Kontsumobide

Kontsumobide Aholkuak

Zuzendariaren ongietorria

 

Kontsumobidek aukera ematen dit kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak bermatzeko, eta hurbiltasunetik zein konbikziotik adierazi nahi dizut eskubide horiek ezinbestekoak direla gure gizartean. 

Kontsumobidek hamar urte bete ditu euskal herritarrei lotutako erakunde gisa. Erakunde autonomoa gara, Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren menpe dagoena, eta erreferente bihurtu gara kontsumitzaileen defentsa eta babeserako. 

Azken 10 urteotan, kontsumorako modu eta produktu berriak sortu dira. Egun, eboluzioa etengabea da, eta teknologia berrien inpaktuak bultzatutako erronka globalei aurre egin behar diegu. Kontsumobidek erronka garrantzitsua dauka alor horretan. 

Kontsumobideren helburu nagusietako bat kontsumitzaileen ezagutza sustatzea da, prestakuntzaren eta informazioaren bidez; eta herritarrak prestatzea kontsumo seguru, iraunkor eta arduratsu baterako. 

Pertsona guztiengana heldu nahi dugu, eta kontsumitzaileen eskubideak urratzen diren egoeretan, eskubide horiek lehengoratzeko lan egiten dugu. Bitartekaritza, ebazpen eta arbitraje zerbitzuak eskaintzen ditugu, eta hori modu erabilgarri, eraginkor eta hurbilean egin nahi dugu. Era berean, ondasunak eta zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresa eta hornitzaileekin lan egiten dugu, eta zenbait tresna ematen dizkiegu, hala nola Kontsumoko Arbitraje Zerbitzua. Horrela, erreklamazio eta eztabaida prozesuak azkartzen dira. 

Azken finean, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak defendatzen ditugu, baina, era berean, nahi dugu biztanleriak eskubide horiek ezagut eta erabil ditzan. 

Kontsumobideko kide guztiok zuen esanetara gaude, eta espero dugu web ataria baliagarria izatea informazioa jasotzeko, eta eskaintzen ditugun zerbitzuak ezagutzeko.

 

Laura Alzola Kirschgens
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuko zuzendaria

 

Azken aldaketako data: