Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila 

Azken eguneratzea: 2012/12/11

Gobernuak hiru etxebizitza erosiko dizkio Visesari, Laudioko Udalari alokatzeko

Gobernu Kontseiluak Euskadiko Etxebizitza eta Lurzoru Sozietatearenak (Visesa) diren babes ofizialeko hiru etxebizitza esleipen zuzeneko prozeduraren bidez eskuratzea baimendu du, azalera-eskubide eta guzti, ondoren Laudioko Udalari errentamendu-erregimenean lagatzeko.

Gobernuak 239.166 € (BEZ barne) ordainduko du Apaloeta kaleko 1. zenbakian dauden etxebizitzengatik.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eta Laudioko Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu zuten 2006ko abenduan. Hartutako konpromiso horri jarraiki eskuratu dituzte hiru etxebizitzok. Hitzarmenarekin bat, Sailak zenbait konpromiso ditu: hiru etxebizitza sozial, gehienez ere, esleipen-prozedura arruntetik kanpo uztea eta horiek Laudioko Udalaren esku uztea, bai udal hirigintza-jardueretatik, bai gizarte-programak garatzetik eratorritako alojamendu-beharrei erantzuteko.

Laudioko Udalak etxebizitzok erreserbatzeko eskatu zion Sailari, buru-ezgaitasunak dituzten pertsonen Arabako elkarteren (APDMA) esku uzteko. Elkarteak buru-ezgaitasunak dituzten pertsonen eta senideen bizi-kalitatea hobetzeko lan egiten du.