Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Querejeta, Elías

Gipuzkoar zinema produktorea (Hernani, 1935). Hasieran Antxon Ezeizarekin batera zuzendu zituen film laburrek badute Euskal Herriko irudirik, hala nola A través de San Sebastián (1959, Donostian barrena). Frankismoaren azken urteetan Espainian egindako zinema berri eta independentearen suspertzaile izan zen, eta zinemagile bikain askoren lehenbiziko filmak produzitu zituen: Carlos Saura-ren La caza (1965, Ehiza; geroztik zinemagile horren beste film asko ere produzitu ditu); Manuel Gutiérrez Aragón-en Habla, mudita (1973, Hitz egin ezan, mututxo), Ricardo Francoren Pascual Duarte (1976), Jaime Chávarri-ren El desencanto (1976, Etsipena ) eta beste asko. Oro har, kalitate handiko filmak produzitu izan ditu, batzuetan gidoiak ere idatzi izan dituela, eta sari asko jaso ditu Espainian eta nazioartean. Euskal zinemagile batzuen lanak ere bultzatu izan ditu, adibidez, Montxo Armendarizen Tasio (1984) eta 27 ordu (1986) eta Víctor Erice-ren El espíritu de la colmena (1973, Erlauntzaren arima). 50eko hamarkadaren azken urteetan ekoizle lanetan hasi zenean egin zuen moduan, azken urteotan ere zinemagile gazteen lanak bultzatzen jarraitu du Querejetak Elías Querejeta PC ekoiztetxearen bidez. Besteak beste, Fernando León de Aranoaren Familia (1996) eta Barrio (1998) eta bere alaba Gracia Querejetaren El último viaje de Robert Ryland (1996) eta Cuando vuelvas a mi lado (1999) lan arrakastatsuak bultzatu ditu. Dokumentalak eta telebistarako lanak ere ekoitzi ditu azken urteotan, hala nola A través de Euskadi dokumentala, Euskal Herriaren egoerari buruzkoa eta Via Digital plataformarentzat egina, El partido del siglo, futbolari buruzko sail dokumentala, Canal + katearentzat egina, biak 1999an, edota La espalda del mundo (2000), zinemagintzari buruzko lana. 2000. urtean, hitzarmen bat sinatu zuen Vía Digital plataformarekin hainbat dokumental eta telesail ekoizteko, nahiz eta fikziozko film luzeak ekoizteari ere eutsi. 1989an Hernaniar Bikain saria eskaini zioten bere jaioterrian; 1998an, berriz, Urrezko Danborra eman zion Donostiako Udalak.