Hizkuntzen kudeaketa praktiken bilatzailea
Eusko Jaurlaritzak eta Euskalitek hizkuntzen kudeaketa praktiken bilatzailea aurkeztu dute Bilboko Euskalduna jauregian. Bertan egon direnek eta jardunaldia streaming bidez jarraitu dutenek lau erakunderen praktika onak entzuteko aukera izan dute: Cikautxo, Osatek, Fagor Arrasate eta Emakunderen praktika onak. Saioa ikusi nahi izanez gero, sakatu hemen.
Helburua
Euskalit Fundazioak garatu duen tresna berri honek enpresa pribatuek eta erakunde publikoek hizkuntzak kudeatzeko erabiltzen dituzten praktikak partekatzeko eta zabaltzeko helburua du.
Zer da praktika on bat?
Erakundean hizkuntzen erabilera areagotzeko eta hizkuntzen kudeaketa hobetzeko funtzionatu duen (emaitza onak eman dituen) egiteko modu bat, tresna bat, dinamika bat… Erakundeak normaltzat jotzen duen hori beste erakunde batentzat baliagarria eta berritzailea izan daiteke: hizkuntzen kudeaketa estrategia orokorrean integratzeko praktikak, langileen euskararen erabilera areagotzeko dinamikak, hornitzaileen kudeaketa egiteko tresnak edota bezeroen zerbitzu-hizkuntza bermatzeko irizpideak eta mekanismoak bildu dira bilatzailean, besteak beste.
Hazten jarraitzeko jaio den proiektua
Webgunean hizkuntzen kudeaketan aurreratuak diren 30 erakunderen 46 praktika jaso dira.
Euskaliteko Galder Lasuenek azpimarratu du, orain arte egindako lana abiapuntua besterik ez dela, eta helburua bilatzaile hori elikatu eta praktika onak zabaltzen jarraitzea dela.
Praktika onen bilatzailea Euskaliten webgunean dago, eta eskuragarri dago kontsulta egin nahi duten erakunde guztientzat.