Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Calderón de la Barca, Pedro

Espainiar drama idazlea (Madril, 1600 - Madril, 1681). Alcalan eta Salamancan egin zituen ikasketak. 1623. urtean antzeztu zen lehenengoz haren komedia bat: Amor, honor y poder (Amodioa, ohorea eta aginpidea). Flandesera egindako bidaia baten ondore (1623-1625) hasi zen idazten buru-belarri. Liskar eta borroka zalea zen. Gaztetatik ezaguna zen Madril osoan eta laster hasi zen erregerentzako lanetan. 1635ean idatzi zuen La vida es sueño (Bizitza ametsa da), Calderónen heldutasuna erakusten duen lana eta Europako antzerti barrokoak eman duen lan nagusietakoa dena. 1637. urtean, Santiagoko ordenako zaldun titulua jaso ondoren, Infantadoko dukearen mendean jarri zen eta errege-gizon gisa parte hartu zuen Hondarribiko guduan (frantsesen aurka, 1638), Valentziako eta, batez ere, Kataluniako borroketan (1640, Calderón de la Barcak els segadors-en aurkako ekinaldian jardun zuen). 1637. urtean lehen komedia eman zuen argitara. Garai hartakoa da El alcalde de Zalamea (Zalameako alkatea), aginpide ofizialaren aldeko drama ospetsua. 1645. urtean idatzi zuen El gran teatro del mundo (Munduaren antzeztoki handia) komedia filosofikoa. 1651. urtean apaiz egin zen eta bi urte geroago Filipe IV.aren kapilau izendatu zuten. 1677. urtean ekitaldi bakarreko hamabi antzerti lan (auto sacramental deituak), erlijio ospakizunetan jokatzekoak, argitaratu zituen. Calderón de la Barca-ren antzerkia ideologia kutsu handiaz dago hornitua. Espainiako erregearen zerbitzari leiala eta Kontraerreformaren aldeko sutsua izan zen, eta xede nagusi horietara jarri zuen bere dohain ukaezina. Europako antzerkigile nagusietakoa izan zen garai hartan Calderón.