Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskadi ta Askatasuna (ETA)

Euskal Herriko erakunde armatua, Francoren diktadura garaian sortua eta gaur arte iraun duena.  v  Sorrera. 1952an Francoren diktadura garaian EKIN ixilpeko taldea sortu zen, Bilboko unibertsitateko ikasleen artean. Talde horretako partaideek ez zuten EAJ-rekin harremanik izan, taldea 1955ean EGI-rekin elkartu arte. 1959an AEJ-rekin harremanak hautsi zituen eta Euskadi ta Askatasuna (ETA) izena hartu zuen.  v  Historia. Sorreratik Franco hil arte. Lehenengo ekintzak euskal kulturari zegozkionak eta zabalkundekoak izan ziren. Taldeko zuzendaritzako partaide izan ziren: Eneko Irigarai, Lopez Dorronsoro, J. L. Alvarez Emparanza, Benito del Valle, J. Manuel Agirre, Patxi Iturrioz eta Julen Madariaga. Francoren poliziak lehenengo atxiloketak 1960an egin zituen. Urte bereko uztailaren 18an, Francoren erregimenaren egun ospetsuan, ETA ekintza armatuak egiten hasi zen, eta Donostiara zihoan Francoren aldeko gudari ohiez betetako tren bat burdinbidetik ateratzen ahalegindu zen. Ekintza horrek huts egin zuen, baina taldeko kide eta inguruko zenbaiten atxiloketak ekarri zituen, eta 20 urte kartzelako zigorrak ere eman zitzaizkien. Madariaga, del Valle, Irigarai eta Elosegi atzerrira joan ziren. 1962ko maiatzean lehenengo biltzarra egin zuten, eta fronte edo sail berezietan egituratu zen erakundea: politika saila, kultura saila, langileena eta militarra. Taldearen oinarri politikoak eta ideologikoak finkatu ziren: zentralismorik gabeko demokrazia Euskal Herriarentzat, nazioen elkarte federala Europan, militarismoa gaitzestea, eta erlijio loturarik gabeko estatua. Ekonomiaren alorrean sozilaismoaren aldeko jarrera azaldu zuen ETAk. Biltzarraren ondoren zortzi urtean aurrera eramateko egitasmoa onartu zen, bi urteko epetan banatua, zabalkundea egiteko, burkideak prestatzeko, armak eta dirua biltzeko eta ekintzetarako. 1962an bigarren biltzarra egin zen, eta kide berri ugari sartu ziren erakundean. 1963an Krutwigen Vasconia liburua argitaratu zen, ETAren ideologian eragin handia izan zuena. Urte berean goi mailako burkideak atxilotu zituen poliziak, eta beste askok atzerrira ihes egin behar izan zuen. 1964ean EGI erakundeko kide ugari sartu zen erakundean. 1965ean laugarren biltzarra egin zen, eta gerora garrantzi handia izango zuten bi kontzeptu berri onartu ziren: gerra iraultzailearena eta ekintza-zapalkuntza-ekintza borroka sistemarena. Bosgarren biltzarra 1967an egin zen, erakundearen sortzaileak eta kide zaharrenak mugatik urruti atzerrian zeudela. Burkide berriek marxismoaren teoria bereganatu zuten, eta eragin handia izan zuten erakundearen ideologian; orduan hasi ziren burkide gazte marxisten eta burkide zaharren arteko eztabaidak. 1968an, Tolosa ondoko errepide kontrol batean tiroketa baten ondorioz, Pardines guardia zibila eta Xabier Etxebarrieta ETAko burkidea hil ziren, eta Iñaki Sarasketa atxilotua. Tiroketa horretan erabili zituen ETAk armak lehenengo aldiz. Ondoren, Etxebarrietaren hilketari erantzuteko, Melitón Manzanas polizia hil zuen erakundeak; haren ondorioz izan zen zapalkuntzak ixilpeko talde politikoetako kide ugari kartzelaratu zituen. 1970ean seigarren biltzarra egin zen, eta ETA VI.a, joera troskista zuena, eta ETA V.a, orduan partaide gehienak kartzelan edo atzerrian zituena, bereizi ziren. Garai horretan egin zen Burgosko epaiketa (1970ko abendua). Abenduaren 28an ETAko sei burkiderentzat heriotz zigorrak agindu ziren; Abenduaren 30ean, nazioarteko presioak eraginik, Francok zigorrak aldatu behar izan zituen. Garai hartan izan ziren ETAren zatiketa handienak: 1972an ETA VI.ekoak Liga Komunista Iraultzailean sartu ziren. ETA V.aren ekintza armatuen gidaritza Eustakio Mendizabal “Txikia”-ren eskutan geratu zen; Zabala eta Huarte industri gizonen bahiketak izan ziren garai horretako ekintzarik garrantzitsuenak; bestalde, kultura frontea langile frantearen barruan sartu zen. 1973ko apirilean poliziak tiroz hil zuen “Txikia”. Horri erantzunez, Carrero Blanco, gobernuko lehendakaria eta Francoren diktaduran bere ondorengo agintaria izan zitekeena, hil zuen ETAk. 1974eko ekainean, langile frontearen puska bat fronte militarretik bereizi egin zen, eta LAIA erakundea sortu zuen. Fronte militarrak LAB sindikatua sortu zuen orduan. 1974ean Madrilgo Correo kalean egindako bonba leherketak polizia edota militar ez zirenak hil zituelarik, haren ondoren izandako eztabaiden ondorioz, erakundea bi taldetan zatitu zen: ETA militarra eta ETA politiko-militarra. Lehenengoak borroka armatua soilik aurrera eramatearen alde zeuden; bigarrenek borroka militarra eta politikoa bateratu nahi zituzten. 1974ean ETA politiko-militarraren buruzagien artean Eduardo Moreno Bergaretxe “Pertur” hasi zen nabarmentzen. Adar horren barruan sortu zen “Bereziak” taldea, Euskal Herriaren mugetatik kanpora ekintza armatu bereziak egiteko ardura zuena. ETA militarra polizien eta ustez salatari izan zitezkeen kontrako atentatuak egiten jarraitu zuen. Diktadurak polizia egoera berezia (estado de excepción) ezarri zuen, ATE (Anti Terrorismo ETA) taldea sortu zuen eta militante eta ingurukoen kontrako ekintzak egin zituen, lege dekretu antiterrorista onartu zuen kartzelan zeuden burkideen kontra ezarria izateko, eta horren ondorioz, 1975eko irailean ETA politiko-militarreko Juan Paredes Manot “Txiki” eta Angel Otaegi, FRAPeko hiru kiderekin batera, fusilatu zituzten. Francoren gobernuko azken heriotzak izan ziren.  v  Franco hil geroztikoa. Franco hil ondoren ETA politiko-militarrak KAS (Koordinadora Abertzale Sozialista) sortu zuen, ETAren inguruan sortutako zenbait talde (ETA politiko-militarra, ETA militarra, LAIA, EHAS, LAB eta LAK) biltzeko asmoz. ETA militarrak ez zuen talde horretan parte hartu. 1976ko uztailean Eduardo Moreno Bergaretxe “Pertur” desagertu zen. Hasieran haren hilketa eskuindarrei leporatu zitzaien arren, familiak “Bereziak” taldeari egotzi zion “Pertur” hil izana. 1976an hasi ziren ETA eta Espainiako gobernuaren arteko harremanak. 1977an ETA politiko-militarrak su-etena proposatu zuen amnistia osoaren eta legeztatze politikoaren truke. 1977an “Bereziak” taldeak ETA politiko-militarra utzi zuen eta ETA militarrean sartu zen. 1977ko maiatzako amnistia lege dekretuaren ondoren ETA politiko-militarrak KAS utzi zuen, eta Euskadiko Ezkerraren aldeko azaldu zen. Gernikako Estatutua indarrean jarri ondoren (1979), ETA-ren bi adarrek borroka armatuari eutsi zioten. ETA politiko-militarrak Mediterraneo itsasertzeko turismo industriaren kontrako atentatuak eginez, Euskal Herriko industria krisian esku hartzeko ekintzak eginez eta Lemoizko zentral nuklearraren kontra Iberdueroren kontrako atentatuak eginez bideratu zuen borroka armatua. Atentatu horiek hilketarik gabeak izan ziren, Madrilgo Atocha eta Chamartingo tren geltokietan jarritako bonbek bost pertsona hil zituzten arte (1980ko uztaila). ETA militarrak Espainiako Estatuaren kontrako zuzeneko borrokara bideratu zuen bere ekintza armatua, gudarosteko goi karguak eta poliziak hilez batez ere. 1981ean, otsaileko 23ko estatu kolpea emateko ahaleginaren ondoren, ETA politiko-militarrak su-etena adierazi zuen eta erakundea desegiten hasi zen. 1981ean ETA militarrak Lemoizko zentral nuklearraren eraikuntzaren ardura zuten ingeniariak hil zituen, eraikuntza hori galarazteko kanpainan. 1977ko hauteskundeetatik 1984ra bitartean ia 500 pertsona inguru hil zituen ETAk. 1980. urtearen inguruan ETAren kontrako jarduerak forma berriak hartu zituen: Iparraldean batez ere, ETAko militanteak, lagunak eta abertzaleak hiltzeko talde paramilitarrek eratu ziren Espainiako estatuan (Triple A, GAL, Batallón vascoespañol). 1984az geroztik ETA militarreko zenbait burkidek erakundea utzi zuten, Espainiako gobernuak berriro herriratzeko egindako proposamenetara bilduz. Maria Dolores Gonzalez “Yoyes” horregatik hil zuen ETA militarrak (1986ko irailaren 10a). Une horretatik aurrera batez ere, euskal gizartean ETAren desegin beharra ala jarraitu beharraren eztabaida biziki piztu zen. 1987tik 1989ra bitarteko urteetan Argelen ETA eta gobernuaren arteko elkarrizketa ixilpekoak izan ziren, baina ez zuten aurrera egin. Urte horietan ere atentadu ugari izan ziren eta hildakoak ere bai. 1988an Euskadiko autonomia elkarteko alderdi politiko guztiek, Herri Batasuna ezik, ETA-ren kontrako hitzarmena sinatu zuten.  v  Azken urteak. Francoren diktadura garaian eta Franco hil ondorengo lehen urteetan izan zuen ETAk jendearen aldetik oneritzi gehien. Geroztik, ETA politiko-militarra eta militarra banatuz gero ezker abertzaleko indarrak ere banatu egin ziren, eta ez dute adostasunik izan borroka armatuari buruz. ETA politiko-militarra desagertu zenetik, eta batez ere Ajuria-eneako ituna sinatu zenetik, ETAri buruz bi jarrera daude Euskal Herrian: haren kontrakoa, Ajuria-eneako itunaren sinatzaile diren alderdiek bultzatua, batetik, eta haren aldekoa, Herri Batasunak bultzatua, bestetik. ■ 80-90 hamarraldiak. 70-80ko hamarraldien arteko zubi izan ziren urteetan asko areagotu zen ETAren jarduera (68 hildako eragin zituen 1978an, 76 hildako 1979an eta 91 hildako 1980an), eta orobat 80ko hamarraldian. 1982tik aurrera, Espainian PSOE agintera iritsi zenetik, gehienbat, hainbat gertakarik markatu zuten erakundearen ibilbidea eta gizarteak horren aurrean zuen jarrera: GALen jarduna, ETAko kide izandako hainbat lagunen bergizarteratze prozesuak, Frantziako gobernuaren presioak, biktima indiskriminatuak eragiten zituzten atentatuak (Hipercor, Guardia Zibilaren kuartelen aurkako atentatuak Vic-en eta Zaragozan…), Maria Dolores González Katarain Yoyesen hilketa, ETAren aurkako lehenengo manifestazio handiak eta indarkeriaren aurkako taldeen sorrera, besteak beste. Hamarraldiaren amaieran, 1989ko urtarrilean, su-etena iragarri zuen ETAk, eta erakunde armatuaren eta gobernu sozialistaren arteko elkarrizketa prozesua ireki zen; Aljerreko elkarrizketa prozesua, alegia. Harreman haiek ez zuten inolako emaitza iraunkorrik izan, eta urte bereko apirilean su-etena bertan behera utzi eta borroka armatuari berriz ekitea erabaki zuen ETAk. Gobernu sozialista, bestalde, euskal presoak Euskal Herritik urrundu eta elkarrengandik banatzen hasi zen. ■ Orduz geroztik, eskakizun eta proposamen orokorrez gainera, presoen Euskal Herriratzea eta dispertsio politika bertan behera uztea izan da ETAren aldarrikapenetako bat. Joera horrek presoen eskubideen aldeko mugimenduen kopurua eta jarduna ere areagotu egin du azken urteotan. 80. hamarraldiko azken urte haietan gauzatu ziren, bestalde, ETAren jardueraren aurkako lehenengo dokumentu eta ekimen politiko bateratuak. Aurrenekoa 1987ko azaroaren 5ean Madrilgo Diputatuen Kongresuan PSOE, AP, CDS, CIU, EAJ-PNV, PDP, PL, PCE eta EE alderdiek izenpetu zuten Madrilgo Ituna izan zen, eta horren ondoren etorri ziren 1988ko urtarrilaren 12an Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren egoitzan AP, CDS, EE, EAJ-PNV, PSE-PSOE eta EA (honek, erreserba berezia ezarriz) alderdiek sinatu zuten Ajuria Eneako Ituna, baita Nafarroako alderdiek 1988ko urriaren 7an sinatu zutena ere. ETAren aurkako presio poliziala ere areagotu egin zen urte haietan, eta 1992an, Bidarten, ETAko hainbat buruzagi atxilotu zituzten. Hala ere, berehala berregin zuen bere egitura ETAk, eta 90eko hamarraldiaren lehen urteetan sona handiko ekintza ugari egin zituen, ordurako Espainian agintean zegoen PPko kargu eta zinegotzien aurkako atentatuak bereziki. 1995. urtean hildako Gregorio Ordóñez PPko Donostiako zinegotzia izan zen gerora luze egin den zerrendan aurrenekoa; urte berean José María Aznar Espainiako presidentearen aurkako atentatua ere egin nahi izan zuen ETAk bonba-auto baten bidez. Oihartzun handia eta gizarte higikunde zabala eragin zituzten bahiketak ere egin zituen ETAk 90eko hamarraldiaren erdialdera: Julio Iglesias Zamora ingeniaria bahituta eduki zuen 116 egunez 1993an; José María Aldaya enpresaburua 364 egunez 1995ean; Cosme Delclaux enpresaburu familia baten semea 233 egunez 1996an; José Antonio Ortega Lara espetxeetako funtzionarioa 532 egunez 1996an… ■ Bere historian zehar 77 bahiketa egin ditu ETAk, baina gizartean eragin handiena izan duena 1997an bahitu zuen Miguel Ángel Blanco PPko Ermuko zinegotziarena izan zen. 1997ko uztailean bahitu zuen, eta askatzeko baldintza gisa presoak bi egunetan Euskal Herrira hurbiltzea jarri zion Espainiako Gobernuari; erantzun egokirik jaso ez eta bahitu eta bi egunetara tiroz hilda agertu zen Ermuko zinegotzia. Bahiketa eta hilketa haren ondorioz, inoiz ETAren aurka ezagutu den higikunderik zabalena hedatu zen euskal gizartean, eta luze jo duen etena izan zen. ETAren aurkako jarduera poliziala ere areagotu egin zen geroztik. 1998. urtean, esaterako, ustez ETAko kide edo laguntzaile izateagatik 82 pertsona atxilotu zituzten Segurtasun Indarrek Espainian (aurreko urtean, 35). Bestalde, Espainiar Estatuak ETAren aurkako jardunean ordu arte gehiegi erabili gabeko estrategiari ekin zion urte hauetan; hau da, ezker abertzalearen inguruko higikunde sozial eta politikoen aurka jardutea, Espainiako Barne ministerioak "ETAren bilbe zibilak" deiturikoen aurka. Bitartean, areagotuz zihoan Euskal Herrian alderdi abertzaleen eta elkarrizketaren bidezko baketzearen aldeko hainbat higikunderen arteko elkarlana. Jarrera bateraezinei eutsi beharrean "hirugarren esparrua" hasi zen gauzatzen, alderdi, sindikatu, gizarte higikunde eta gizabanakoen eraginez lankidetza eta hausnarketagune bateratzaileak eratu nahi zituen espiritua edo. Horren emaitza nagusia 1998ko irailaren 12an sinatu zen Lizarrako Ituna izan zen (ik. Lizarrako Ituna). Alderdi eta sindikatu abertzaleek, IU-EBk eta hainbat gizarte higikundek sinatu zuten, eta Donibane Garazin berretsi zen urte bereko urrian. · ETAren 1998-1999ko su-etena. Lizarrako Ituna sinatu eta egun gutxira, 1998ko irailaren 16an, Euskadi Información egunkarira (Egin itxi eta Gara sortu aurretik aritu zen komunikabidea) bidalitako mezu batean eperik gabeko su-eten erabatekoa eta alde batekoa ezarri zuen ETAk. Su-etena 438 egunez luzatu zen, eta 1999ko abenduaren 3an utzi zuen ETAk bertan behera. Aldi horretan, su-etenak eragin zuzena izan zuen Euskal Herriko egoera politikoan eta erabat indartu zuen alderdi abertzaleen arteko elkarlana. Horren ondorioz, 1999ko udal hauteskundeetatik irtendako hainbat udaletara zabaldu zen EAJ, EA eta 1998ko EAEko Legebiltzarrerako hauteskundeetatik aurrera erakundeetan Euskal Herritarrok hautesle talde bilakaturik ziharduen Herri Batasunaren arteko hitzarmena, eta EAJ-EA alderdiek osatutako Eusko Jaurlaritzak ere EHren lankidetza parlamentarioa lortu zuen, horretarako hitzarmen berezia sinatuz, ustez 1999tik 2002. urtera luzatzekoa den legegintzaldirako. Su-etenaren aurreneko asteetan sumatu ziren nolabaiteko mugimenduak: azaroaren 3an José María Aznarrek ETArekin "kontaktuak" baimendu zituela esan zuen, eta Javier Zarzalejos Presidentziaren idazkari nagusia eta Ricardo Martín Fluxá Segurtasunerako estatu idazkaria izendatu zituen solaskide; azaroaren 5ean –urriaren 24an BBC telebista kateari emandako elkarrizketa batean su-etena egizkoa eta finkoa zela adierazi ondoren– indarkeriaren amaierarako Lizarrako Ituna betetzea ezinbestekoa zela adierazi zuen ETAk komunikatu baten bidez; azaroaren 10ean Madrilgo Diputatuen Kongresuak aho batez eskatu zuen espetxe politika malgutzea; abenduaren 18an Ceuta, Melilla, Kanarietako eta Balear Uharteetako kartzeletan zeuden 21 presoren penintsularatzea iragarri zuen Madrilgo gobernuak. Abenduaren 21ean zabaldutako komunikatu batean, berriz, Espainiako gobernuarekin zuzeneko harremanik ez zuela esan zuen ETAk, eta harreman horietako gai nagusiak autodeterminazioa eta Euskal Herriaren lurraldetasuna direla adierazi zuen. 1999ko urtarrilean, su-etena hasi zenetik egindako bosgarren komunikatuan, ETAk aurrekoa berretsi zuen, nazio eraikuntzan egin ziren urratsak ontzat emanik. Martxoaren hasieran, ordea, ETAren aurkako operazio garrantzitsua egin zuen Frantziako poliziak Espainiako Guardia Zibilarekin batera, eta, beste batzuen artean, Barne ministerioak ETAren komando ilegalen buru bezala aurkeztu zuen Jose Javier Arizkuren Kantauri atxilotu zuten Parisen. Maiatzean Espainiako gobernuak justiziarekin zorrik ez zuten ETAri lotutako 304 lagun atzerritik itzul zitezkeela adierazi zuen, eta ekainaren 2an Jaime Mayor Oreja Espainiako Barne ministroak ETArekin hitz egiten hasiak zirela baieztatu zuen, elkarrizketa horien inguruko diskrezioa eskatuz. Gero argituko zenez, bilera bakarra egin zen, Suitzan, maiatzean. Handik aste gutxira, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen 1997an Auzitegi Gorenak Herri Batasuneko Mahai Nazionaleko kideei ezarritako zazpi urteko kartzela zigorra. Abuztuan heldu ziren bake prozesuaren inguruko berririk kezkagarrienak. Xabier Arzalluz EAJko buruzagiak The New York Times aldizkariari eskainitako elkarrizketa batean, maiatzean Suitzan egindako bilerari buruzko xehetasunak eman zituen. Hark esandakoaren arabera, Mikel Albizu Antza izan zen ETAren ordezkari, eta Espainiako Gobernuak bidalitako solaskideei ea Espainiak Euskal Herriaren autodeterminazioa onartuko ote zuen galdetu omen zien, eta haiek ezezkoa eman. Abuztuaren 15ean ETAren eta Espainiako gobernuaren ordezkariak bigarren bilera bat egitekoak zirela esan zen, baina bilera hori ez omen zen inoiz gauzatu. Abuztuaren 25ean bake prozesua etenda zegoela adierazi zuen Aznarrek, eta iritzi berekoa agertu zen ETA biharamunean banatu zuen ohar batean. Nolanahi ere, Espainiako gobernuak irailaren 7an ETAko 105 preso gerturatzea erabaki ondoren, hitz egiten jarraitzeko prest zegoela adierazi zuen hilaren 10ean Aznarrek. Irailaren 18an, bestalde, Udalbiltza sortu zuten Euskal Herri osoko 1.178 hautetsi abertzalek. ■ ETAk su-etena iragarri zuenean ez zituenez bertan behera utzi hornitze lanak, 8 tona dinamita lapurtu zituen Bretainian irailaren 28an, eta handik bi egunera frantziar poliziak hiru ETAkide atxilotu eta dinamitaren zati bat berreskuratu zuen. Atentaturik izan ez arren, kale borrokaren ondorioz giroa oso gogorra zen unean, urriaren 24an, ETAk elkarrizketei berriz heltzeko prest zegoela adierazi zion Espainiako gobernuari, Gara egunkariak argitara emandako eskutitz baten bidez. Mintzagaien artean presoak askatzea eta Armada zein Guardia Zibila Euskal Herritik ateratzea proposatzen zuen, eta Josu Urrutikoetxea, Antton Lopez eta Xabier Arizkuren presoak aurkeztu zituen solaskide modura. Biharamunean, ordea, maiatzean Suitzan egin zen bileran parte hartutakoa zen Belen González Peñalba atxilotu zuen frantziar poliziak. Azaroan zehar ezagutarazi ziren aurreko hilabeteetan gertatutakoren hainbat xehetasun –besteak beste, Juan Mari Uriarte artean Zamorako gotzain zenak bitarketari lanak egin zituela; ETAk harreman bereziak izan zituela EAJ eta EArekin–, eta Espainiako gobernuak argi utzi zion ETAri ez zituela onartzen erakundeak proposatutako solaskideak, baina prest zegoela 1999ko maiatzeko bilerakoekin berriz biltzeko, orduko "gai berak" eztabaidatzeko. Bitartean, atxiloleta eta estradizio gehiago izan ziren. Azkenik, azaroaren 28an zabaldutako komunikatu baten bidez abenduaren 3tik aurrera su-etena bertan behera utziko zuela jakinarazi zuen ETAk. Abenduaren 3an, manifestazio jendetsu batek su-etenari eusteko eskatu zion ETAri, eta Lizarrako Ituna sinatu zuten hainbat alderdi eta erakundek ere gauza bera eskatu zioten. ■ 2000. urteko urtarrilaren 21ean egin zuen ETAk bere lehenengo atentatua, bonba-auto baten bidez Pedro Antonio Blanco García teniente koronela hilez. ETAren jarduera armatura itzultze horrek izan zuen eraginik egoera politiko orokorrean ere: bertan behera gelditu ziren hainbat udaletan EAJ, EA eta EHren arteko lankidetza akordioak; gauza bera gertatu zen Eusko Legebiltzarrean, eta Ibarretxe lehendakariaren gobernua kinka larrian geratu zen; Udalbiltza eta su-etenaren garaian sortutako beste elkargune batzuetan ere izan zen liskarrik… 2000. urtean zehar, 23 lagun hil zituen ETAk. PPko kargu eta zinegotzien aurkako erasoei eutsiz, alderdi horretako bost zinegotzi hil zituen (Jesús María Pedrosa Durangoko zinegotzia ekainean; José María Martín Carpena Malagako zinegotzia uztailean; Manuel Indiano Zumarragako zinegotzia abuztuan; Kataluniako PPko bi zinegotzi San Adrian del Bessosen eta Terrasan irailean eta abenduan), baina beste ekintza erabat esanguratsuak ere egin zituen. Jarduera ildorik nabarmenetakoa PSOEren aurkakoa izan zen: otsailaren 22an Fernando Buesa lehendakariorde eta sailburu ohia eta legebiltzarkidea hil zuen, haren bizkartzain zen Jorge Díez ertzainarekin batera; uztailean, Gipuzkoako gobernadore izandako Juan Mari Jauregi hil zuen Tolosan eta, azaroan, Ernest Lluch ministro ohi sozialista. Adegiko buru Jose Mari Korta enpresa gizon abertzalea ere hil zuen ETAk Zumaian abuztuan, baita Ermuko Foroko kide eta artikulugile José Luis López de Lacalle ere, Andoaien, maiatzean. Poliziak ere gogor eraso zion ETAri. Barne ministerioaren datuen arabera, aldi horretan ETAren 6 talde indargabetu zituen eta ustez ETAko kide edo lankide ziren 75 pertsona atxilotu zituen Espainian. Aurreko urteetako ildotik jarraituz, ezker abertzalearen inguruko hainbat mugimenduk eta euskal kulturaren ingurukoek jasan zuten euren aurkako operaziorik. Egoera horretan, zeharo gaiztotu zen alderdi abertzaleen eta ez abertzaleen arteko harremana, eta zatiketa hori gizarte higikundeetan ere nabarmendu zen, baita alderdien barne harremanetan ere, alderdien jarrera ofizialen aurkako ahots kritikoak sortuz, besteak beste, Herri Batasunan eta Eusko Alkartasunan. Aldiz, Acuerdo por las Libertades izenpean, indarkeriaren aurrean jarrera bateratua bermatzen zuen dokumentua izenpetu zuten PPk eta PSOEk 2000. urteko abenduaren 8an.