Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 1982an sortu, sustatu eta garatutako orkestra. ■ Orkestra horrek, bere ohiko jardueren artean, jaialdietan esku hartu du, birak egin ditu Estatuan eta Europan barrena, eta 1.600 kontzertu inguru eskaini ditu. Hauek izan ditu zuzendari titular nagusiak: Enrique Jordá, 82. urtean Orkestrari prestakuntza ematen hasi zitzaiona, Maximiano Valdés, Mathias Kuntzsch, Miguel Ángel Gómez Martínez eta Hans Graf. En Shao izan da, bestalde, Orkestra horretako zuzendari gonbidatu nagusia. Egun, Orkestraren zuzendaritza artistikoaren arduradunak Gilbert Varga, Mario Venzago eta Juan José Mena dira, azken hori zuzendari laguntzaile gisa. Orkestraren jarduerari dagokionez, hainbat eratako kontzertuak eskaintzen ditu: abonuko kontzertuak Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean, kontzertu didaktikoak, jaialdietako ekitaldiak (Donostiako Musika Hamabostaldia, Bilboko OLBEren Opera Denboraldia…). 1993az geroztik, Orkestrak ekitaldi sail bat antolatzen du bere egoitzan, “Miramongo Eguerdiak” deritzona, eta bertan Orkestra bereko kideen talde txikiek esku hartzen dute, bakarlari gazteek, ganbera koruek eta organistek. ■ Urtean zehar, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak 90 bat ekitaldi eskaintzen ditu. Bere ibilbide laburrean garrantzi handiko jaialdietan esku hartu du: Madrid Cultural Jaialdiak, Granadako Jaialdia, Sevillako Expo, Alacanteko Musika Garaikidearen Jaialdia, Donostiako Musika Hamabostaldia, etab. Espainian zehar egindako biretan Andaluzia, Gaztela-Mantxa, Levante eta Katalunian barrena ibili da. Eta Europan, Alemania eta Austrian (84, 87 eta 92an) eta Gstaadeko Nazioarteko Jaialdian (1995eko udan), izana da besteak beste. Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin ari izan diren bakarlarien artean hauek daude: Plácido Domingo, Montserrat Caballé, María Bayo, Joaquín Achúcarro, Augustín Dumay, Nicanor Zabaleta, Narciso Yepes, Cristina Ortiz, Mischa Maisky, Gerard Oppitz, Lluis Claret… Bere ekitaldietako batzuetan garrantzi handiko zuzendariak izan ditu, hala nola Yehudi Menuhin, Aldo Ceccato, Víctor Pablo Pérez, Jesús López Cobos eta abar. Bi urtez behin, Orkestra horrek obra bat eskatzen dio euskal konpositore bati. Orain arte Orkestrarentzat konposatu dutenak hauen mailakoak dira: Carmelo Bernaola, Antton Larrauri, Félix Ibarrondo, Luis de Pablo, Francisco Escudero eta Rafael Castro. Horien guztiak lanak, maila handiko bakarlari eta zuzendarien laguntzaz, disko bilakatu ditu Euskadiko Orkestrak.