Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Schnebel, Dieter

Alemaniar musikagilea eta musikologoa (Lahr, Baden-etik hurbil, 1930). Musika Friburgoko Kontserbatorioan ikasi zuen, eta Tübingen-eko unibertsitatean ikasi zituen musikologia, filosofia eta teologia. Arnold Schönberg-en serialismoaren eragina izan zuen lehenengo lanetan (1956, Compositio, orkestrarako), baina gero antzerki musika hasi zen lantzen: Visible Music, orkestra zuzendari eta instrumentistarentzat (1960-1962); Espressivo, pianorako musika drama (1961-1963); Kontzertua orkestrarik gabe, pianorako (1964). Horrez gainera, ahotserako lanak, hitza eta kantua nahasten zituztenak, egin zituen: Glossolalie (1959-1960), Maulwerke (1968-1974), Atemzüge (1971), Körper-Sprache (1979-1980), Jowaegerli (1982-1983), Lamento di guerra I eta II (1991).