Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Caldera de Taburienteko parke nazionala

Espainiako parke nazionala, La Palma uhartean (Santa Cruz Tenerifekoan, Kanarietako Autonomia Erkidegoan). Izenak berak ematen du aditzera zein den parkearen topografia eta bere krater handia higaduraren eraginez sortu baldin bazen ere, eta ez sumendi baten eztandaren ondorioz, hortik dator mundu osoan sumendien kraterrei ematen zaien “galdara” izena. 4.690 hektareako azalera du eta 2.000 metroko garaiera tartea (Angustiasko amildegiaren 400 metroetatik Roque de los Muchachosen 2.426 metroetara), eta beraz, maila askotako landare motak aurki daitezke bertan. Bost sumendik osatzen duten zirku batek inguratutako ibar baten burua da Caldera de Taburiente. 8 kilometroko diametroa du eta 28 kilometroko zirkunferentzia, eta munduko handienetakoa da. ■ La Palmako Aceró guantxeen erreinuko hamabi kantoietako bat zen. Alonso Fernandez de Lugok 1492an okupatu zuen, Tanasú erregea iruzurren bidez bahitu eta gero. 1557an Arguan eta Tazacorte Haziendak sortu ziren. ■ Klima epela du, eta alisioen eraginez negua euritsua da. Bere hegaletan pinu kanariarra da nagusi, kodesoa; isatsa eta kanariar zedroa eremu garaietan kokatzen dira eta sahatsa, berriz, behekoetan. Hegaztiek osatzen dute, nagusiki, bertako fauna, eta ipar beleak, zozoak, haitz usoak eta belatzak nabarmen daitezke, besteak beste. 1995ean sute batek pinudiaren zati handi bat suntsitu zuen.