Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Siria

(Izen ofiziala, Siriako Arabiar Errepublika). Asiako hego-mendebaldeko estatua, Mediterraneo itsasoaren ekialdeko ertzean. 185.180 km2 eta 19.747.586 biztanle (1999, siriarrak). Mugak: iparraldean, Turkia; ekialdean eta hego-ekialdean, Irak; hegoaldean, Jordania; hego-mendebaldean, Israel eta Libano; mendebaldean, Mediterraneo itsasoa. Hiriburua: Damasko. Hiri nagusiak: Alep, Homs, Latakia eta Hama. Hizkuntza ofiziala: arabiera. Etniak: arabiarrak, % 88,8; kurduak, % 6,3; besteak, % 4,9. Erlijioa: islama, % 89,6; kristaua, % 8,9; besteak, % 1,5. Dirua: Siriako libra. ■ Biztanleak. Siriako biztanle gehienak Arabiako eta Mesopotamiako semiten ondorengo arabiarrak dira. Baina arabiar jatorriko siriarrez gainera, kurduak, armeniarrak eta turkiarrak ere bizi dira Siriako lurretan. Siriar gehienak sartaldean bizi dira, hiriburuan eta kostaldean batez ere, eta baita ipar-ekialdean ere, Eufrates ibaiaren ertzetan eta haren adarretan. Biztanleen erdia baino gehiago hirietan bizi da, Damaskon eta Alepen gehienak. Azken urteetan milioi bat siriar inguru Libanora eta Golkoko petrolio herrialdeetara joan dira lanera, eta langile horiek milaka milioi bidaltzen dituzte urtero Siriara. Siriako gizarte laguntzak nolabaiteko babesa ematen die zaharrei, ezinduei, lanean zaurituei eta eriei. Osasun zerbitzuak dohain dira zerbitzu pribatuak ordaintzerik ez dutenentzat, eta oro har, herrialdearen osasun egoera hobetzen ari da. Gaur egun, Siriako 15 urtetik gorako gizonezkoen % 76 eta emakumezkoen % 45 alfabetatuak daude. Politika ez ezik, osasuna eta irakaskuntza ere gudarostearen ardurapean daude; soldadutza nahitaezkoa da, 30 hilabetez. ■ Ekonomia. Siriako ekonomiak, Hafiz al-Asad lehendakariaren ezaxolakeria dela-eta, ez du denbora askoan aurrera egin. Ekonomia sozialistaren garaian (1963-1970) herrialdea azpiegitura egokiez hornitu zuten. al-Asad aginpidera iritsi zenean, berriz, inbertsioek hartu zuten lehentasuna (1970-1978). Baina ekonomia krisiarekin (1979-1988) agerian geratu zen sistemaren liberalizazioa ezinbestekoa zela. 1991n hasi zen liberalizazioak barne merkatuaren beharrak gutxitu zituen, enpresa pribatuak sustatzen baitzituen. Hala ere, Siria Golkoko herrialde petrolio ekoizleen mende dago. Golkoko gerran (1990-1991) Iraken kontrako nazioarteko koalizioan parte hartu zuen Siriak, eta horrek onura nabarmenak ekarri zizkion: arabiar herriekin zituen mila milioi dolarreko zorra ezeztatu eta bi mila milioi dolarreko laguntzak onartu zitzaizkion. Gudarosterako aurrekontuak pisu handia izan du beti Siriako aurrekontu orokorrean, % 8,7 gutxi gorabehera. Merkataritza harremanei dagokionez, Europar Batasuneko herrialdeekin bideratzen ditu batez ere gaur egun. Nekazaritzak BPGren % 30 hartzen du. Herrialdeko bertako beharrak asetzen baditu ere, nekazaritza gaien ekoizpena nahiko apala da. Kotoia da ekoizten den gai nagusia. Petrolioari dagokionez, eguneko 600.000 upel inguru ustiatzen dira, eta horren erdia, gutxi gorabehera, esportatu egiten da. Gas naturaleko hobi garrantzitsu bat aurkitu da Palmirako eskualdean. Hidrokarburoek, bestalde, esportazioen % 70 hartzen dute. Turismoa gorantz doan sektorea da. Munduko Diru Funtsak eta Munduko Bankuak zenbait neurri jarri dute abian, helburu nagusia banku pribatuak zabaltzea eta zerga sistemaren erreforma bultzatzea dutenak. ■ Historia. Antzinako Siria. Pentsatzen denez Siria inguruko lurraldeetan sortu ziren munduko lehen zibilizazioak. Mesopotamiako eta Egiptoko zibilizazio handiak sortu zirenean, bien arteko zubi izan zen Siriako lurraldea. K.a. 2000. urte ingurutik aurrera, hurrenez hurren, kanaandarrak (feniziarrak barne), amorriarrak, hurritak, arameiarrak (hebrearrak barne) eta Itsasoko herriak iritsi ziren. K.a. XIII. mendean, gizalditako guduen ondoren (Kadesh-eko gudua, K.a. 1270 inguruan), egiptoarrek eta hititek lurraldea banatu zuten. Guduak eta izanagatik, kostaldeko hiriek oso urte oparoak izan zituzten, hasi iparraldeko Ugarit hiritik (kultura kosmopolita baten eta lehen alfabetoaren sorlekua) eta hegoaldeko Palestinako kanaandarren hirietaraino, Mizenas, Mesopotamia eta Egiptoko zibilizazioen ekarriekin. Geroago, Asiriako eta Babilioniako inperio handiek Siriako erreinu askeak, banan-banan, suntsitu zituzten: 732an Damasko, Tiro 573an. 539an Ziro II.a Babilonaz jabetu zenean, Siria Pertsiako satrapia bilakatu zen. 333an Alexandro Handiak konkistatu zuen; hura hil zenean (323), Alep Seleukos Nikator jeneralaren mendean geratu zen. Seleukotarrek Damasko kendu zieten Egiptoko lagidei, eta Antiokosen ezarri zuten hiriburua. 64 urtean, erromatarrak lurraldean sartu zirenean, Erromako inperioaren probintzia bilakatu zen Siria. K.o. 330. urtean Erromako inperioa zatitu zenean Konstantinopla-ren mende geratu zen. Erromatarren eta partiarren erdibidean egon zen, eta geroago, Bizantzioko inperioaren eta sasandarren artean. Khosro I.a sasandar enperadoreak Antiokia hartu zuen 540an, eta kanpora egotzi zituen antiokiarrak. 611n, berriro, sasandarrek Antiokia konkistatu zuten, baina, 622tik aurrera, Heraklio enperadoaren konkistek eraginik, atzera egin behar izan zuten, eta Siria, atzera, Bizantzioren mende geratu zen. Baina VII. mendeko arabiarren hedapenak Siria izan zuen helburu nagusietako bat, eta 636an, Jarmuk ibaiaren ertzean bizantziarrak menderatu ondoren, Siria arabiarrena izan zen.  v  Siria musulmana. Muawiyah I.a, Siriako enperadore arabiarra, inperio sortu berriaren aginpidea eskuratzeko borroketan irabazle atera zen, eta, kalifa izendaturik, Damaskon hiriburua ezarri zuen; 661-750 bitartean, omeiar inperioaren erdigunea izan zen Damasko. 750. urtean, arabiar kalifen abbasiar dinastia omeiar dinastiari nagusitu zitzaion, eta harrezkero, kalifa herriaren hiriburua Bagdad izan zen, Damaskoren kaltetan, Siria kalifa herriaren probintzia bat besterik ez zela. X. mendean Alep-eko hamdaniarrek ez zioten Bizantzioren erasoari aurre egiterik izan. Geroago, turkiar seleukotarrek Damasko eta Jerusalem hartu zituzten (1076-77). Leku santuak musulmanen mendetik askatzera egindako gerra joanaldietan (1099-1291) europar gurutzatuek Mediterraneo itsasoaren kostaldea hartu zuten, baina barnealdeko hiriek, Damasko eta Alep, musulmanen eskuetan jarraitu zuten. 1291n, egiptoar mamelukoek kristauak behin-betiko egotzi zituzten Mediterraneotik; halaber, sortaldetik sartu, eta 1300ean Damasko hartu zuten mongoliarrak egotzi zituzten. Hurrengo bi mendeetan, Tamerlan (Timur Lang) mongoliarraren inbasioa bitartean izan ezik (1400-01), nolabaiteko bakean bizi izan ziren mamelukoen mende. Baina 1516. urtean, turkiar otomandarren inperioa hedatzean, Selim I.a sultanak mamelukoak menderatu eta Siria hartu zuen. Turkiarrek Lehen Mundu Gerra arte gorde zuten lurraldea, Muhammad Ali eta Ibrahim Patxa aita-seme egiptoarren mendean egon zen urteetan izan ezik (1831-40). Izan ere, Egiptoko agintariek Siria hartu zutenean hasi zen herrialdearen modernizazioa, baina Europako estatu nagusiek lurraldea otomandaen inperioaren eskuetan uztera behartu zituzten egiptoarrak. Hala ere, Siria, sartaldeko kulturetara zabalik egon zen.  v  Arabiarren iraultza. Siria Frantziaren administraziopean. XX. mendearen hasieran, Damaskon, Beiruten eta Palestinan arabiar abertzaletasuna piztu zen, britainiarrek lagundurik, turkiarren aurkako matxinadan (1916-18) eta Damaskoko Nazio Kongresuan (1919-20) gauzatu zena. Baina, 1916an, Arabiako otomandarren inperioa Frantziaren eta Britainia Handiaren artean banatzea hitzartu zen (Sykes-Picot hitzarmena). 1918an, Faysal I.a emirra Siriako errege izendatu zuen Nazio Kongresuak, baina Frantziak ez zuen erregetza onartu, eta lurraldetik kanpora egotzi zuen Faysal. 1919an, Nazio Batuen Erakundearen aginduz, Siria osoa Frantziaren administraziopean geratu zen. Frantsesek gogor zapaldu zituzten siriarren matxinadak, eta lau barruti autonomotan zatitu zuten lurraldea: Damasko, Alep, eta alawiarren eta drusoen lurraldeak. Catroux jeneral frantsesak lurraldearen burujabetasuna agindu zien siriarrei, baina Bigarren Mundu Gerra zela eta ez zuen agindutakoa bete. 1941eko udan, Britainia Handiko eta «Frantzia askeko» gudarosteek Siria hartu zuten, Vichy-ko frantses gobernuaren agintari kolonialen aurkako borrokan. Herrialdearen burujabetasun osoa onartu bazuten ere, Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean, Frantziako gudarosteak uko egin zion lurraldea uzteari, baina azkenik, NBEren aginduz, 1946ko apirilean, Frantziako eta Britainia Handiko gudarosteak Siriatik joan ziren.  v  Siriaren burujabetasuna. Etnia eta erlijio aniztasuna, eta gizarte mailen arteko alde handiak zirela eta, estatu berria ez zen oso egonkorra; agintarien artean, Damaskoko burgesia Saudi Arabiaren politika panarabiarraren aldekoa zen, eta Alepekoa, berriz, Iraken aldekoa. Israelgo estatuaren sorrerari jarraitu zitzaion gerran galtzaile atera izanak Siriako gobernuarekiko aurkakotasuna areagotu zuen. 1949an, hilabete gutxiren buruan, hiru estatu kolpe izan ziren, eta 1951ko azaroan, Adib al-Sisakli koronelak aginpide osoa eskuratu zuen, 1954 arte. Bien bitartean, Baat alderdi panarabiarraren eragina gero eta handiagoa zen. Hala, 1958ko otsailean, Arabiar Batasunaren Errepublika sortu zen, Egipto eta Siriak Tamal Abdel Naser Egiptoko lehendakariaren agintaritzapean bat egin zutenean. 1961eko irailean, estatu kolpe baten bidez, batasuna desegin zen. 1963an Baat alderdiko militarrek aginpide osoa eskuratu zuten, gaur egun arte, Amin al-Hafiz (1963-66), Nur al-Din al-Atasi (1966-70) eta Hafiz al-Asad (1970) lehendakarien bitartez gorde dutena. 1967ko ekainean, Israelen aurkako gerran («Sei eguneko gerra»), Siriak, hego-mendebalean, Israelekin muga egiten duen Golango goi-ordokia («Golango gainak») galdu zuen, Israelen alde. Nazio Batuen bitartekaritzaz su-etena izenpetu zuten arren, gerra egoerak urte askotan iraun du. 1970eko azaroan, Hazif al-Asad jeneralak estatu kolpe bat jo eta aginpidea eskuratu zuen. Siriako lehendakari hautatu zuten 1971, 1978, 1985 eta 1992. urteetan. Haren agintaldian Israelen aurkako politika bideratu zuen (Yom-Kipur), Libiarekin itun bat izenpetu zuen 1980an, eta geroxeago, laguntza eta adiskidetze hitzarmen bat Sobietar Batasunarekin. Halaber, 1976an, Siriak 20.000 soldadu inguruko gudarostea igorri zuen Libanora, auzo-herria suntsitzear zegoen gerra zibila menderatzera; Siriako gudarosteek ia Libano osoa hartu zuten, eta Israelgo gudarostearekin borroka egin zuten haiek Libanon sartu zirenean (1982). Iran-Irak gerran (1980-88) Siriako gobernuak Iranen alde egin zuen. 1990-1991n, nazioarteko gudarosteekin batera, Iraken aurka borrokatu zen Persiako golkoko gerran. 1991ko maiatzean, laguntza hitzarmen bat izenpetu zuen Libanorekin, zeinaren arabera Siriak estatu burujabe gisa onartzen baitzuen Libano. Urte horretako hauteskundeetan Hafiz al-Asad hautatu zuten berriz ere presidente, botoen % 99,98rekin. Hala ere, harena zen hautagai zerrenda bakarra. Egun batzuetara, giza eskubideen nazioarteko erakundeek eskatuta, Siriako gobernuak barkamena eman zien musulman anaiarteko kide ziren 2.800 preso politikori. 1992. urtean gobernuak heriotza zigorra deuseztatu zuen, eta baimena eman zien lau mila juduri herrialdea uzteko. OLP eta Israelen arteko bake akordioak izenpetu zirenenean (1993), lurralde hartarako bake hitzarmen orokorraren kontra egin zuen Siriak; bestalde, elkarrizketekin jarraituko bazuten, Islaraelgo gudarosteek lurralde okupatuak uztea eskatu zuen Siriak. Handik gutxira, al-Asad lehendakariak lurralde okupatuak askatzeko bide gisa indarkeria onartzen zuela adierazi zuen; Estatu Batuetako gobernuak adierazpen horren kontrako jarrera tinkoa izan zuen. Lurralde hartako bake prozesuan izan ziren lehenengo elkarrizketetan, Siriak ez zuen parte hartu; elkarrizketa haietan erabaki zen Palestinak autonomia mugatua izango zuela, batetik, eta, bestetik, Israelen eta Jordaniaren arteko hitzarmenak izenpetu ziren. 1994an al-Asaden semea hil zenean, zalantzak sortu ziren haren ondorengoa zein izango ote zen. 1995ean, Siriaren eta Israelen arteko negoziazioetan, Golango goi-ordokia ez zitzaion Siriari itzuli, izan ere, Tel Avivek ordoki hartan mantendu nahi baitzuen bere gudarostea. 1996an al-Asadek arabiar herrialdeen bilera batean parte hartu zuen Israelekin negoziazioak bideratzeko estrategia komun bat hartzeko. 1997an Estatu Batuek Iraken kontra gudarostea bidaliko ote zuten arriskuaren aurrean, Damaskok harremanak estutu zituen Bagdadekin turkiar-israeldar aliantzaren kontra egitearren. Aliantza berri horrek zekarren arrisku militarraren aurrean, Siriaren eta Iraken arteko segurtasun gaiei buruzko elkarrizketetan parte hartzea erabaki zuen Iranek. Hafez-al-Assad lehendakaria 2000. urtean hil zen eta haren seme Bashar-al-Assad da geroztik Siriako lehendakaria. Erabateko aginpidea du lehendakariak bai gobernuaren eta bai Baaz alderdi bakarraren gainean; 2007an egindako erreferendumean botoen % 97rekin hautatu zuten berriz ere lehendakari.