Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pavarotti, Luciano

Italiar tenor lirikoa (Modena, 1935 -  Modena, 2007). Irakasle ikasketak egin zituen (1955), eta bi urtez aritu zen eskola batean lanean. Bere kasa ikasi zuen kantuan, Mantuan batez ere. Concorso Internationale izeneko lehiaketa irabazi ondoren, 1961. urtean opera aurkezpena egin zuen Reggio Emilian. Geroago, Europa eta Australia osoko opera etxeetan kantatu zuen. 1968. urtean aurkezpena egin zuen New Yorkeko Metropolitan Opera House antzokian, eta 1971. urtetik aurrera etengabe kantatu izan zuen han. Mundu osoan egin zen ospetsua, kontzertu, disko eta telebistako agerraldiei esker. Bel canto joerako historiako opera kantaririk onenetakoa da. Erregistro garaienetan garbitasun miresgarria zuen. Rigoletto operako dukea, La Fille du Régiment-eko Tonio, I Puritani-ko Arturo, eta Aida-ko Radames ziren Pavarottiren pertsonaiarik bikainenak.