Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Schneider, Alexander

Estatubatuar biolin jotzailea, jatorriz lituaniarra (Vilnius, 1908 - New York, 1993). Musika ikasketak bere jaioterriko kontserbatorioan hasi zituen. 1926an Frankfurtera joan zen eta han Adolf Rebner-en ikasle izan zen bertako musika eskolan, eta ondoren Berlinen Carl Flesch-ekin lan egin zuen. Frankfurteko Museumsorchester biolin jotzaile bakarlaria izan zen eta hiri horretako operan ere aritu zen (1922-1933). Ondoren hainbat lanpostu izan zituen Sarrebruck eta Hanburgon. 1933-1944 urteen bitartean Budapest-eko laukoteko bigarren biolin izan zen. Garai horretan hainbat bira egin zituen munduan zehar. 1938an laukotea Estatu Batuetara joan zen, eta Schneider-ek bertako hiritartasuna hartu zuen. Washington-eko Biltzarreko Liburutegian aritu zen eta Schneider-ek munduko Stradivarius ospetsuenetako bat jo zuen. 1944an Albeneri Hirukotea sortu zuen Benar Heifetz eta Erich Itor Kahn-ekin batera. Bestalde, orkestra zuzendari gisa hasi zen, eta 1944an Dumbarton Oaks Chamber Music Orchestra sortu zuen. 1952an harizko musika tresnetarako bere laukotea sortu zuen, Isidore Cohen, K. Tuttle eta Madeline Folley-rekin, eta haiekin Haydn-en kuartetoak jo eta grabatu zituen. Ondoren, Jac Gorodetzky hil zenean, Budapesteko laukotera itzuli zen eta bertan egon zen 1967an desagin zen arte. New York-en New School Concerts sortu zuen 1956an; Fromm fundazioko ahokulari ere izan zen. Mostly Mozart jaialdiaren sorreran parte hartu zuen eta baita Israel-eko jaialdiarenean ere. 1972an Brandenburg Players ganbera musikako taldea sortu zuen. 1981ean Europako ganbera musikako orkestra sortu zuen. Urteen joanean, irakasle gisa aritu zen batez ere.