Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Robert, André

Kanadar zientzialaria (New York, 1929 - 1993). New Yorken jaioa zen arren gaztetan emigratu zen Kanadara, Québec-era hain zuzen eta hango hiritartasuna eskuratu zuen 1967. urtean. Unibertsitate ikasketak Laval Unibertsitatean egin zituen lehenik, eta zientzietako lizentzia eskuratu zuen gero, 1952an; ondoren Torontoko Unibertsitatean jardun zuen 1953 arte eta, azkenik, doktoregoa atera zuen McGill Unibertsitatean 1965ean. Kanadako Meteorologia zerbitzuan hasi zen lanean, eguraldi iragarpenak egiten, baina 1959an ikerketa sailera aldatu zuten eta han hasi zen eguratsari buruzko iragarpenak egiteko ereduak prestatzen. Bera izan zen, hain zuzen ere, eguratsaren zirkulazio orokorra konputagailu baten bidez arrakastaz itxuratzen lehenengoa. 1963-1970 bitarteko urteetan Robert izan zen munduko zientzialari bakarra eguraldi iragarpenak egiteko eredu espektrala eta eskema sasi-Lagrangetarra erabili zituena, ordu arteko metodo Lagrangetarrak eta berak sorturiko eskema erdi inplizituak erabiliz. Alor horretan lanean ziharduten beste hainbat ikertzailek ez bezala, Robertek zenbakizko metodo eraginkorrak diseinatzen zituen lehenik, zehaztasun maila gorena lortzeko moduan ahalik eta kalkulu eta eragiketa gutxien eginez. Berak diseinaturiko metodoak luzerako eguraldi iragarpenak egiteko eta eguraldiari buruzko ikerketak egiteko ereduetan erabiltzen dira gaur egun.