Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Siracusa

Italiako hiria, Siziliako hegoaldean, izen bereko probintziako hiriburua. 122.857 biztanle (1987). Industria (kontserbak), arrantza eta turismoa dira ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarriak dira, besteak beste, Ortigiako katedrala, Apoloren tenpluaren aztarnak (K.a. 565), Montalto jauregia (XIV. m.), Bellomo eta Parisio jauregiak (XII–XV m. bitarteko estilo gotikoa), Giovanni Vermexio–ren Herri jauregia (1628) eta Luciano Ali–ren Beneventano del Bosco jauregia (1775).  v  Historia. Siziliako lehenengo hiria izan zen (K.a. 734. urtean sortua). Hasieran greziar aitonen semeen esku izan zen, baina K.a. 486. urtean bertako herritarrek (siculi) eskuratu zuten aginpidea. K.a. 485–478 bitartean greziar aitonen semeei laguntzera joan zen Gelon tiranoaren agindupean egon zen; haren agintaldian kartagotarren aurkako borroka irabazi zuen eta mendebaleko metropoli nagusietako bat bihurtu zen. Gelon eta haren anaiaren agintaldien ondoren demokrazia ezarri zen Siracusan (K.a. 466). Geroago kartagotarrak Sizilian sartu ziren, baina Dionisio Zaharra jeneralari esker ezin izan zuten Siracusa hartu. Dionisio Zaharrak diktadura ezarri zuen (K.a. 405-K.a. 367) eta haren agintaldian Siracusa Greziako eta Mediterraneo osoko hiri nagusietakoa izan zen; Dionisio Gaztea (Dionisio Zaharraren semea) aginpidean zegoela, ordea, gerra zibila piztu zen eta gerra amaitzean Timoleon korintiarrak aginpidea hartu eta oligarkia ezarri zuen Siracusan. K.a. 317. urtean Agatoklek Siracusako inperioa sortu zuen (K.a. 317-K.a. 289) eta K.a. 211n Siracusa Erromako probintziaren hiriburu bihurtu zen. K.o. 878an arabiarrek hartu zuten eta gero erromatarren, bizantziarren, normandiarren, suebiarren eta espainiarren mendean egon zen.