Robbins, Jerome
Estatubatuar koreografoa eta antzerki zuzendaria (New York, 1918). New Yorken egin zituen dantza ikasketak, hango unibertsitatean. Debuta Broadwayko antzokietan egin zuen. 1940an American Ballet Theatreko kide izan zen eta 1942an bakarlari gisa hasi zen. Robbinsen lehenengo balleta Fancy Free (1944) izan zen; Leonard Bernsteinen musika zuen, eta handik gutxira musikal bat egin zuten lan hartan oinarrituta. Erregea eta ni (1951), West Side Story (1957), Vodevilaren erregina (1959) eta Biolin jotzailea teilatuan (1964) lanekin arrakasta handia izan zuen eta Broadwayko koreografo nagusietako bat bihurtu zen. Ikuskizun horietako batzuk zinemara eraman zituzten ondoren. Robbinsek zuzendari artistiko eta dantza irakasle gisa lan egin zuen New York City Ballet-ean. Peter Martins danimarkar dantzariaren konpainian ere aritu zen dantza irakasten. Talde hura utzi ondoren, bere balletak sortzen lan egin zuen. Horrela, hainbat koreografia sortu zituen American Ballet Theatrerako, New York City Balleterako eta bere konpainiarako. Robbinsen koreografia lan nagusiak dira: Interplay (1945), Fauno baten siestaren preludioa (1953), Goldberg bariazioak (1971) eta Glass Pieces (1983).