Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila 

Azken eguneratzea: 2012/11/05

Azoketan parte hartzeak, mikrogaragardotegiko bisita gidatuek eta taberna zein saltokietan banaketa aurrez aurre egiteak aukera ematen digute gure garagardoak zer-nolako harrera duen zuzenean ezagutzeko

Idoia Marañon-i elkarrizketa, Baias Garagardotegia (Oiardo Araba/Álava)

Baias, garagardo ekologikoa

 

Orain arte, Arabako lehenengo artisau garagardoak saltzen zenituzten: Baias Ambar, Baias Beltza eta Baias Gari; maiatzetik aurrera, baita Baias Eko ere. Deskriba iezaguzu produktu berri hori.

Ambar, Beltza eta Gari barietateak bezala, artisauen modura egiten da Baias Eko, ekoizteko orduan kalitatea eta mimoa lehenetsita; baina horrez gainera, Baias Ekoren lehengaiak, garagar-malta eta lupulua, nekazaritza ekologikokoak dira.

Pentsatzen dut Baias Eko garagardoa edaten duenak Gorbeiako ura, Arabako zerealen malta, lupulua eta legamia dastatuko dituela.

Lau osagaiak ditu Baias Ekok: Gorbeiako Baias ibaiko ura, garagar-malta, lupulua eta legamia. Kasu honetan, beste bat da maltaren jatorria, Alemaniatik ekarritakoa baita. Gure inguruan bada garagar ekologikorik, baina ez garagar ekologiko malteaturik, garagardoa egiteko behar dena.

Euskadiko lehenengo garagardo ekologikoa da?

Halaxe jakinarazi digute ENEEK Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilutik.

Zer desberdintasun dago zuek saltzen duzuen gehigarri eta kontserbatzailerik gabeko garagardo baten eta garagardo ekologiko honen artean?

Baias garagardoak ekoizteko metodoa artesanala da, eta ontziratzeko eta kontserbatzeko metodoa, berriz, naturala. Azken produktua ez da ez iragazi, ez pasteurizatu; botilak duen legamiak sortzen du karbonikoa, natural-natural, eta garagardo biziak dira, botilaratu ondoren ere hartzitzen eta ontzen jarraitzen dutenak. Garagardo ekologikoaren alde bakarra da garagarra eta lupulua nekazaritza ekologikokoak izatea.

Zein da Baias Ekoren ekoizpena?

Hasi berriak gara, eta ekoitzi beharreko portzentajea baloratzen ari gara, oraindik.

Ekoizpen prozesuan kontsumitzailearekiko harreman zuzena oso garrantzitsua dela azpimarratzen duzue. Nola lortzen dituzue horren lehenengo inpresioak? Zer ekintza antolatzen dituzue?

Ekintzek, iruzkinek eta bezeroak gure produktuetara hurbiltzeko duen moduak orientatu eta proiektua garatzen laguntzen digute. Gainera, azoketan parte hartzeak, mikrogaragardotegiko bisita gidatuek eta taberna zein saltokietan banaketa aurrez aurre egiteak aukera ematen digute gure garagardoak zer-nolako harrera duen zuzenean ezagutzeko.

Baias, garagardo ekologikoaNon eskura daiteke Baias Eko? Non aurki dezake azken kontsumitzaileak?

Fabrikako gainerako garagardoen zirkuituetan banatzen da Baias Eko (jatetxe, elikagai-denda, kontsumo-taldeak…), bai eta produktu ekologikoen saltokietan ere.

Produktu berria denez, nola egiten duzue promozioa?

Batez ere nekazaritza eta elikadura azoketan egiten dugu promozioa.

2007. urtetik Urkabustaizen kudeatzen duzuen mikrogaragardotegiak gustua heztearen, esploratzearen, zalantzan jartzearen eta esperimentatzearen aldeko apustua egiten du, garagardoaren usainak eta zaporeak berriz deskubritzearen aldekoa. Zeintzuk dira datozen urteetarako zuen aurreikuspenak?

Gure asmoa da bezeroak leialtzea, zuk adierazitako ideia horietan sakonduta eta horiek garatuta.