Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kudeaketa Aurreratua eta hizkuntzen kudeaketa

Integraziorako Gida

GIDAREN HELBURUA

Gida hau (PDF, 3 MB) (leiho berri batean irekitzen da) erakundeen lehiakortasuna hobetzeko egina dago, eta, horretarako, euskara eta beste hizkuntzen kudeaketan garrantzia duten kontuak kudeaketa sistema orokorrean integratzeko bidea ematen du, kudeaketa aurreratuaren ikuspegi eta tresnekin lerrokatuta.

Hizkuntza aniztasunean, euskararen aldeko hizkuntza politikak izan behar du ardatza. Euskalit Fundazioarekin batera landutako gida honek, erakunde pribatuen lehiakortasunean eragiteaz gain, euskara sustatu nahi du, beste hizkuntzekin batera, ohiko lan hizkuntza izatea du helburu.

Gidak euskara eta beste hizkuntzak non, nola eta norekin erabili behar diren erabakitzen lagunduko dio erakundeari. Halaber, eleaniztasuna (euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa…) bakoitzaren egiteko moduetan, erabakietan, harremanetan, alegia, kudeaketa sistema osoan, modu koherente, orekatu eta iraunkorrean txertatzeko aukerak eskainiko dizkigu.

ZERGATIK KUDEATU EUSKARA ETA BESTE HIZKUNTZAK?

Hizkuntzen kudeaketak eragina du erakundearen lehiakortasunean. Erakundeari onurak eta etekinak ekarriko dizkio hizkuntzen erabilera egokiak: marka eta irudia nortasunarekin, kulturaren sustapenarekin, bertakoarekin lotzea; diferentzia markatzea; merkatu berriak eskuratzea; dimentsioa handiagotzea; gizartearekiko konpromisoa eta erantzukizuna lantzea; erakunde moderno eta aurreratu gisa plazaratzea…

GIDA PRAKTIKOA

Gidaren asmoa praktika egokien bilduma bat eskaintzea da, edozein erakundetan aplikagarria, edozein dela ere haren sektorea, tamaina edo garapen maila. Gida hau modu pedagogikoan egituratuta dago eta euskara eta beste hizkuntzen ikuspegiaren inguruko hausnarketa egiteko eta kudeaketa sisteman modu egokian integratzeko bidea proposatzen du.

FORMULARIOA

Lau pauso hauek modu logiko eta errazean emateko, dokumentu betegarri hau (PDF, 953 KB) (leiho berri batean irekitzen da) erabiltzea proposatzen dugu. Ez da beharrezkoa galdera guztiak erantzutea, erakunde bakoitzak erabakiko du zeintzuk dagozkion.