Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Queneau, Raymond

Frantses idazlea (Le Havre, 1903 - Paris, 1976). Filosofia ikasketak egin zituen. 1924tik 1929ra higikunde surrealistan parte hartu zuen. 1945ean L’Encyclopédie de la Pléiade sortu zuen, eta hogeita hamar urtez izan zen entziklopedia horren zuzendari. 1951n Goncourt Akademiako kide izendatu zuten. 1960ean lagun batzuekin batera Ouvroir de Littérature Potentielle (OuLiPo) sortu zuen, olerkirako eta eleberrirako egitura berriak sortzeko asmoz. Kontalari bikaina izan zen, irudimen handikoa. Queneauren estiloaren ezaugarri nagusiak umorea, ironia eta hizkuntzaren sena dira; matematikaren bidetik sarritan, literatura hizkuntza etengabe jarri zuen kolokan parodiaren bidez, hitz-jokoak, ahozko hizkera eta argota erabiliz eta asmakizun fonetikoak eginez. Zinemazalea zen eta 1952tik 1960 arte film askoren gidoiak idatzi zituen, René Clémenten Monsieur Ripois, Luis Buñuelen La Mort en ce jardin eta Jean Hermanen Le Dimanche de la vie filmenak, besteak beste.  v  Idazlanak. Eleberria: Le Chiendent (1933, Arrosario belarra); Chêne et chien (1937, Haritza eta zakurra), neurtitzetan idatzitako eleberria; Odile (1937); Les enfants du limon (1938, Limoiaren haurrak); Pierrot mon ami (1942, Pierrot nire adiskidea); Loin de Rueil (1944, Rueiletik urrun); Zazie dans le métro (1959, Zazie metroan), arrakasta handia izan zuen liburua, Louis Mallek 1960ean zinemarako egokitu zuena; Les fleurs bleues (1965, Lore urdinak); Le Vol d’Icare (1968, Ikaroren hegaldia). Olerkia: Petite cosmogonie portative (1950, Kosmogonia ttipi eraman-erraza); Le chien à la mandoline (1958, Txakurra mandolinarekin); Cent mille milliards de poèmes (1960, Ehun mila bilioi olerki); Morale élémentaire (1975, Oinarrizko morala). Bestelakoak: Exercices de style (1947, Estilo ariketak), gertakizun bat 99 era desberdinez kontatzen duen liburua; Le Voyage en Grèce (1973, Bidaldia Grezian zehar), 1930etik aurrera aldizkarietan argitaratutako artikuluak biltzen dituena.