Segurtasun Saila

Konpartitu

Bigarren Errepublikako Emaitzak. 1933ko Autonomia Estatutuaren Erreferenduma

Bigarren Errepublikako Emaitzak

1933KO AUTONOMIA ESTATUTUAREN ERREFERENDUMA

Testuinguru historikoa eta legala

1931ko Konstituzioak bere 12. artikuluan jasotzen zuen “eskualde” batek autonomia izateko baldintza hauek bete behar zituela:
a) Bere udal gehienek proposatu behar dute edo, gutxienez, eskualdeko hautesle-erroldaren bi heren barne hartzen dituztenek.
 b) Eskualdeko erroldan inskribatutako hautesleen bi herenek, gutxienez, onartu behar dute Hauteskunde Legeak adierazitako prozeduraren bitartez. Plebiszitua aurkakoa izanez gero, berriro ezingo da autonomia-proposamenik egin bost urte igaro arte.
 c) Gorteek onartu behar dute…”.

Hasierako proiektuak (Lizarrako Estatutua izenez ezagutzen dena) ez zuen aurrera egin hainbat arrazoi juridiko eta politikorengatik eta, Konstituzioak ezarritako mekanismoari jarraituz, Gasteizen 1933ko abuztuaren 6an udal batzarra egin zen.

Udal horien gehiengo nabarmen batek onartuta –Gipuzkoan 83 alde, 2 kontra eta 4 abstentzio eta Bizkaian 115 alde eta abstentzio 1. Araban, berriz, ez zen hain nabarmena izan: 41 alde, 26 kontra eta 10 abstentzio–, testu berriaren alde bozkatu zuten. Testu horri "Gestoreen" Estatutua deitzen zaio Foru Aldundien Batzorde Kudeatzaileen ekimenez egin baitzen.

Horren ondoren, erreferenduma egin zen; hala ere, garai hartan plebiszitu hitza ohikoagoa zen.

1993ko azaroaren 5ean egin zen eta –gogo handiagoz edo txikiagoz– nazionalisten, errepublikanoen eta sozialisten babesa jaso zuen eta kontra tradizionalistak, eskuina eta komunistak zeuden.

Plebiszituaren egunean ez zen gorabehera garrantzitsurik gertatu eta jende askok parte hartu zuen.
Indarrean zegoen hauteskunde-legearen arabera, 23 urtetik gorakoek botoa emateko eskubidea izan zuten baita emakumeek ere.

Erreferendumean onartu ostean, beharrezkoa zen Gorteen onarpena.

Dena den, 1933ko azaroko hauteskundeetatik sortutako Gorteak gehienbat eskuinekoak zirenez, eta plebiszituan izandako balizko irregulartasunak eta Araban gehiengoei loturiko baldintzak ez zirela bete salatzeko tradizionalista arabarrek aurkeztu zituzten alegazioak zirela eta, izapidetze-aldia bertan behera geratu zen.

Beste testuinguru politiko desberdin batean, 1936ko otsaileko hauteskundeetatik sortutako Gorte Nagusietan ezkerreko gehiengo sendoa zegoela, izapidetzeko prozesuari berriro ekin zitzaion.

Izapidetze-aldia ia amaituta zegoela, uztailaren 18ko altxamendu militarra gertatu zen eta horrek berekin ekarri zuen azken onarpena aurreratzea, hain zuzen, 1936ko urriaren 1ean.

Hala eta guztiz ere, aditu gehienen arabera, Parlamentuko oporrak izan ziren proiektuaren azken izapideak eten zituztenak, urrirako onartuta egongo baitzen.

Nolanahi ere, alde nabariak daude 1936ko urrian azkenean onartu zen testuaren eta 1933ko plebiszituan bozkatutako testuaren artean.

Emaitzak

Emaitzen iturriak

Barrutien araberako guztizko emaitzei dagokienez, jasotzen dira Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Batzorde Kudeatzaileen 1933ko azaroaren 9ko ziurtagirietan agertzen direnak.

Arabari dagokionez, ziurtagiria urte horretako abenduaren 16ko Probintziako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. 

Azaltzen diren ehunekoak eta boto-emaileen guztizko kopuruak, ziurtagirietan jasotzen ez baitira, beharrezko eragiketa matematikoen emaitza dira.

Atalen eta udalerrien araberako emaitzei dagokienez, hainbat iturritatik datoz:

  • Araba: 1933ko azaroaren 9ko “La Libertad” egunkaria (Santiago de Pablok “Los problemas de la autonomía vasca en el siglo XX: la actitud alavesa” bere liburuan jasotzen dituen xehetasun batzuekin).
  • Bizkaia: Bizkaiko Foru Aldundiko Batzorde Kudeatzailearen 1933ko azaroaren 9ko ziurtagiria. Boto zuriak eta baliogabeak, ziurtagirian azaltzen ez baitira, hauteskunde-ataletako boto-kontaketen aktetatik ateratakoak dira.
  • Gipuzkoa: hauteskunde-ataletako boto-kontaketen aktak.

Kasu guztietan aipatutako iturriek soilik ataletako emaitzak (mahiak) jasotzen dituzte. Udalerri bakoitzeko emaitzak beren ataletako emaitzak batzetik sortzen dira.

Garai hartako izen ofizialak errespetatu dira, lurraldeen zein udalerrien kasuan.

Azken aldaketako data: