Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Quincoces, Jacinto

Gipuzkoar futbol jokalari eta entrenatzailea (Irun, 1905 - Valentzia, 1997). Munduko atzelari onenetako bat izan zen 1930eko hamarraldian. Deportivo Alavés futbol taldean egin zuen debuta, 1920an, eta talde horretako jokalari izan zen 1931. urtea arte, Bigarren Mailako Liga irabazi eta Lehen Mailara igotzea lortu ondoren (1930). Urte hartan Real Madridek fitxatu zituen bera eta bere taldekide Ciriaco. Bi atzelariok, Ricardo Zamora atezainarekin batera, Espainiako futbolaren historian izan den defentsa onenetako bat osatu zuten. Real Madrid taldearekin Espainiako bina liga eta kopa irabazi zituen: 1932 eta 1933. urteetan Liga, eta 1934 eta 1936. urteetan, Kopa. Espainiako Gerra Zibilaren ondoren, Real Madridekin jokatzen jarraitu zuen. Espainiako selekzioarekin 25 partida ofizial jokatu zituen. Munduko txapelketan ere parte hartu zuen, 1934an, Italian. Jokalari profesional izateari utzi zionean (1942), zenbait talderen entrenatzaile izan zen: Zaragoza, Espainiako selekzioa (1944-1945), Real Madrid, Valencia (Espainiako bi kopa irabazi zituen, 1949an eta 1954an), Atlético de Madrid, eta Valencia ostera.