Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Quental, Antero de

Portugalgo olerkaria (Ponta Delgada, Azoreak, 1842 - Ponta Delgada, 1891). Zuzenbideko ikasketak egin zituen Coimbrako unibertsitatean. Gaztetan sozialismoaren eragin handia izan zuen, Proudhonen sozialismo utopikoarena, batez ere. Hala, sozialismoaren bultzatzaile nagusietako bat izan zen Portugalen. “Questão Coimbra” deitutako eztabaidetan parte hartu zuen; eztabaida haietan idazle gazteek, Antero de Quental, Teófilo Braga eta Eça de Queiroz buru zirela, Portugalgo idazle eta pentsamolde zaharkituen aurka jardun zuten. Gero, Quental Lisboara bizitzera joan zen eta “Lisboako Kasinoko Jardunaldi Demokratiko”etan (1871) parte hartu zuen; jardunaldi edo hitzaldi haien helburua literatura eta gizartea modernizatzea eta Europako kultura Portugalen sartzea zen, hori izan baitzen, hain zuzen, Antero de Quentalen gaztetako ahaleginen xede nagusia. Bere bizitzaren azken aldian tuberkulosiak jo zuen; hala, bizitzaz etsita, budisten mistika panteistaren eta alemaniar pentsalari ezkorren eragina (Schopenhauer-ena eta Hartmann-ena bereziki) bere eginik, atsekabearen metafisika sortu zuen. Gizonak aske izateko zuen bide bakarra heriotza zela etsita zegoen, eta 1891n bere buruaz beste egin zuen. Haren obra aipagarriak: Primaveras Românticas (1872), Odes modernes (1864), Sonetos Completos (1885), Carta autobiógrafica, Hino da manhã eta Elogio da morte.