Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskadiko Ezkerra (EE)

Hego Euskal Herriko alderdi politiko ezkertiarra, egun desagertua. 1977. urtean sortu zen, E.I.A. (Euskal Iraultzarako Alderdia), ETA politiko-militarraren inguruetatik sortutako alderdi ezker abertzalearen eta E.M.K. (Euskadiko Mugimendu Komunista) Espainiako Movimiento Comunistari loturiko euskal alderdi ezkertiarraren arteko koalizio gisa. Alderdikide ez ziren zenbaitek bultzatu zuten koalizioa, Juan María Bandrés abokatua buru. E.I.A. alderdia K.A.S. (Koordinadora Abertzale Sozialista) ezker abertzaleko alderdi eta erakundeak biltzen zituen koalizioaren kide zen baina, ETA politiko-militarrarekin batera eta gainerako parte hartzaileek ez bezala (ETA militarra, EHAS, LAIA) bidezko ikusi zuen frankismoaren ondorengo lehen hauteskundeetan parte hartzea (1977ko ekaina). Euskadiko Ezkerra koalizioak diputatu bat (Francisco Letamendia “Ortzi”) eta senatari bat (Juan Maria Bandres) lortu zituen Gipuzkoan hauteskunde haietan. 1978. urtetik aurrera, autonomi estatuaren aldeko bidea baietsi zuen Euskadiko Ezkerrak eta E.M.K. alderdiak utzi egin zuen koalizioa. 1979. urtean Euskadiko autonomi estatutua onartu zenetik, haren balioa aldeztu duten alderdien artean egon da beti Euskadiko Ezkerra. E.I.A. alderdiak jatorriz marxismo-leninismoari atxikitzen zitzaion lotura hautsi ondoren, eurokomunismoaren esparru ideologikoan sartu zen eta, aldaketa horren fruitu, Euskadiko Partidu Komunista utzi zuen talde bat, Roberto Lertxundi zela gidari, sartu zen Euskadiko Ezkerrean 1981. urtean. Bitartean, borroka armatua guztiz gaitzetsi ondoren, ETA politiko-militarraren desegitea bultzatu zuen eta 1982. urtean utzi zituen armak ETA politiko-militarrak. Urte berean desagertu zen E.I.A. alderdi politiko gisa eta alderdi egitura osoa hartu zuen Euskadiko Ezkerrak (1982ko martxoa). Aldaketa ideologiko eta politiko horren aurrean, Ezker Berria izeneko joerako kide askok utzi zuten Euskadiko Ezkerra, alderdi horretan joera politiko estatalistak nagusitu zirelakoan. Juan María Bandrés eta Mario Onaindia ziren Euskadiko Ezkerra haren bultzatzaile nagusiak.  v  Euskadiko Ezkerraren hauteskundeetako emaitza % 7 eta % 10aren artekoa izan da, indartsuago Gipuzkoan eta oso txikia Nafarroan. 1985-1991 urteetan bere horretan mantendu da Euskadiko Ezkerra; 1986-1990 urteetan zerbait areagotu zen, Gipuzkoako Aldundiko gobernuan egon baitzen Eusko Alkartasunarekin batera. Bi helburu nagusik mugatu dute azkenaldi honetan Euskadiko Ezkerra alderdiaren jokabidea: abertzale-ez abertzale bereizketa hautsiko lukeen euskal alderdi sozialista bat egituratzea eta Euskadiko Autonomi Estatutuaren, eta Nafarroako Hobekuntza legearen defentsa; hala, 1978an onartu ez zuen Espainiako Konstituzioa baliozkotzat jo zuen hamar urte geroago. Hala ere, hauteskundeetan lortutako botu kopurua murriztu hala (1989 eta 1990. urteetan), desberdintasunak areagotu egin ziren Euskadiko Ezkerra barneko taldeen artean: Espainiako P.S.O.E. alderdiarekin bat egitearen aldekoak ziren batzuk, euskal abertzaletasuna gaindituz Euskadiko alderdi sozialista moderno bat bultzatu nahi zuten beste batzuek eta, azkenik, Eusko Alkartasunaren ildotik, abertzaletasunaren ezaugarriak gordeko lituzkeen alderdi sozial-demokrata baten beharra azpimarratzen zuten beste batzuek. Zatiketa azken hauetatik etorri zen 1991. urtean, eta tirabira askoren ondoren Euskal Ezkerra alderdia sortu zuten (E.U.E). Euskadiko Ezkerra alderdi txikia eta eraginik gabea da gaur egun, Eusko Jaurlaritzan kontseilaritza kargu bat duen arren. Espainiako PSOE alderdiarekin bat egiteko eztabaidatan ari dira gaur egun Euskadiko Ezkerrako kideak. 1990eko hamarkadaren hasieran, hauteskundeetan lortutako boto kopurua murriztu ahala, desberdintasunak areagotu egin ziren Euskadiko Ezkerra barneko taldeen artean. 1991. urtean Euskal Ezkerra (EUE) alderdia sortu zen EEtik, Eusko Alkartasunarekin hurbileko harremana izan zuena. Ibilbide laburrekoa izango zen hori ere, ordea, handik gutxira Euskadiko Ezkerra desegin eta PSE-PSOEra bildu baitzen, eta PSE-PSOE Euskadiko Ezkerra alderdia sortu. Nolanahi ere, Euskadiko Ezkerran alderdi barruko karguak zein kargu publikoak izandako kide garrantzitsu batzuk EAJra ere aldatu ziren, eta beste batzuk, horien artean Kepa Aulestia EEko idazkari nagusi izandakoa, politikaren lehen mailatik aldendu ziren.