Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

sionismo

iz. Palestinaren kolonizatzearen eta Israelgo estatuaren aldeko higikundea, Theodor Herzl-ek 1897an Basilean sortua. Munduan zehar sakabanatutako juduek beti izan zuten agindutako lurraldera itzultzeko nahia, baina itzultze hori erlijioari eta mesias askatzailearen etorrerari zegokion gehienbat, eta XIX. mendea arte ez zuen eragin politikorik izan. 1850etik aurrera, antisemitismoak gora egin zuenean, Moses Hess-ek, Leo Pinsker-ek eta Hirsch Kalischer-ek integrazioari uko egin eta burujabetza Palestinan bakarrik iritsi zitekeela aldarrikatu zuten eta ideia hori zabaldu zuten Europa osoan. Errusian juduek bizi zuten esetsaldiari erantzunez erakunde judu batzuk sortu ziren, sionismoaren aitzindaritzat jo daitezkeenak: Hoveve Zion, Hibath Zion, Bilu. Azken erakunde horretako kide batzuek juduen lehenengo koloniak ezarri zituzten Palestinan 1882an. 1895ean Theodor Herzl-ek Estatu judua saiakeran sionismoaren oinarriak jarri zituen: juduek eta jentilek ezin zuten elkarrekin bizi, estatu judu bat sortu beharra zegoen Palestinan, arrazaz eta erlijioz hebrearra izango zena. 1897an Lehen kongresu sionista egin zen Basilean, Herzl-en ideiak onartu zituena. Hala ere, sionismoak izan zituen aurkariak juduen artean: rabi ortodoxo batzuek tradizioaren aurkakoa iritzi zioten sionismoari, eta orduan sortutako alderdi sozialista judu batzuek sionismoaren zenbait ideia arbuiatu zituzten. XX. mendearen hasieran sionismoak indar handia hartu zuen; Nazio Banku Judua (1901) eta Nazio Funts Judua (1903) sortu zituen Palestinan lursailak erosteko; 100.000tik gora kide bildu ziren erakundean eta Palestinan finkatutako judu kopuruak gora egin zuen. Aldi berean sionistak harreman diplomatikoetan zebiltzan estatuburuekin eta finantzari handiekin, eta Diaspora juduaren laguntza handia izan zuten. 1917an Britainia Handiko gobernuak Palestinan estatu bat sortzeko eskubidea aitortu zien juduei Balfour-en adierazpenaren bidez. 1929an Ajentzia judua sortu zen administrazio judu burujabearen oinarriak antolatzeko: batzorde nazionala, erakunde militarrak, alderdi politikoak, sindikatuak… Sionismoak, ordea, ez zuen aintzat hartzen Palestinako arabiarren burujabetza nahia. Bigarren Mundu Gerran juduek jasan zuten esetsaldiaren ondorioz, oldeka ihes egin zuten, eta asko eta asko Palestinara abiatu ziren. 1947an NBEk Palestina bi estatutan, bata judua eta bestea palestinarra, zatitzea erabaki zuen. 1948an britainiarrak Palestinatik alde egitekoak zirenean Ben Gourionek Israelgo estatuaren independentzia aldarrikatu zuen eta horrek palestinarren erbesteratzea ekarri zuen. Israelgo alderdi politiko batzuek (Haolam-Hazeh, Rakah, Matzpen) sionismoaren nazionalismoa eta inperialismoa gaitzetsi zituzten, eta arabiarren zapalkuntza salatu zuten. Geroztik, sionismoa Israelgo estatuaren ideologia ofiziala da.