Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskadiko Partidu Komunista

Hego Euskal Herriko alderdi ezkertiarra. 1935. urtean osatu zen Bilbon, Espainiako Alderdi Komunista barneko federazio gisa. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako militante komunistak hartzen zituen Euskadiko Partidu Komunistak. Alabaina, lehenagokoa da erakunde komunisten ibilaldia Hego Euskal Herrian. Espainiako Alderdi Komunista 1921. urtean sortu zen Juventudes Socialistas delako gazteen erakundea eta P.C.O.E. (Partido Comunista Obrero Español), P.S.O.E. alderdi sozialista utzi zuten komunisten alderdia bildu ondoren. Esku berezia izan zuten sorrera prozesu hartan, besteak beste, Dolores Ibarruri, Leandro Caro eta Pérez Solís buruzagi komunista euskotarrek. Euskal Komunisten gune nagusiak Bilbon eta Bizkaiko meatzealdean (Gallarta, Somorrostro, Ortuella, Galdames) eta Donostian zeuden. 1921-1934. urteetan Espainiako Alderdi Komunistako Federación Vasco-Navarra deituko erakundera bildu ziren Hego Euskal Herriko komunistak eta 1935. urtean sortu zen Euskadiko Partidu Komunista; Juan Astigarribia zen idazkari nagusi. 1936ko otsaileko hauteskundeetan diputatu hautatu zuten Bilbon Leandro Carro, Bizkaiko komunisten buruzagia. Jesus Larrañaga urretxuarra nabarmendu zen Gipuzkoan, baina ez zuten aukeratu. Euskadiko Partidu Komunistak ordezkaritza izan zuen gerra zibila hasi eta gero osatu zen Eusko Jaurlaritzan (Herri Lanetarako kontseilari hautatu zuten Juan Astigarribia) eta hainbat batailoi antolatu zituzten Euzko Gudarostearen barnean. Frankistak nagusitu ondoren, 1948. urtera arte iraun zuen E.P.K. alderdiak erbesteko Eusko Jaurlaritzan, Ameriketako Estatu Batuen eta Sobiet Batasunaren arteko “gerra hotza” hasi zen arte.  v  Francoren diktaduraren mendean, 1960. urteetatik aurrera, langile erakundeen eta, bereziki, Comisiones Obreras-en laguntzaz hasi zen berriz ere gorpuzten, Bilboaldean batez ere. Nolanahi ere, Euskadiko Partidu Komunistak ez zuen inolako eraginik izan Espainiako Alderdi komunistatik aparte. Francoren ondorengo hauteskundeetan, ez zuen Euskadiko Partidu Komunistak emaitza handirik lortu, Comisiones Obreras langile erakundeko kargu nagusiak bere esku zituen arren. 1978an, Nafarroako alderdi komunista Euskadiko Partidu Komunistaren barnean sartu zen. Espainiako Konstituzioari eta Euskadiko Autonomi Estatutuari baiezkoa eman ondoren, bi joera nagusi bereizi ziren Euskadiko Partidu Komunistaren barnean: Espainiako Alderdi Komunistaren ortodoxiari loturik iraun nahi zuen taldea, Ramón Ormazábal, Tomás Tueros eta Ignacio Latierro zirela buru, eta eurokomunismoa Hego Euskal Herrian gorpuzteko beste alderdi molde azkarrago bat bultzatu nahi zuen taldea, Roberto Lertxundiren gidaritzapean. Azken joera hori nagusitu zen E.P.K. alderdiaren IV. kongresuan (1981ko urtarrila) eta urte berean sartu ziren Euskadiko Ezkerra erakundean. 1982. urtetik aurrera, Espainiako Alderdi Komunistak bizi izan duen zatiketa eta berrikuntza bera bizi izan du Euskadiko Partidu Komunistak eta egun Espainiako Izquierda Unida (Ezker Batua) edo P.S.O.E. alderdi sozialistan daude kide gehienak. ■ 80ko hamarkadaren hasieran Euskadiko Partidu Komunistako kide asko Euskadiko Ezkerra alderdira joan baziren ere, alderdiak, estatu mailan egin zuen bezala, Izquierda Unida koalizioa bultzatu eta horren kide nagusi bilakatu zen. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, Izquierda Unida-Ezker Batuara bildu zen. Azken urteetan EPKk Ezker Batuaren barruan izan duen egoera ez da beti erosoa izan. Javier Madrazo Koordinatzaile Orokorraren agintaldian, IU-EB, Berdeak alderdi ekologistarekin koalizioan, Lizarrako Itunaren sinatzaile izan zen eta harreman estuak izan zituen alderdi abertzaleekin. Hori zela eta, EPKren militante askoren kritikak jasan zituen, eta horietako hainbatek alderdia utzi ere egin zuten, erabat moteldua egoteaz gainera,ezkertiar kutsua galtzen ari zela eta jarrera abertzaleetatik hurbilegi zegoela salatuz. 1999an EPK IU-EBren kontrola berreskuratzen saiatu zen, Javier Madrazoren aurkako hautagai bat aurkeztuz alderdiaren batzarrean. ETAk su-etena bertan behera utzi eta borroka armatuari berriz ekin zionean areagotu egin ziren EPK eta IU-EBko buruzagien arteko tentsioak, eta azkenean IU-EB, Espainiako Izquierda Unidaren eraginez neurri handi batean, Lizarrako Itunetik irten zen 2000. urteko urtarrilean.