Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskadiko Mugimendu Komunista (EMK)

Hego Euskal Herriko alderdi ezkertiar desagertua. 1966. urtean sortu zen gerora Euskadiko Mugimendu Komunista izango zenaren lehen militante gunea, Patxi Iturriozen gidaritzapean, ETA erakundearen helburuak eta metodoa baztertu ondoren, langile eta herri mugimendua marxismo-leninismoaren ikuspegi maoista batetik egituratu beharra aldarrikatu zenean. ETA BERRI izena hartu zuen talde hark, hasieran, eta Komunistak ondoren. 1972. urtean sortu zen Espainiako estatuan Movimiento Comunista delakoa, besteak beste, Komunistak taldeak bultzatuta. Maoismoari leial betiere, frankismoaren azken hatsetan Espainiako estatuan hainbat alderdiren artean osatu ziren erakundeetan (Plataforma Democrática, eta abar) hartu zuen parte Movimiento Comunista delakoak. 1976. urtean Movimiento Comunista de Euskadi-Euskadiko Mugimendu Komunista izena hartu zuen. 1977an, E.I.A. alderdiarekin batera Euskadiko Ezkerra koalizioa osatu zuen eta Patxi Iturrioz diputatu izan zen Madrilgo gorteetan, Francisco Letamendiak kargua utzi ondoren (1978). Urte horretan berean, Euskadiko Ezkerra utzi eta OIC (Organización de Izquierda Comunista) alderdiarekin bat egin zuen 1979. urteko hauteskundeetan. E.M.K. alderdiak ez zuen Espainiako konstituzioa, ezta Euskadiko Autonomi Estatua, onartu eta Euskadiko autodeterminaziorako bidea aldarrikatu zuen beti. Ondoren E.M.K. izena erabili zuten. Alderdi txikia zen eta hauteskunde askotan Herri Batasunaren aldeko botoa eskatu zuen. Maoismoaren tesietatik urrun eta ezker iraultzaile eta erradikalaren ildotik betiere, L.K.I. (Liga Komunista Iraultzailea) alderdiko militanteekin batera aritu ziren E.M.K. alderdiko kideak garai batean, eta Zutik erakunde politikoa osatu zuten, iraultzailea eta Euskadiko independentziaren aldekoa, Euskadiko Mugimendu Komunista izena baztertu ondoren. Nafarroan, bestalde, Batzarre koalizioaren barruan jarraitu zuten politikagintzan EMKko militante askok. Espainian ere bat egin zuten MC eta LCRrek, 1994an desagertu zen Izquierda Alternativa alderdia sortuz.