Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskadi

Sabino Aranak etimologia oker batetik (euzko + di) Euskal Herria adierazteko asmatu zuen hitza, Euzkadi jatorriz. 1960 ondorengo urteetatik aurrera, Euskadi forma zabaldu zen eta 1970eko hamarkadan guztiz nagusitu zen forma hori adiera politiko gisa. Euskal abertzale guztien aburuan, Euskal Herri osoa adierazten du Euskadi hitzak, baina azkenaldi honetan guztiz murriztu da (Espainiako medien eraginez) eremu askotan adiera hori eta Euskadi bezala Euskadiko Autonomia Erkidegoa soilik azaldu ohi da, erdaraz batez ere. Sabino Aranak hitza asmatu zuenetik, Euskal Herriko nazio politikoa adierazi du Euzkadik edo Euskadik, baina ez da horratik Euskal Herria (euskaldun guztiak, egungo administrazio eta politika banaketatik gaindi, bateratzen dituen herri izen nagusia) hitza baztertu. Gaur egun, batzuentzat adiera politiko osoa hartu du berriro ere Euskal Herri hitzak.