Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Azkune Mendia, Iñaki

Gipuzkoar idazle eta itzultzailea (Zestoa, 1945). Industria ikasketak egin zituen eta alor horretan lan egin zuen zenbait urtetan. Gero, irakasle aritu zen Donostiako Santo Tomas Lizeoan, eta 80ko hamarkadaren erdialdetik aurrera, Elhuyar kultura elkartean jardun zuen. Bere idazle ibilbidearen hastapenetan, narrazio historikoak idatzi zituen: Eneko Aritza (1975), Amaia (1975), Katalin Erauso (1976). 1986an, Maquiaveloren Printzea euskaratu zuen, eta 1989an Euskal Herriko zezenketaren gaineko ikerketa bat argitaratu zuen, Zezenak Euskal Herrian izenburupean. Zientzia eta pentsamenduaren arloan, François Jacob-en Posiblearen jokoa eta Max eta Hedwing Born-en Zientzia eta kontzientzia aro atomikoan euskaratu ditu. Horrez gain, Darwin-en gaineko ikerketa baten egilea da: Charles Darwin. Eboluzioaren profeta.