Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

sioux

edo siux. iz. eta izlag. Etnogr. Ipar Amerikako indiar herri multzo bateko kidea, dakota izenaz ere ezagutzen dena. Sioux izena nadouessioux (etsaiak) hitzaren laburduratik dator, hori baitzen ojibwa indiarrek ematen zieten izena. Hizkuntza familia bereko tribu askok osatzen dute sioux herria: assiniboin, crow, dakota, hidatsa, iowa, kansa, mandan, missouri, oglala, omaha, osage, oto, ponca. Siouxak Ipar Amerikako iparraldean bizi ziren, Aintzira Handien inguruan, baina XVII. mendean algonkindarrek handik bota zituzten eta erdialdeko ordokietara aldatu ziren. Hasieran nekazariak ziren baina gero pixkanaka ehiztari nomada bilakatu ziren; bisontearen ehiza zuten bizibide nagusia. Zaldiaz baliatu aurretik zakurra erabiltzen zuten garraiorako eta ehizarako. XVII. mende erdian espainiarren bidez zaldiaz baliatzen hasi ziren eta horrek aldaketa handiak ekarri zituen haien bizitzan. Taldea zuten oinarrizko gizarte antolamendua, aginpidea buruzagi baten eta agure batzorde baten esku zegoela. Siouxak gerrariak ziren eta gerrako balentrien arabera neurtzen zuten gizonaren ausardia. Eguzkiaren dantza zuten erlijiozko ospakizunik garrantzitsuena. XIX. mendearen hasieran zuriak siouxen lurraldeetan sartzen hasi ziren eta 1815eko, 1825eko eta 1851ko hitzarmenen bidez siouxen lurraldearen zati handi bat bereganatu zuten eta Dakota, Nebraska eta Montanako erreserbetan bizitzera behartu zituzten. Mende horretan etengabeak izan ziren siouxen eta zurien arteko gerrak. 1875ean Hego Dakotako Black Hills-en urrea aurkitu izanak kolono asko erakarri zituen eta burdinbidea eraikitzeko lanek bisontea desagertzea ekarri zuten. Orduan areagotu ziren zurien eta siouxen arteko gatazkak. Red Cloud, Crazy Horse, Gall eta, batez ere, Sitting Bull buruzagien agindura siouxek gogor eraso zioten Estatu Batuetako gudarosteari Little Big Horneko guduan eta Custer jenerala hil zuten. Sherman jeneralak sarraski handia egin zuen Wounded Kneeko guduan eta siouxak garaitu zituen eta erreserbetan bildu. 1973an American Indian Movement-eko 300 bat indiarrek Wounded Knee hiria hartu zuten beren eskubideak aldarrikatzeko. Gaur egun 50.000 sioux bizi dira erreserbetan.