Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Caldera, Rafael Antonio

Politikari eta abokatu venezuelarra (San Felipe, 1916), Errepublikako presidente birritan izana. Ikasleen Batasun Nazionala (UNE) sortu zuen 1936an, Venezuelako mugimendu sozial-kristauaren lehen talde egituratua. 1941ean diputatu hautatu zuten Yaracuy estatuan. Diputatuen Ganberaren presidente izan zen. 1947an aurkeztu zen lehenbizikoz Venezuelako presidentziarako hautagai, 21 urte zituela. Acción Democrática alderdiko (AD) Rómulo Gallegosek irabazi zituen hauteskunde haiek. Presidentegai izan zen 1958 eta 1963an ere, COPEI alderdiko idazkari nagusi zela, eta 1968an eskuratu zuen lehenbizikoz Venezuelako goi agintaritza. 1974 arte egon zen karguan. 1983an berriz aurkeztu zen, eta Jaime Lussinchik irabazi zion. 1992ko krisialdi politikoan oposizioburu bihurtu zen. Hurrengo urtean jausi zen Carlos Andrés Pérez presidentearen gobernua, eta Calderak berriro aurkeztu zuen bere burua presidentziarako. Ez zuen, ordea, COPEIko hautagaia aukeratzeko barne lehian parte hartu nahi izan, eta bota egin zuten alderditik. Convergencia Nacional koalizioaren babesarekin eskuratu zuen, bigarrengoz, Venezuelako presidentzia 1993ko abenduaren 5eko hauteskundeetan.