Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Caldwell, Sarah

Estatubatuar opera zuzendaria (Maryville, 1928 - Portland, 2006). Ingalaterra Berriko Musika Kontserbatorioan egin zituen ikasketak, opera produkziokoak, eszenografiakoak eta zuzendaritzakoak, eta baita biolin eta biolakoak ere. Eskolak eman zituen Berkshireko Musikako Zentroan, 1948 eta 1952 urteen bitartean. Bostongo Unibertsitateko Opera Lantegiaren buru izan zen 1952-1960 urteetan. Bostongo Opera Konpainiaren sortzailea izan zen (1957), eta sarritan jardun zuen haren zuzendari artistiko eta musika zuzendari gisa. New Yorkeko Metropolitan aretoan zuzendari jardun zuen lehenengo emakumea izan zen (1976). 1983an Israelgo Opera Konpainia Berriko zuzendari artistiko izendatu zuten. Bere ekarpen nagusia opera produkzioetan elementu dramatikoen nagusitasuna azpimarratzea izan zen, eta orobat efektu ikusgarriekiko eszenografiak osatzea. Era berean, ezaguna da gutxitan antzezturiko zenbait operaren bertsio osoak produzitu zituelako, adibidez, Arnold Schoenbergen Moises eta Aaron, Sergei Prokofieven Gerra eta bakea, Hector Berliozen Troiarrak, Alban Bergen Lulu, edo Roger Sessionsen Moktezuma.