Osasun Saila

Larru-azala eta eguzkia

Eguzkiaren argia ezinbestekoa da bizitzarako: gaixotasun batzuek hobera egiten dute, eta umorea ere hobetu egiten da. Gainera, beharrezkoa da D bitamina sintetizatzeko, kaltzioaren metabolismoa erregulatzen duen bitamina sintetizatzeko, alegia. D bitamina sintetizatzeko, nahikoa da egunero apur batean aire zabalean paseatzea, are eguzkirik zuzenean hartu gabe ere.

Baina, gure organismoak, bizitza osoan zehar, eguzki-erradiazioaren kantitate jakin bat baizik ezin du jasan guztira, eta kantitate hori gaindituz gero, ondorioak oso larriak izan daitezke.

Eguzkiaren erradiazio ultramoreak dira (UVA eta UVB) larru-azaleko minbizi mota gehienen ingurumen-faktore nagusia, eta, gainera, erredurak, larru-azalaren zahartzea eta begietako zenbait gaitz ere eragiten dituzte.

Eguzkiaren erradiazioarekin, batez ere udako hilabeteetan ibili behar da kontuz epe motzeko eta luzeko kalteak saihesteko, orduan izaten baita UV erradiaziorik handiena.

  1. Saihestu eguzkiaren zuzeneko esposizioa

Larruazaleko minbiziaren kontrako prebentzio-araurik garrantzitsuena da. Itzalean egoteak UV erradiazioaren % 50-95 murrizten du.

Babes zaitez eguerdiko orduetan!

Erradiazio ultramorea indartsuagoa eta kaltegarriagoa da eguerdi aldera; beraz, hobe da ordu horietan kanpoan egiten ez diren jarduerak antolatzea. Hori ezinezkoa bada, zuhaitz, itzal edo karpa baten itzalpean babestu behar da.

  1. Babes-jantziak erabili

Arropek UV izpietatik babesten laguntzen dizute. Gorputza estaltzeko arropa arin eta kolore argikoak erabiltzea da onena (alkandora eta praka edo gona luzeak), baina ez da beti erosoena. Arropa motzagoa hautatzen baduzu, ez ahaztu eguzki-krema ematea babestu gabeko larruazalean. Eguzkitan zaudenean, babestu beti zure burua eta seme-alabena txano edo bisera batekin.

  1. UVA eta UVB iragazkiak dituzten betaurrekoak erabili

Egun bakar bat eguzkitan egote hutsarekin gerta liteke kornea erretzea (begia estaltzen duen mintz kanpokoena eta gardenena). Metatutako esposizioak, luzera, kataratak eragin ditzake (kristalinoaren opakotasun progresiboa, ebakuntza egin ezean itsutasuna ere ekarri dezakeena).

  1. Eguzkitarako babes-krema egokiak erabili

Hala ere, larruazala eguzkitan jartzea erabakitzen baduzu, egin pixkanaka, eta erabili babes-kremak. Eguzkitarako krema larruazalean ematen da, UV erradiazioen ondorio kaltegarrietatik babesteko. Eguzkitarako kremak UVA izpietatik nahiz UVB izpietatik babestu behar du. Fototipoaren eta erradiazio ultramorearen indizearen (ErUI) arabera hautatu behar duzu.

Eguzki-esposizio zuzena saihestea da prebentzio-ekintzarik garrantzitsuena.

Larruazala eguzkitik babesteko, neurri orokorrak aplikatzeaz gain, erabilgarria izan daiteke azal bakoitzaren, erradiazioen, eguzki-kremen eta sendagai fotosentsibilizatzaileen ezaugarriak ezagutzea.

Azken aldaketako data: