Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Azkue Barrundia, Eusebio Maria

Euskal idazlea (Lekeitio, 1813 - Lekeitio, 1873). Bilboko frantziskotarretan egin zituen lehen ikasketak. Karlisten alde borrokatu zen lehen karlistadan. Gerra amaituta, Marotoren hitzarmena ez baitzuen aintzat hartu, Ferrolera joan zen Nautika ikasketak egitera. Piloto gisa zenbait urtez itsasoan ibili eta gero, nautika irakasle egon zen Bermeon, Mundakan eta Lekeition azkenik. Matematikazale eta olerkaria zen; Mundakan idatzi zituen poesia gehienak, 1860 urte inguruan. Eusebioren poesiak Resurrección María semeak argitaratu zituen aita hil ondoren, Parnasorako Bidea (1896) izenburupean. Mota guztietako olerkiak ditu: onerazpenekoak (deboziozkoak), ipuinak, iolasgarriak, kondairazkoak, irrigarriak, ziri-bertsoak (epigramak), pozgarriak eta benetakoak, semearen sailkapenaren arabera. Euskaldunen bizitzaren hainbat alderdi deskribatu ditu modu koloretsuz, epigrametan eta satiretan halako malizia punta erakusten duelarik.