Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Azkue Aberasturi, Resurrección María

Euskal lexikografo, folklorearen ikertzaile eta gramatikaria (Lekeitio, 1864 - Bilbo, 1951). Eusebio María Azkueren semea. Lekeition Nautikako ikasketak egin ondoren Bilbon egin zuen batxilergoa. Apaiz ikasketak Gasteizen (1881-1885) eta Salamancan (1885-1888) egin zituen. Azken hiri horretan apaiztu zen (1888) eta handik hiru urtera Teologia Doktoretza egin zuen bertan. Geroago musika ikasi zuen Bruselan, eta Kolonian amaitu zituen ikasketa horiek (1909). Bizkaiko Aldundiak Bilboko Institutuan Euskara irakasteko katedra baterako lehiaketa antolatu zuen 1888an eta, besteren artean, Azkue, Sabino Arana eta Unamuno aurkeztu ziren hartara. Katedra Azkuek beretu zuen eta han egon zen 1936ra arte. 1918an egin zen Eusko Ikaskuntzaren I. Kongresuan Euskaltzaindia sortzea erabaki zen eta Azkue izendatu zuten lau akademiko sortzaileetariko bat izateko. Erakunde horren hasierako bilkura batean Azkue euskaltzainburu hautatu zuten eta kargu berean iraun zuen hil zen arte. 1927an Madrilgo Real Academia Española-ko bazkide izendatu zuten euskararen ordezkari gisa.  v  Azkuek obra eskerga ondu zuen hainbat alorretan. Eragin handiena izan dutenak honako lau hauek dira: 1) Diccionario Vasco-Español-Francés, bi liburuki, Tours, 1905, Azkueren obra ezagunena. Herriaren ahotik eta literatura zaharretik bildutako hitz altxor honek eragin handia izan du geroko euskal idazleek erabili duten hizkuntza moduan, lexikoan batez ere. Hamabost urtez lan egin zuen obra erraldoi horretan, Euskal Herri osoko zahar etxeetako aiton-amonak izan zituen lankide onenak. 2) Cancionero Popular Vasco, 12 liburuki, Bartzelona, 1918. Euskal Herriko lau Aldundiek 1912an herri kanten lehiaketarako dei egin zuten eta Azkuek aurkezturiko herri kanta eta doinu bildumak lehen saria jaso zuen. Han aurkezturikoak moldatu zuen kantutegi erraldoi honen zati nagusia. Lan hori funtsezkoa da euskal musika eta herri poesia ezagutzeko. 3) Morfología Vasca, Bilbo, 1923. Euskal atzizkiak eta euskararen gramatika kategoriak aztertzen dira 930 orrialdeko lan honetan. 4) Euskalerriaren Yakintza, 4 liburuki, Madril, 1935-1947, folklore bilduma zabala. Herriaren ahotik bere bizitzan jasotako tradizioak, ipuinak, atsotitzak, esakerak, herri medikuntza bildu zituen lan elebidun horretan.  v  Euskararen inguruko beste zenbait lan: Euskal Izkindia-Gramática Euskara (Bilbao, 1981); El Euskara o el Baskuence en 120 lecciones (Bilbo, 1897); Prontuario fácil para el estudio de la lengua vasca popular (Bilbao, 1917); Diccionario de bolsillo vasco-español y español-vasco (Bilbo, 1918); Gipuzkera osotua (Bermeo, 1935).  v  Musikaren alorrean Azkuek onduriko lan batzuk: Vizcaytik Bizkaiara, Sasi-eskola, Aitaren bildur, Gainzabale’ko eiztaria, Eguzkia nora, Colonia inglesa eta Pasa de Chimbos zartzuelak; Ortzuri (1910) eta Urlo (1912) operak; Daniel, Lamindano eta Andra Urraka oratorioak.  v  Literatura ere landu zuen: Txirristadak (Bilbo, 1898); Bein da betiko (Bilbo, 1890); Jesusen Biotzaren Illa (Bilbo, 1901); Ardi galdua (Bilbo, 1918), liburu hau euskararen batasunerako ereduzkoa zuen gipuzkera osotuan idatzia da; Laminak Euskalerrian (Bilbo, 1927).