Kontsumobide

Kontsumobide Aholkuak

Bidaia konbinatuak

Bidaia konbinatua kontratatzen duzu bidaia-agentzia batean hurrengo elementu hauetako 2, gutxienez, barnean hartzen dituen sorta bat erosten duzunean:

  • Garraioa.
  • Ostatua.
  • Garraioari edo ostatuari loturik ez dauden beste turismo-zerbitzu batzuk, bidaia konbinatuaren parte esanguratsua direnean (ikuskizunak, txangoak, ibilgailuaren alokairua, etab.).

Edonola ere, sorta osoa prezio global batean eskaini edo saldu beharko da, eta zerbitzua 24 ordutik gorakoa izango da edo gau bateko egonaldia hartu beharko du barnean, gutxienez.

Bidaien salmentan diharduten hiru enpresa mota hauek daude:

  • Handizkariak: enpresa horiek antolatzen dituzte bidaiak. Gero, txikizkako bidaia-agentziei saltzen dizkiete, eta agentzia horiek, kontsumitzaileei.
  • Txikizkariak: banakako turismo-zerbitzuak eta handizkako bidaia-agentziek antolatutako bidaiak merkaturatzea da horien jarduera nagusia. Enpresa horiek bidaiak ere antola ditzakete, baina zuzenean kontsumitzaileei saldu behar dizkiete.
  • Handizkariak-txikizkariak: Lehen deskribatutako bi jarduera horiek egiten dituzte, hau da, bidaiak antolatzen dituzte eta beste agentzia batzuei edo kontsumitzaileei saltzen dizkiete.

Bidaia konbinatu bat Internet bidez kontratatzen baduzu, kontuan hartu behar dituzu honako aurreneurri hauek:

  • Ziurtatu web-orria segurua dela.
  • Bidaiaren erreserbak ezinbesteko informazioa jaso behar du; adibidez, azken prezioa eta bidaiaren deskribapena (datak, garraioak, ostatuak...).
  • Bidaiaren baldintza guztiak jasotzen dituen kontratua duela ziurtatu behar du kontsumitzaileak.
  • Interneteko bidaia-agentziek prezio lehiakorragoak izan ohi dituzte, normalean. Dena den, bidaia konbinatu zehatz bat kontratatzeko malgutasun handiagoa dute betiko agentziek.
  • Interneteko agentzietan zailagoa da sortzen diren galderen erantzun pertsonalizatua lortzea.
  • Bidaia ohiko agentzia batean kontratatzen denean bezala, kontsumitzaileen eskubideak baliatzeko dokumentu guztiak (publizitatea, kontratuak, fakturak...) gorde behar dira.

Bidaia-agentziak inprimaki bat jarri behar du zure eskura, bidaia konbinatuari buruzko eskaintzaren informazio normalizatuarekin (gutxienez gaztelaniaz idatzi beharko da, eta alderdietako batek hala eskatzen badu, kontratua egiten den tokiko beste hizkuntza ofizial batean), informazio argi eta zehatzarekin, besteak beste, honako alderdi hauei buruz:

    1. Helmugak eta garraiobideak (ezaugarriak eta maila).
    2. Bidaiaren iraupenaibilbidea eta egutegia.
    3. Ostatu-establezimenduen zerrenda eta hauen kategoria.
    4. Zenbat otordu zerbitzatuko diren.
    5. Azken prezioan sartutako txangoak.
    6. Pasaporte eta bisei buruzko informazio orokorra eta bete beharreko osasun-formaltasunak.
    7. Bidaia konbinatuaren azkeneko prezio osoa (zergak barne) eta hautazko txangoen prezio
    8. Hizkuntzak zerbitzu turistikoez gozatzea baldintzatuko duen ala ez eta zein hizkuntzan eskainiko diren.
    9. Zenbat ordaindu beharko den aurrerakin gisa eta prezio osora arteko kopurua ordaintzeko egutegia; eta, hala badagokio, eskaintzen diren finantzaketa-baldintzak ere zehaztu beharko dira.
    10. Adierazi beharko da, hala badagokio, bidaia gutxieneko izen-emate kopuru baten baldintzapean dagoela , bai-eta arrazoi horregatik bertan behera utzi dela komunikatzeko epemuga
    11. Eduki ditzakeen erantzukizuneiezerezte gastuei eta bidaiaren gainerako baldintzei buruzko klausulak.
    12. Bidaia konbinatuaren antolatzailearen izena eta helbidea (eta, hala badagokio, Espainian duen legezko ordezkariarena).

Informazio hori idatziz ematen denean, argi, ulergarri, nabarmen eta irakurtzeko moduan idatzita egon beharko da.

Eskaintza-programan jasotako informazioa loteslea da bidaia-agentziarentzat, betiere, hurrengo bi kasuetako bat gertatu ezean:

  • Aldaketa horren informazioa idatziz jakinarazi bazaio erabiltzaileari, modu argian, eta aukera hori eskaintzan jaso bada.
  • Gerora aldaketak izatea, kontratua egiten duten alderdiak horretarako idatziz ados jarrita.

Informazio gehigarria bidaia hasi aurretik

Bidaia-agentziak, bidaia hasi baino behar besteko aurrerapenez eta, beranduenera, erreserba berresteko unean, beste batzuen artean, hurrengo informazioa eman behar dizu, idatziz edo jasota geratzea ahalbidetzen duen beste moduren batez:

  • Eskala eta loturen orduak eta lekuak; baita garraiobidean edo garraiobideetan okupatuko den lekuaren maila ere.
  • Bidaia-agentziak helmuga bakoitzean duen ordezkaritzaren izena, helbidea eta telefono-zenbakia edo, halakorik ezean, arazoren bat izanez gero lagun diezazuketen tokiko organismoenak; eta, existitzen ez badira, larrialdiko telefono bat edo bidaia-agentziarekin harremanetan jartzea ahalbidetuko dizun beste informazioren bat.
  • Aseguru-kontratu baten hautazko harpidetzari buruzko informazioa.
  • Uste baduzu behar bezala ez zaituztela informatu ez ahaztu kontratatu duzun enpresa dela beharrezko ziurtagiriak aurkeztu behar dituena (froga-zama).

Kontratuaren edukia

Bidaia konbinatuaren kontratua idatziz eta hizkuntz ulergarrian egin behar da. Bidaia-agentziak klausulen edukiari buruzko informazioa eman behar dizu kontratua egin aurretik. Behin sinatuta, kopia bat eman behar izango dizu. Kontratuak, besteak beste, hauek jaso behar ditu:

  1. Bidaiaren helmuga edo helmugak.
  2. Aldiak eta dagozkien datak (egonaldia zatituta dagoen kasuan).
  3. Garraiobideak (ezaugarriak, kategoriak ...).
  4. Irteera eta itzulera datak, orduak eta lekuak.
  5. Ostatuari buruzko informazioa (kokapena, kategoria, ezaugarriak ...) eta zenbat otordu sartzen diren.
  6. Hala badagokio, bidaia egiteko eskatzen den gutxieneko pertsona-kopurua, eta, bertan behera utziko balitz, kontsumitzaileari jakinarazteko epemuga (gutxieneko aurrerapena: bidaia hasi baino 20 egun lehenago, 6 egun baino gehiagoko bidaietan; 7 egun lehenago, 2 eta 6 egun arteko bidaietan; 48 ordu lehenago, 2 egun edo gutxiagoko bidaietan).
  7. Ibilbidea.
  8. Prezio osoan sartzen diren bidaiak, txangoak eta bestelako zerbitzuak.
  9. Antolatzailearen, xehekariaren eta, hala badagokio, aseguru-egilearen izena eta helbidea.
  10. Adingabe batek bidaiatzen badu baimendutako heldu baten laguntzarik gabe, eta bidaian ostatua sartzen bada, adingabearekin edo arduradunarekin zuzenean harremanetan jartzeko datuak eman behar dira.
  11. Kaudimengabezia kasuetan, erakunde bermatzailearen izena.
  12. Bidaia konbinatuaren prezioa.
  13. Deusestatze-gastuak, hala badagokio.
  14. Prezioa ordaintzeko moduak eta, hala badagokio, egutegia eta finantzaketa-baldintzak.
  15. Kontsumitzaileak kontratuaren edozein alderdi ez betetzegatik jakinarazteko (idatziz edo jasota geratzen den beste moduren batean) duen betebeharra.
  16. Kontsumitzaileak zer epetan eska dezakeen erreserbaren berrespena.
  17. Erreklamatzeko erak eta arbitrajera jotzeko aukeraren inguruko informazioa.
  18. Kontratua lagatzeko eskubideen inguruko informazioa.

Bidaia-aseguru mediko bat kontratatzea

Nora bidaiatu behar duzun da gakoa bidaia-aseguru mediko bat kontratatu behar den ala ez erabakitzeko.

  • EBn bidaiatzeko, Europako Osasun Txartela (EOT) eska dezakezu, doan.
  • EBtik kanpo bidaiatzeko eta, batez ere, toki exotikoago batera bazoaz, esaterako Karibera edo Afrikara, komenigarria izan daiteke osasun-arreta jasotzen duen aseguru bat kontratatzea istripuagatiko kalte-ordainei edo aberriratze gastuei erantzuteko.

Bidaia-erreserbaren ordainketa

Zerbitzu-erreserba kontzeptuan bidaiaren zenbateko osoaren % 40ra arte ordaintzea eska dezake bidaia-agentziak.

Beste pertsona bati erreserba lagatzea

Zure erreserba dohainik laga diezaiokezu eskatutako baldintza guztiak betetzen dituen beste pertsona bati. Kasu horretan:

  • Bidaia-agentziari idatziz jakinarazi behar diozu, bidaiaren hasiera-data baino 7 egun lehenago, gutxienez. Kontratuak epe laburragoa ezarri dezake
  • Bai zuk eta bai lagapena jaso duen pertsonak modu solidarioan erantzungo duzue bidaia-agentziaren aurrean, prezioaren eta lagapenak sortutako gastuen ordainketaz.

Alde bakarretik kontratua deuseztatzea

Edozein unetan kontratua deuseztatzeko  eta ordaindutako zenbatekoak itzultzeko eskubidea duzu. Hala ere, erabakia ezinbesteko arrazoiren batengatik hartu ezean, bidaia-agentziak neurriko eta justifika daitekeen kalte-ordaina eskatu ahal izango dizu.

Kontratuak zigor eredu bat jaso ahal izango du, honako hauetan oinarrituta:

  • Zenbat egun lehenago egin zaion uko bidaiari.
  • Kostuak aurreztea.
  • Espero daitezkeen bidaia-zerbitzuen ordezko diru-sarrerak.

Zigor eredurik ez badago, bidaia konbinatuaren prezioaren baliokidea izango da zigorra , eta horri kostu-aurrezpena eta bidaia-zerbitzuen erabilera alternatiboa kendu beharko zaizkio.

Eskatzen baduzu, zigorraren zenbatekoaren justifikazioa eman beharko dizute.

Bidaia konbinatuari modu nabarmenean eragiten dioten ezohiko eta ezinbesteko arrazoiak egonez gero, bidaia bertan behera uzteko eskubidea izango duzu. Ez duzu inolako zigorrik ordaindu beharko, eta ordaindu duzun guztia itzuli beharko dizute, baina ez duzu kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik izango.

Bidaia konbinatuen erreserba egitean, bidaia-agentziak kontsumitzaileari aseguru bat eskaintzeko obligazioa du ezerezte-gastuak estaltzeko, bidaia ustekabeko arrazoiengatik ezin baduzu egin.

Kontratuaren prezioa % 8  igotzen bada, deuseztatu dezakezu zigorrik ordaindu gabe.

Eskubide desberdinak dituzu bidaia noiz aldatzen edo ezerezten den arabera.

Prezioak aldatzea

Kontratuan ezarritako prezioak ezin aldatuko dira, kontratuan ez bada espresuki adierazten aukera hori. Edozein kasutan, hala gorantz nahiz beherantz aldatu daitezke. Prezioen goranzko berrikuspena baliogabea izango da, baldin eta bidaiaren irteera dataren aurreko 20 egunetan egiten bada.

Berrikusketa aldaketa hauek sar ditzake, soilik:

  • Garraioen prezioa, erregaiaren kostua barne.
  • Zerbitzu jakin batzuei loturiko tasak eta zergak.
  • Bidaia antolatuari aplikatutako truke-tasak.
  • Prezioaren igoera % 8 baina handiagoa bada kontratua deuseztatu dezakezu zigorrik ordaindu gabe.

Bidaia aldatzea irteera eguna baino lehen

Irteera baino lehen antolatzaileak kontratuko funtsezko elementuren bat modu esanguratsuan aldatzeko beharra badu, berehala jakinarazi beharko dizu. Kasu horretan, beste zerbait hitzartu ez baduzue, aukera dezakezu:

  • Kontratua indargabetzea, inolako zigorrik gabe.
  • Edo haren aldaketa onartzea, sartutako aldaketekin eta prezioan izan duen ondorioekin.

Zure erabakia bidaia-agentziari jakinarazi beharko diozu agentziak ezarritako zentzuzko epe batean. Hala egin ezean, kontratua indargabetzea erabaki duzula ulertuko da.

Aldaketaren ondorioz kalitate edo koste txikiagoa duen bidaia onartzen baduzu, dagokion prezioa murrizteko eskubidea izango duzu.

Bidaia hasi ondoren aldaketak egitea

Bidaia hasi ondoren, bidaia-agentziak ezin badizu eman kontratatutako zerbitzuen parte garrantzitsu bat:

  • Bidaiarekin jarrai dezazun irtenbideak bilatu beharko ditu, eta ez duzu horregatik inolako gehigarririk ordaindu beharko; azkenean zenbatekoa txikiagoa bada, aurreikusitako prestazioen eta emandakoen arteko aldea ordaindu beharko dizute. Eman dizuten irtenbideekin bidaiarekin jarraitzen baduzu, isilbidez onartzen dituzula ulertuko da.
  • Irtenbide horiek bideragarriak ez badira edo, zentzuzko arrazoiengatik onartzen ez badituzu, bidaian erabilitakoaren garraiobide baliokide bat eskaini beharko dizute, horregatik prezio gehigarririk ordaindu beharrik gabe, irteera-lekura edo hitzartu duzuen beste edonora itzultzeko, (hargatik eragotzi gabe, hala badagokio, kalte-ordaina eskatzea).

Hotelak agentziak agindutakoa baino izar gutxiago baditu, agentziari lehenbailehen jakinarazi, helmugan bertan. Nolanahi ere, kontsumitzaileak aukera du erreklamatzeko:

  • Kontratuan adostutako kategoria bereko beste establezimendu batean ostatua ematea.
  • Edo eskainitako eta kontratuan adostutako zerbitzuen arteko prezioaren aldea itzultzea.

Bidaia bertan behera uztea agentziari egotz liezaiokeen arrazoi bategatik

Kontratua indargabetzea aukeratzen baduzu, antolatzaileak, bidaia hasi aurretik, funtsezko elementu baten aldaketa garrantzitsu bat dagoela jakinarazi dizulako; edo antolatzaileak bertan behera utzi badu bidaia konbinatua hitzartutako irteera-data baino lehen, zuri egotzi ezin zaizun arrazoi bategatik, honako eskubide hauek dauzkazu:

  • Ordaindutako zenbateko osoa berreskuratzeko 
  • Edo kalitate berdineko edo handiagoko beste bidaia konbinatu bat egiteko eskubidea. Kalitate apalagoko bidaia bat eskaintzen badizu, bidaia-agentziak ordaindutako prezioaren aldea itzuli beharko dizu.

Eskubide berbera izango duzu kontratuan ezarritakoaren arabera erreserbaren berrespena lortzen ez baduzu.

Bidaia bertan behera uzten bada, bidaia-agentziaren erantzukizuna da kontratua ez betetzeagatik dagokion kalte-ordaina ordaintzea. Kalte-ordain hori ez da bidaia konbinatuaren prezio osoaren ehuneko jakin bat baino txikiagoa izango, eta ehuneko hori aldatu egingo bidaiaren hasiera-datarekiko duen aldearen arabera:

  • 2 hilabete eta 15 egun artean: % 5.
  • 15 eta 3 egun artean: % 10.
  • Bidaia hasi aurreko 48 orduen barruan: % 25.

Hala ere, agentziak ez dauka zuri kalte-ordaina ordaintzeko beharrik izango, ondorengo arrazoi bat gertatzen bada:

  • Izena eman duten pertsona kopurua beharrezkoa baino txikiagoa bada, eta horrela jakinarazten badizu, idatziz:
    • 20 egun lehenago, 6 egun baino gehiagoko bidaietan,
    • 7 egun lehenago, 2 eta 6 egun arteko bidaietan,
    • 48 ordu lehenago, 2 egun edo gutxiagoko bidaietan
  • Ezinbestezko arrazoien ondorio denean, halakotzat harturik norberarekin zerikusirik ez duten inguruabar anormal eta ezin aurreikusiak, behar bezalako arduraz jokatuta ere ezin saihestuko bailirateke haien ondorioak.

Bidaia-agentziaren erantzukizuna kontratua ez betetzeagatik

Kontratua ez betetzearen erantzukizuna handizkakoaren eta txikizkariaren artean banatzen da, bakoitzak bere kudeaketa-eremuaren arabera dituen erantzukizunen arabera, eta kontuan hartu gabe zerbitzuak beraiek edo beste zerbitzu-emaile batzuek egin behar dituzten.

Era berean, bidaia konbinatuen antolatzaileak eta txikizkariak dira kontratua ez betetzeagatik edo akatsekin betetzeagatik sor diezazkizukeen kalteen erantzule, salbu akatsa, beste arrazoi batzuen ondorengo bati egotzi daitekeenean:

  • Kontsumitzaileari.
  • Hirugarren bati (eta akatsa aurreikusterik edo gainditzerik ez zena baldin bazen).
  • Ezinbesteko arrazoiei.

Bidaia konbinatu batekin arazorik badaukazu:

  • Saiatu adiskidantzazko akordio batera iristen agentziarekin. Gogoan izan handizkariari zuzendutako mezuak txikizkariaren bitartez bidali ditzakezula. Handizkariari zein txikizkariari erreklamatu ahal diozu.
  • Akordio bat lortzen ez baduzu:
    • Eskatu eta bete erreklamazio-orria bidaia-agentzian. Segi itzazu nola aurkeztu erreklamazio bat atalean eskainitako jarraibideak eta ez ahaztu eranstea dokumentazio guztia: programa edo informazio-liburuxka, publizitatea, kontratua, faktura, etab...
    • Aurkeztu erreklamazioa Eusko Jaurlaritzako Turismo Zuzendaritzan, Euskadin bidaia konbinatuei buruzko erreklamazioen alorrean eskumena duen organoa dena.

Gomendioak

  • Gorde ondo bidaia-agentziarekiko kontratu-harremana egiaztatzen duen dokumentazio guztia: aurrekontua, egindako erreserben egiaztagiriak, aurreratutako zenbatekoen ordainagiriak, fakturak, kontratua, publizitatea eta abar.
  • Aukeratu erreferentzia onak dituen agentzia bat, eta, ahal dela, Kontsumoko Arbitraje-Sistemari atxikita egon dadila.
  • Egiaztatu bidaia konbinatuen katalogoetako eskaintzetan bidaiaren ezaugarri eta xehetasun guztiak idatziz agertzen direla.
  • Eskatu idatzizko kontratua.
  • Bidaia atzerrira baldin bada:

Azken aldaketako data: