauen arabera eskumena duen organoak gauzatuko du zehapen-ahalmena: dekretu honen arabera; azaroaren 25eko 27/1983 Legearen, autonomia-erkidegoko erakundeen eta bertako lurralde historikoetako foru-organoen arteko harremanei buruzkoaren, arabera; Osasun eta Kontsumo eta Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza sailen egitura organikoa ezartzen duten dekretuen arabera.

  4. Arau-haustearen larritasunaren arabera eta aplikagarri den legearekin bat etorriz erabakiko da dagokion jarduera aldi baterako eten edo bertan behera utzi behar den, jarduera egiteko baimena kendu behar den, edo enpresa, instalazioa, establezimendua, ustiategia edo industria itxi egin behar den.

  5. Xedapen honetan ezarritakoaz gainera, erantzukizun kriminala sor daiteke osasun publikoaren kontrako delituengatik.

Lehenengoa. Dekretu honen aplikazioak bere baitan dakarren edozertan, pertsona fisikoek eta pertsona juridikoen ordezkariek herri-administrazioekin euskaraz edo gazteleraz egiteko eskubidea dute bai idatziz bai ahoz, eta aukeratzen duten hizkuntzan erantzungo zaie. Eskubide hori bermaturik izango dute.

Bigarrena. Administrazio eskumendunek dekretu honetan jasotako prozedurak egokituko dituzte herritarrek bitarteko elektronikoak erabili ahal izateko eta haien artean datuak trukatzea errazteko, administrazio-izapideak errazte eta arintze aldera.

Dekretu hau indarrean sartzen den unean gizakiek jateko ez diren animalia-jatorriko azpiproduktuak garraiatzeko baimena duten garraio-ibilgailuak ofizioz erregistratuko dira. Halere, elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen zuzendaritzak dokumentazio gehigarria eskatu ahal izango die, edo agintari eskumendunak beharrezko irizten dituen kontrolak eta egiaztapenak egin ahal izango ditu.

Lehenengoa. Indargabetu egiten da 139/2005 Dekretua, uztailaren 5ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan sorturiko gizakiek jateko ez diren animalia-jatorriko azpiproduktuei eta sukalde-hondakinei buruzkoa.

Bigarrena. Indargabetu egiten da, baita are, 55/2003 Dekretua, martxoaren 4koa, Euskal Autonomia Erkidegoan esne gordina ekoizteko higiene eta osasun-baldintzak kontrolatzeari eta ebaluatzeari buruzkoa.

Lehenengoa. Dekretu hau aplikatzeko behar diren xedapenak agindu bidez ezartzeko ahalmena ematen zaie, bakoitzari bere eskumenen esparruan, Osasun eta Kontsumoko sailburuari eta Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza sailburuari.

Bigarrena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean dekretu hau. Hala eta guztiz ere, aplikagarri izango da 2011ko martxoaren 4tik aurrera.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko apirilaren 24an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Osasun eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER RAFAEL BENGOA RENTERÍA.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARíA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.

(Ikus .PDF)