Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Roach, Max

Estatubatuar bateria jotzailea (Brooklyn, New York, 1925). 1942an Clark Monroeren kabaretean jo zuen Charlie Parkerrekin batera. 1944an Dizzy Gillespie ezagutu zuen eta harekin Onyx Clubean lan egin zuen. Ondoren Benny Carterrekin Kaliforniara joan zen, baina 1945ean New Yorkera itzuli zen berriz ere. Hainbat grabazio egin zituen jazz jotzaile handienekin, hala nola, Coleman Hawkins, Fats Navarro, Charlie Mingus, Thelonious Monk, Bud Powell, Stan Getz, Lee Konitz, Sarah Vaughan, Flip Phillips, Tadd Dameron, Jay Jay Johnson, Miles Davis eta Charlie Parkerrekin. Azken horren boskoteko kide izan zen, eta harekin esku hartu zuen 1949an Parisko Pleyel jaialdian. Jazz at the Philharmonic taldearekin bira bat egin zuen Europan zehar 1952an. Kuarteto bateko zuzendari izan ondoren, Howard Rumseyren taldean aritu zen Kalifornian. Garai horretan Clifford Brown tronpeta jotzailea ezagutu zuen, eta harekin talde bikaina osatu zuen, harmoniaz betea. 1955. urtea arte egon ziren elkarrekin, taldekidea hil zen arte hain zuzen. 1959an konposizio ikasketei ekin zien berriz ere. Bere emazte Abbey Lincolnekin arraza bereizkeriaren kontrako musika suite bat idatzi zuen, We Insist, Freedom Now. 1962an, Duke Ellington eta Charlie Mingusekin Money Jungle diskoa grabatu zuen. 1973an perkusiozko talde bat sortu zuen: M’Boom Re: Percussion. 1980ko hamarraldia arte lan egin zuen talde horrekin. Musikaren teoria erakusten du Massachusettseko Unibertsitatean gaur egun. Hainbat disko grabatu ditu, besteak beste, Memorial Charlie Parker (1947), The Immortal Charlie Parker (1948-1950), Clifford Brown «Caravan» (1955), Remember Clifford (1955), Jazz in 3/4 Time (1957), Parisian Sketches (1960), Drums Unlimited (1966), The Loadstar (1977), Birth and Rebirth (1978), Pictures of France (1979), Collage (1984), To The Max! (1990-1991). Max Roach free jazz joeraren aitzintzaritzat hartua da.