Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Quinet, Edgar

Frantses historialaria, politikaria eta idazlea (Bourg-en-Bresse, 1803 - Paris, 1875). Greziari eta Alemaniari buruzko historia liburuak idatzi zituen: De la Grèce moderne et de ses rapports avec l’Antiquité (1830, Grezia modernoaz eta Antzinatearekin dituen harremanez), Système politique de l’Allemagne (1831, Alemaniako sistema politikoa). Klerikalismoaren etsai amorratua izan zen eta horren erakusgarri dira Collège de France ikastetxean irakatsi zituen gaiak: Contre les jésuites (1843, Jesuiten aurka); L’ultramontanisme (1844, Ultramontanismoa); Le christianisme eta la Révolution française (1845, Kristautasuna eta Frantziako Iraultza). 1846an kargu horretatik kendu zuten. 1848an diputatu hautatu zuten eta estatuaren eta eliza katolikoaren arteko erabateko bereizkuntzaren alde agertu zen. 1851ko estatu kolpearen ondoren erbesteratu egin behar izan zuen, Belgikara lehenengo eta Suitzara gero. 1870ean itzuli zen Frantziara. 1871n diputatu hautatu zuten berriro. Olerkia, antzerkia, literatura eta arte kritika ere landu zituen. Quinet-en ustez gizonaren eta munduaren arteko borroka luzearen sekretuak bilatzea da historiaren helburua. Beste idazlan batzuk: Les Révolutions d’Italie (1852, Italiako iraultzak); Histoire de mes idées (1858, Nire ideien historia), autobiografia; La Révolution (1865, Iraultza); La Création (1870, Sorrera); La République (1872, Errepublika), L’Esprit nouveau (1875, Espiritu berria).