Osasun Saila

Osasunaren lanketa komunitarioa

Osasuna ikuspegi komunitario batetik lantzeko gida metodologikoaOsasun komunitarioan, batera lan egiteko helburuarekin, garrantzitsutzat jotzen den jarduketa inklusibo baten esparru teoriko bat diseinatu dugu, baldin eta lan honetan inplikatutako osasun erakundeetan ikuspegi komunitarioa txertatzeko aukera ematen badu. Aurkezten den metodologiaren proposamenak osasunaren sustapenean, osasunaren mugatzaileetan, ekitatearen zein parte-hartzearen ikuspegian eta lanean hainbat alderdi komun ditu osasunerako aktiboen metodologia batetik. Hori oinarri hartuta, ditugun giza baliabideak aprobetxatuz, ongizatea hobe ditzaketen ekintzak ezartzea proposatzen du.

Gida honek metodologia ireki bat du arlo geografiko zehatzetan partaidetza prozesuak hasi edo birbideratu nahi dituen edozein eragile komunitariorentzat.

Gida hau deskargatzeko klikatu ondorengo estekan:

Ezagutzea eta konektatzea

Fase honetan prozesu komunitario bat martxan jartzeko eman beharreko pausoak deskribatu dira. Proposatzen den abiapuntua hau da:

1 - Osasun publikoko eta osasun zentroko pertsonal teknikoa harremanetan jartzea. Biek dena delako komunitatearen osasun-egoerara hurbiltzeko lehen ahalegina egingo dute; horretarako, morbilitateari eta hilkortasunari buruzko adierazle klasikoak erabiltzeaz gain, osasuneko mugatzaile sozialei buruzko informazioa erabiliko dute eta ekitatearen ikuspegia hartuko dute aintzat. Datu hauek Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren webgunean eskura daitezke http://goo.gl/rFNRft. Osasun Saileko epidemiologia-arloak eta Osakidetzako Kudeaketa Sanitarioko zerbitzuek komunitatearen osasun-egoeraren deskribapen honetan lagun dezakete.

2 - Tokiko gobernuarekin harremanetan jartzea informatzeko eta sentsibilizatzeko lehen bilera bat antolatzeko hiru erakunde horietako ordezkarien artean. Garrantzitsua da udalaren aldetik lehenengo bilera honetara joatea proiektuari behar duen babesa eta bultzada instituzionala emateko gaitasuna duen pertsona bat. Halaber, komeni da osasunaren alorretik konpromiso instituzional bat esplizitatzea (zuzendariordea, eskualdeko koordinatzailea, Osasun Antolamendurako Gerentzia Integratua, Lehen Mailako Arretaren Unitateko nagusia, etab.).

Komenigarria da hasierako bilera honetan, Osasun Publikoak eta Osakidetzak ondorengoan oinarritutako proiektua aurkeztea:

  • Osasuneko mugatzaile sozialen esparrua.
  • Politika guztietan Osasunaren ikuspegia.
  • Osasuna era komunitarioan lantzeak duen garrantzia.
  • Udalerriko osasunari buruzko ikuspegi objektiboa eskaintzen duten komunitatearen osasun-datu nabarmenenak.

Bilera honetan sareko lana sustatuko duen TE bat sortzea, bere misioa eta hasierako helburuak proposatuko dira; era berean, tokiko gobernuak era aktiboan parte hartzea proposatuko da Tek bermeekin jarraitzeko. Era berean, udal-ordezkariei galdetuko zaie udalerrian eta/edo partaidetza komunitarioko foroetan lan egiten ari diren beste talde batzuk badauden.

Hasierako lehenengo harreman honen emaitzak 3 egoera sor ditzake:

  1. Udalak ez du interesik OTS bat sortzeko ekimenean parte hartzeko. Kasu honetan, Osakidetzak eta Osasun Publikoak esku-hartze batzuk martxan jar ditzakete, tokiko erakunderen batekin edo komunitatearen zati batekin batera lan eginez.
  2. Udalak dagoeneko parte hartzen du udalerriko sareko lan-dinamika batean, adibidez, partaidetza komunitarioko foroetan eta/edo programa komun batean beste erakunde batzuekin. Bertara sartzen saiatuko gara, helburuetan eta jardueretan osasunaren mugatzaileen eta ekitatearen ikuspegia eskainiz.
  3. Udalak interesa du OTSren proiektua martxan jartzeko eta udalerrian ez dago inolako prozesu komunitariorik martxan. Kasu honetan, hiruren (Osakidetza, Osasun Publikoa eta Udala) arteko aliantza lortzen saiatuko gara, OTS sortzea erraztuko duen hasierako TE bat eratzeko.

Osasuna ikuspegi komunitario batetik lantzeko gida metodologikoaTalde eragilea

TE hasiera batean hiru erakundeetako ordezkariek osatuko dute: Udalak, Osasun Publikoak eta Osakidetzak.

Gomendagarria da, edozein izanda ere dagokien udal-arloa (osasun-arloa, gizarte-zerbitzuak, prebentzio komunitariorako zerbitzua, hirigintza edo beste edozein), zuzendaritzen edo politikarien babesa izatea. Pertsona dinamikoak, gaitasun sozialak eta/edo taldeak kudeatzeko gaitasunak dituztenak izatea garrantzitsua bada ere, ezinbestekoa da proiektuan sinesten duten pertsonak izatea.

Talde eragilea

TEren zeregina hau da:

 OTS sortzen hastea eta hori sustatzea.

  • OTS aktibo mantentzea.
  • OTSren lan-prozesuko kalitatea eta ekitatea bermatzea, baita eratortzen diren programa eta esku-hartzeena ere.
  • Prozesuaren martxari buruzko informazio-fluxua mantentzea.

Garrantzitsua da TEk hasieratik bere helburuak, arautuko duten funtzionamendu-arauak eta bere lidergoa adostea, baita kideen arteko komunikazioa-modua adostea ere.

Osasuna ikuspegi komunitario batetik lantzeko gida metodologikoaOsasunerako tokiko sarea

 TE sortu ondoren, OTS eraikitzen hasteko unea da, komunitateko eragileak ordezkatzen dituen azpiegitura inklusiboa eta partizipatiboa, gai komunitarioei heltzeko funtzioarekin fase guztietan parte hartuta.

 TE, komunitateari buruz pixkanaka lortzen duen ezagutzari esker, eragile berriekin jarriko da harremanetan, bere asmoak jakinaraziko dizkie eta prozesu komunitarioari atxikitzea proposatuko die.

TEk inor ez baztertzeko eta komunitate osoari informatzeko printzipioa aplikatzen du; horrela, inork ezingo du esan “ez naute kontuan hartu”. Horrek aukera ematen du hasiera batean prozesuan parte hartu ezin zuten edo parte hartu nahi ez zuten pertsonak OTSri atxiki daitezkeela edozein unetan edo TEko kide ere izan daitezkeela.

Noski, horrek eskatzen du TE soilik ez izatea hasierako gonbidapen- edo informazio-eskaintza bat, baizik eta denboraren joanean mantentzea. Prozesuak informazio-fluxu etengabe bat behar du; hala, pertsona guztiak, edozein zirkulutakoak izanda ere, berdin informatuta egongo dira. Horrela prozesuaren jarraitutasun egoki bat lortzen da.

OTS pixkanaka eraikitzen den zerbait da TEk prozesuaren hurrengo etapan, diagnostiko komunitarioan, aurrera egiten duen heinean. Hori eraikitzea prozesu bizi bat da eta etengabe egokitzen da prozesu komunitariora.

OTS bat izateak honetan laguntzen du:

  • Komunitatearen barnean barrerak hausten pertsona desberdinen eta/edo normalean harremanik ez duten pertsona desberdinen arteko komunikazioa sustatzen eta hobetzen.
  • Komunitatetik era normalean liderrak sortzen.
  • Komunitateak bere indarguneak identifikatzen.
  • Komunitatea bere beharrak identifikatzeko eta era autonomoan horiei aurre egiteko gai izaten.
  • Oinarri bat eraikitzen ekitatean oinarritutako benetako komunitate bat eta epe luzerako aldaketa sozial positibo bat lortzeko.

Diagnostiko komunitarioa egitea

Etapa hau TEk hasten du eta era dinamikoan egiten da. Agente komunitarioak identifikatuz hasten da. Horri esker, komunitatea, bere beharrak, arazoak, baliabideak eta indarguneak ezagutzeko helburuari erantzuna ematen has daiteke. Era berean, agenteen identifikazio horrek OTS pixkanaka ehuntzeko balioko du.

Diagnostiko komunitarioa egitea

Etapa hau bi fasetan egiten da:

Osasuna ikuspegi komunitario batetik lantzeko gida metodologikoaKomunitatea esploratzea

Komunitatea eta osasunaren mugatzaile nagusiak esploratzeak hau guztia ezagutzea esan nahi du: komunitatea integratzen duten kideak, egiten dituzten jarduerak eta jarduera horiek non egiten dituzten, dauzkaten harreman motak eta dauden edo behar diren baliabideak.

Komunitatea ezagutzea funtsezkoa da prozesu komunitario osoan eta erabakigarria da etorkizunean garatzeko. Lortzen den informazio guztia oso baliagarria izango da komunitatea ulertzen lagunduko duen ikuspegi orokor bat izateko; beraz, beharrezkoa da behar den denbora eskaintzea komunitatea antolatzeko. Taldea ez ahultzeko eta ekintza gehiegi ez atzeratzeko, komeni da fase honetan bizkortasuna nagusi izatea, komunitatearen ikuspegi globala eta osasunaren mugatzaile nagusiak gal ez daitezela saiatuz.

Komunitatea esploratzeko funtsezkotzat jotzen dira informazio-elementu hauek:

  • Agente komunitarioak
  • Ingurune fisikoa
  • Ezaugarri demografikoak
  • Ezaugarri sozioekonomikoak
  • Komunitatearen osasun-egoera

 Informazio honen zati bat artxibo eta erregistro publikoetatik lortu ahal izango da, esaterako, EUSTAT, UDALPMAP, Tokiko Agenda 21 eta OSAGINetik. Informazio horretako asko udalean bertan eskuragarri egongo da jadanik, eta erraza izango da TErako biltzea. Baina bistakoa da informazioaren beste zati bat lortzeko, beharrezkoa izango dela komunitatera gerturatzea. Horretarako, beharrezkoa da iritzi-liderrak eta komunitatean ondo baloratutako taldeak eta/edo pertsonak bilatzea; horiek eragile gisa jardun ahal izango baitute eta prozesuari sinesgarritasun handiagoa emango baitiote.

Agente komunitarioak

Prozesu komunitarioaren benetako protagonistak dira. Beharrezkoa da identifikatzea bai eragile erraztaileak, OTSn parte hartzeko interesa dutenak, bai prozesuaren aurka egon daitezkeen agenteak eta zergatik egon daitezkeen.

OTSko kide izateko interesa duten agenteak identifikatzen aurrera egiten den heinean, komunitatearen ezagutzari ekarpena egiteaz gain, atal honen hasieran proposatutako garapen ziklikoari erantzuten zaio.

OTS batean ordezkaritza izan dezaketen agenteen proposamen bat hau da:

  • Organismo, zerbitzu eta erakunde publikoak ordezkatzen dituzten pertsonak. Beren inplikazioa oso garrantzitsua da, zeren horien baitakoak dira prozesu komunitarioaren garapenarekin zerikusi handia duten erabaki, jarduketa eta antzerakoak; hala, baliabideak koordinatu, lokalen eskuragarritasuna ikusi, eginkizun komunitarioetarako profesionalak liberatu eta antzerakoetatik hasiko lirateke.
  • Komunitateko elkarte, talde eta/edo kolektiboetako buruak eta ordezkariak.
  • Mota honetako pertsonak: lidergo natural bat dutenak, kolektiboen interesak edo beharrak interpretatzeko eta ordezkatzeko eta ordezkatzen duen taldearen onerako jarduteko gai direnak, etekin pertsonalik atera gabe.
  • Herritarrak, oro har, hainbat zerbitzuren erabiltzaile gisa.

Ingurune fisikoa

Lurraldeak garrantzi handia du komunitateen bizitzan eta, ondorioz, baita gizakien eta gizartearen prozesuetan ere. Bizitza kolektiboan eragiten duten baldintzapen asko daude lurraldean, eta horiek prozesu komunitarioaren eta elkarbizitzaren oinarrian dauden giza harremanak eta sozialak erraztu, zaildu edo eragotzi egiten dituzte. Interesgarria da hauek guztiak ezagutzea: auzoen banaketa, topografia, berdeguneen eta naturaguneen banaketa eta harremanak oztopatzen dituzten hirigintza-barrerak edo -zailtasunak.

Berrikuspenerako tresna oso erabilgarria da udalerriko oinarrizko plano bat erabiltzea.

Ezaugarri demografikoak

Komunitatearen errealitate demografikoa laburbilduko duten datuak. Adierazle interesgarri nagusiak hauek dira:

  • Adina eta sexuaren araberako populazio-banaketa.
  • Komunitatearen historia demografikoa, esan nahi baita, populazioaren eraketa aldatu egiten dela denboran zehar hainbat faktorerengatik (kulturen, ohituren, balioen, hizkuntzen,... nahastea ekartzen duten mugimendu migratorioak).
  • Tokiko asoziazionismoaren duela gutxiko historia, hau da, egoera edo gatazka zehatzetan populazioarentzat paper nabarmena izan duten eta erreferentzia bat izan diren elkarteen historia ezagutzea eta berreraikitzea, besteak beste.

Ezaugarri sozioekonomikoak

Oso erabilgarria da honelako adierazle sinpleak erabiltzea:

  • % (e)ko langabezia.
  • Sektore ekonomiko nagusiak.
  • Prestakuntza-maila adinaren eta sexuaren arabera.

Komunitatearen osasun-egoera

Osasunak bere baitan alderdi asko biltzen dituela aintzat izanda, gaixotasun eta heriotza-tasaren adierazle sanitario klasikoez gain, komeni da osasunaren beste mugatzaile batzuen datuak aztertzea, baita komunitateko pertsonek beren osasunari buruz duten ikuspegia aztertzea ere.

Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Inkestan (EAEOI) lortutako datuetatik, Osasun Sailak osasun-profilak egiten ditu, bai Erakunde Sanitario Integratuenak (ESI) bai osasuneko oinarrizko zonetakoak. Horietako bakoitzeko osasunaren eta mugatzaileen egoera deskribatzen da profil horietan, eremu geografiko horien arteko ikuspegi konparatibo bat eskainiz. Profil hauek hemen kontsulta daitezke http://goo.gl/NmF4JS.

Datu horiek osatu egin daitezke komunitateko osasun-zentroak edo bestelako funtsezko informatzaileek eskainitako informazioarekin.

Gainera, MEDEA gabezia-adierazlea erabilgarria da osasuneko desparekotasun sozioekonomikoak aztertzeko, 5 adierazle sozioekonomiko konbinatzen baititu (langabezia, eskulangileak, behin-behineko langileak, prestakuntza urria eta gazteen prestakuntza urria). Datu horiek23 hemen kontsulta daitezke http://goo.gl/zjAutw.

Osasuna ikuspegi komunitario batetik lantzeko gida metodologikoaBeharrak eta balibideak identifikatzea

Osasunarekin erlazionatuta dauden beharrak eta hautemandako beharrak

Beharrak gaur egungo egoeraren eta egoera idealaren edo espero den egoeraren artean dagoen gune gisa defini daitezke. Behar bat pertsona batek, talde batek edo komunitate oso batek sentitu dezake.

Beharrak balioesteko metodologiak hainbat metodo eta teknika erabiltzen ditu, eta horiek komunean dutena azkartasuna eta landa-lana dira. Teknika kuantitatiboak zein kualitatiboak erabiltzen ditu. Esaterako, komunitateak osasunari buruzko arazoei duen kezka- edo motibazio-maila (gerta daiteke arazo horiekin harremanik ez izatea), ezin da erregistro-sistemetatik datozen datu kuantitatiboekin balioetsi. Halere, alderdi horiek nabarmendu daitezke azterketa komunitarioan erabilitako partaidetza-metodoen bidez.

Beharrak balioesteko gehien erabiltzen diren teknika kualitatiboetako batzuk hauek dira:

A – Banakako elkarrizketak:

Funtsezko informatzaileei elkarrizketak egitea elkarrizketa-teknika erdiegituratu batekin eta, bertan, aurrez egindako gaien gida bat erabiltzen da; nahiz eta alda daitezkeen edo galdera berriak gehitu daitezkeen, elkarrizketan aurrera egin ahala.

Teknika hau diskurtso indibiduala ezagutu nahi denean erabiltzen da, gaiaren ondorioz taldearen presio handia egon daitekeenean edo informatzaileak oso barreiatuta daudenean.

B – Talde-elkarrizketak:

Formatu hau testuinguru sozial zehatz bat esploratu nahi denean eta parte-hartzaileen interakzioa sustatu nahi denean erabiltzen da. Baita taldeari elkarrizketa indibiduala egitea baino hobeto egokitzen direnean ere (esaterako, haurrak) edo hori egitea eskatzen digutenean denbora/kostu/eraginkortasunaren faktoreek. Gomendagarria da taldeak 6 eta 10 pertsona artekoak izatea.

Hainbat motatako talde-elkarrizketak daude:

  • Talde fokalak: Moderatzen duen pertsona zuzendariagoa da. Helburua ez da adostasuna lortzea. Material erregistratuaren ondorengo eztabaida eta analisi guztia erregistratzen da.
  • Eztabaida-taldeak: Talde fokala baino teknika malguagoa, irekiagoa eta hain zuzendaria ez den teknika bat da.
  • Talde nominalak: Helburua adostasuna lortzea da; horretarako, ideiak lehenesten dira. Soilik emaitzak transkribatzen dira.

C – Foro publikoak:

Bilera komunitario irekiak, non jatorri desberdineko pertsonei lantzen diren funtsezko arazoei buruzko ikuspegiak eta horrekiko zer egin daitekeen adierazteko aukera eskaintzen zaien. Ez da eztabaidarik egiten, ez dago baterako ondorio bat lortzeko helbururik.

Komunitatearen beharrak ebaluatuz gero, pertsonekiko gertuen dagoen ingurunean jardun ahal izateko arloak detektatu ahal izango dira.

Horiek identifikatzerako orduan beharrezkoa da alderdi hauek lantzea:

  • Zein da arazoa zehazki?
  • Behar partekatu bat al da?
  • Lehentasunezko gai bat al da?

Garrantzitsua da, halaber, testuingurua aztertzea:

  • Nola azaltzen du arazoa komunitateak?
  • Nola azaltzen du komunitateak bizitzen duen egoera sozialaren ikuspuntutik?

Komunitatearen aktiboak osasunerako

Komunitatearen beharrak identifikatu ondoren, beharrezkoa da komunitatearen onuretan eta indarguneetan zentratzea; horrela, komunitatearen beharrei erantzuteko eta bere bizitza hobetzeko erabil daitekeena nabarmentzen da.

Osasunerako aktibo bat hau da: gizabanakoek eta populazioek osasuna eta ongizatea mantentzeko daukaten ahalmena indartzen duen edozein baliabide. Hau da, osasuneko aktiboak komunitateko baliabideak dira eta horiek gizabanakoan, familian edo komunitatean eragin dezakete eta osasuna mantentzeko edo hobetzeko pertsonen edo taldeen gaitasuna indartzen dute.

Osasuna sortzen ez duen eta sortzen duen baliabide baten (aktiboa) arteko aldea da, komunitateak norberaren, taldearen edo gizartearen ongizatea hobetzen duen elementu gisa adieraztea eta onartzea. Horregatik, baliabide horien benetako erabilera agertzen da ingurune zehatz batean identifikatzen direnean eta identifikazio horiek zergatik eta zertarako beharrezkoak diren planteatzen denean. Ideia hori zehatzago lantzen da esku-hartzeen diseinuan. (Ikusi aktiboen mapaketa).

Komunitate baten osasunerako aktiboak 6 mailatan sailka daitezke:

  1. Gizabanakoen aktiboak:

Pertsonak eskaini dezaketen guztia sartzen da, hau da, gaitasunak, ezagutza, sareak, denbora, interesak, pasioak, etab. Horrela, komunitateak osasuneko aktibo gisa ikus dezake jolas-talde bat antolatzen duen ama edo aita bat, talde bat entrenatzen duen pertsona bat, etab.

  1. Elkarteen aktiboak:

Erakunde komunitario formalak sartzen dira, hau da, autolaguntzako eta boluntarioen taldeak, jendea elkartzen den eta komunitaterako elkarguneak eratzen dituzten sare guztiak. Esaterako, kirol-taldeak, gazte-elkarteak, adinekoen elkarteak, haurren zirkuluak, karta-jokoen taldeak, etab.

  1. Erakundeen aktiboak:

Erakundeek tokiko mailan eskaintzen diren zerbitzuak, bai zerbitzu horiek eskaintzen dituzten pertsonak bai zerbitzuen gune fisikoak, sartzen dira. Esaterako, udalen zerbitzuak, zerbitzu sozialak, hezkuntza-zentroak, zentro sanitarioak, erlijio-zentroak, liburutegiak, udaltzaingoa, etab.

  1. Aktibo fisikoak:

Berdeguneak, erabili gabeko lursailak, eraikinak, kaleak, merkatuak, garraioak, eskola, liburutegia, eliza, etab.

  1. Aktibo ekonomikoak:

Tokiko negozioak, enpresak eta dendak sartzen dira.

  1. Aktibo kulturalak:

Musika, antzerki eta arterako tokiko talentuak sartzen dira, baita edonork sormenez adierazteko aukerak ere, beren balioak eta identitateak isla ditzan.

Baliabide horiek guztiak era desberdinetara antola daitezke: alfabetikoki, geografikoki, funtzio motaren arabera, tamainaren arabera, etab. eta artxibo dokumental batean aurkez daitezke edo komunitatearen baliabideen mapa batean isla daitezke. Halere, ezer gutxirako balioko du baliabideen sekulako katalogo bat sortzeak, ez badira osasuneko esku-hartzeren batekin lotzen.

Lehenestea

Osasuna ikuspegi komunitario batetik lantzeko gida metodologikoaInformazioa itzultzea

Puntu honetara iritsita, ziur asko informazio asko duten dokumentu ugari izango ditugula, eta beharrezkoa da horiek antolatzea diagnostiko komunitario bat egiteko.

Sektore bakoitzak (osasuna, hezkuntza, arlo soziala) indibidualki egindako hainbat

diagnostiko izatea ohikoa da. Diagnostiko horiek populazioen edo eskari sozial partikularren (esaterako, adikzioak) arabera egingo dira. Diagnostiko komunitarioaren ekarpen nagusia da komuna dela eta era partekatuan egiten dutela OTS eratzen duten eragileek (administrazioak, baliabide teknikoak eta herritarrak), eta bertan hasiera-hasieratik parte hartuko dute, eta ez soilik norbaitek diagnostikoa egin eta elkarlana eskatzen duenean.

Diagnostiko komunitario bat izatea oinarrizkoa da hauek guztiak izateko.

  • Programazio komunitario bat, hau da, lehentasun eta xede partekatuetan zentratua eta inplikatutako hiru protagonistek beren gain hartuak.
  • Prozesuan parte hartzen duten pertsona guztien inplikazioa.
  • Baliabideen benetako koordinazioa.

Diagnostiko komunitarioa egiteko, beharrezkoa da komunitateari buruz aurrez jasotako informazioa antolatzea; horrela, komunitatearen eta hainbat sektoreren eta populazio-tarteren ikuspegi orokor eta global bat izateko.

Eskema honek horretan lagun dezake:

  1. Komunitatearen oinarrizko analisi estrukturala; bertan, komunitatearen bizitzaren alderdi guztietan (lurraldea eta hirigintza, demografia, ekonomia, duela gutxiko historia, asoziazionismoa...) zuzenean edo zeharka eragiten duten oinarrizko elementuak biltzen dira.
  1. Analisi sektoriala (sektore komunitarioen arabera): hezkuntza-sektorea, sektore sanitarioa, sektore kulturala, kirol eta aisiako sektoreak, sektore okupazionala, asistentzia-sektorea...

Diagnostiko hauek sektore bakoitzeko zerbitzuek eta erakundeek erabiliko dituzte, horietako bakoitzean hobetu daitekeena zer den jakiteko, aldi berean, bakoitzak zer egin dezakeen ikusiz. Horiek oinarri bat eraikiko dute sektore honetan ekintza koordinatu bat egiteko.

  1. Analisia populazio-tarteen arabera: haurrak, gazteak, helduak, adinekoak, arreta berezia eskainiz desparekotasunen ardatzei (generoa, estatus sozioekonomikoa, jatorrizko herrialdea). Diagnostiko inter eta multisektorial bat da; izan ere, interesa duten pertsonak ez dira esku-hartze sektore batekoak.
  2. Analisia zeharkako gaien edo arazoen arabera: toxikomaniak, herritarren segurtasuna, eskola-porrota, etab. Horietako bakoitzak diagnostiko globala egingo du, zeren ezin zaizkio sektore, zerbitzu edo populazio-tarte bakarrari atxiki.

Analisi horiek egiteko orduan, kontuan izan behar dira elementu hauek:

  • Dagoena, hau da, baliabideak (publikoak, pribatuak eta borondatezkoak) eta dagoena benetan behar adinakoa den edo ez.
  • Ez dagoena eta egotea beharrezkoa izango litzatekeena, zein ekintza edo estrategia mota jarri beharko liratekeen martxan ikusteko eta hori pixkanaka lortzeko.
  • Zein elementu edo alderdi agertzen diren era argian negatibo, urri, eskas edo txar gisa.
  • Zein alderditan dirudien ekintza koordinatu eta integratu batek urgente eta beharrezkoa eta zein izango liratekeen horietako bakoitzaren funtzioak edo horietako bakoitzaren ekarpenak.
  • Zein programa izango liratekeen beharrezkoak epe labur, ertain eta luzera, eta zein lehentasun-ordenetan.

Informazioa aurkezten denean, garrantzitsua da OTSko pertsona guztiek ulertzeko moduko formatu bat erabiltzea. Aukera bat da partaidetza-mintegi bat egitea eta, bertan, TEk informazioa aurkeztuko du eta gainerako pertsonek emaitzak eztabaidatuko dituzte. Gainera, sektore eta/edo adin-tarte bakoitzaren arabera, “topaketa komunitario” bat antola daiteke.

Prozesu honen ondorioz, bi aukera egon daitezke:

  • Sarea eratzen duten pertsonak ados egotea aurkeztutako informazioarekin. Horrenbestez berehala esku har daiteke, zeren hiru protagonistek errealitatearen eta beren beharren ikuspegi berdina partekatzen dute.
  • Adoste ez egotea. Hori honen arabera egon daiteke:
  • Parte-hartzaile guztiek ez dute antzematen objektiboki garrantzitsuak diren elementu edo faktore jakin batzuek duten garrantzia. Kasu honetan, ezin da esku hartu lehenago informazio-ekintza bat egin gabe; hala, elementu edo faktore horien garrantzia ulertu ahal izango baita.
  • Diagnostikoan kontuan hartu ez izana subjektiboki oso garrantzitsuak diren elementu jakin batzuk. Orduan amaierako diagnostikoak kontuan hartu beharko ditu.

Puntu honetan, komunitatearen errealitateari buruzko ikuspegi osoago bat izango dugu, dagoenari, ez dagoenari eta falta denari buruzko kontzientzia komun handiagoa eta hobea; behar edo lehentasun partzial eta orokorrei buruzko ezagutza handiagoa, eta horiek erakundeek, baliabideek eta herritarrek soilik har ditzakete beren gain.

Osasuna ikuspegi komunitario batetik lantzeko gida metodologikoaBeharrak lehenestea

Lehenesteak esan nahi du beharrak aztertzeko pentsatu dugun orden horretan kokatzea beharrak. Horretarako gomendagarria da prozedura eta teknika espezifikoak erabiltzea, era isolatuan edo konbinatuan, baldin eta fase honetako objektibotasun-maila hobetzen laguntzen badute.

 

Lehenesteko hainbat metodo daude. Metodo hauek arazoaren garrantzian eta arazoan esku hartzeko benetako gaitasunean oinarritzen diren irizpideak (hedadura, larritasuna, ondorio soziala...) erabiltzen dituzte, zeren ez du zentzurik arazo bati heltzeak ez badago inolako konponbiderik. Gainera, garrantzitsua da kontuan izatea herritarrek sentitutako pertzepzioa.

Garrantzitsua da kontuan izatea partaidetza-metodologiak prozesu honetan, horretarako, teknika kualitatiboak erabiliko dira OTS eratzen duten pertsonak kontuan izanda.

Beharrak lehenesteko beharrezkoa da arazoaren larritasuna kontuan izatea, baita balizko esku-hartzeen eraginkortasuna eta egingarritasuna ere. Duen pragmatismoa dela eta, askotan erabiltzen den tresna da Hanlon metodoa.

Jardutea

Osasuna ikuspegi komunitario batetik lantzeko gida metodologikoaOsasunerako tokiko sarea sendotzea

Diagnostiko komunitarioa egin ondoren eta edozein esku-hartze planifikatzen hasi aurretik, OTS sendotzeko unea da, baita OTS osatzen duten pertsonek alderdi hauek argitzeari denbora eskaintzea ere:

  • OTSren misioa eta ikuspegia zehaztea, OTS eratzen duten agenteen iritzia eta itxaropena bilduz.
  • Antolamendu-egitura bat erabakitzea.
  • Estrategia bat garatzea parte-hartzean sektore gehiago inplikatzeko.
  • OTSko kideei eta komunitateko gainerako kideei (3. zirkulua) prozesu osoaren berri era eraginkorrean emateko estrategia bat diseinatzea.
  • Zehaztutako komunitatea berrikustea osasuneko desparekotasunen ikuspegitik eta populazio-talderen bati buruzko informazio gehiago beharrezkoa den balioestea.

OTSa eraikitzeko prozesuak bi egoera sor ditzake herritarren partaidetzari dagokionez:

 

  • Sarean herritarren partaidetza aktiboa sartzen da, dauden elkarte edo taldeek ordezkatuta edo era indibidualean erreferentziako agenteek ordezkatuta udalerriko bizitzan duten paper aktiboa dela eta.
  • Sareak ez du lortu herritarren ordezkaritza sartzea, eztabaida taldeetatik harago. Horrek ez luke prozesua geldiarazi behar eta administrazioen arteko aliantzen lana zein komunitatearen ezagutza aprobetxatu ahal izango da osasuneko mugatzaileak aztertzen jarraitzeko; baina jakitun izanik egiten duguna komunitateko lan intersektorial bat dela. Lan intersektorial honekin aurrera egiteak herritarren partaidetza sustatuko duten eta herritarrak prozesu komunitarioan sartzea ekarriko duten aukerak eskainiko ditu beti.

Puntu honetarako garatutako diagnostiko-prozesuak hau erraztuko du:

  • Baliabide profesional eta teknikoek bere jarduera, prestazio eta programak ordura arte egiten zituzten bezala egiten jarraitzea, baina orain komunitatean ezagunagoak izatea.
  • Koordinazioaren eta diagnostikoaren bidez, ekintzak edo programak egokitu dituzten zerbitzuak izatea, era integratuagoan eta beharretara egokituta gara daitezen; horrela, beren helburuak eta funtzionamendua hobetuz.
  • Komunitateak programa komunitarioak ezarri behar direla argiago izatea, diagnostikoaren ondoren, era globalean eta partaidetzazkoan aztertzeko egoera lehenetsiak. Horrek esan nahi du ez duela ez zerbitzu batek ez baliabide batek hartu behar bere gain, baizik eta horiek guztiek eta herritarren inplikazio efektiboarekin.
  • Lantalde berriak funtzionatzen hasi ahal izatea; hala, lantalde horiek gai zehatz batean edo sektore batean (sanitarioa, hezkuntzakoa...) edo populazio-tarte batean (haurrak, gazteak) dauden egoerak elkarrekin eta partaidetzazko eran landuko dituzte.

Puntu horretan, OTSk landu beharreko gai bat edo gehiago definituta izango ditu. Horietako bakoitzerako, prozedura hau proposatzen da:

Osasuna ikuspegi komunitario batetik lantzeko gida metodologikoaLantaldea zehaztea

 OTSren barnean, eragile komunitario guztiek zerbait eskainiko dute garatuko den esku-hartzearen analisian, diseinuan, martxan jartzean eta ebaluazioan. Bestetik, kontuan izan behar da, operatiboak izateko, beharrezkoa izan daitekeela lantalde murriztu eta espezifiko bat eratzea esku-hartze zehatzak diseinatu eta martxan jartzeko. Horrela, beharrezkoa izango da zehaztea OTSren barnean zein eragile komunitariok hartuko duten konpromisoa beren gain eta zein eragilek parte hartuko duten talde bakoitzean. Normalean, aztertu beharreko beharretik gertuago dauden eragile komunitarioak, bai programaren hartzaileak izateagatik bai gaia ezagutzen duten profesionalak izateagatik (gehienetan lanean dihardute era isolatuan), lehenengoak izango dira konprometitzen. Ona da norbait garrantzitsua falta den gainbegiratzea, aztertu beharreko arazoan bereziki nahasita dagoena, aurreko faseetan parte hartu ez duena eta lantaldeak bere presentzia garrantzitsutzat jotzen duena.                  

Komeni da erreferentziako pertsona bat egotea lantalde bakoitzean TErekin eta gainerako OTSrekin koordinatzeko.

Osasuna ikuspegi komunitario batetik lantzeko gida metodologikoaEsku-hartzeak diseinatzea

Beharrak lehenetsi eta gauzatu beharreko jarduketa-arloak hautatu ondoren, esku-hartzeak diseinatu beharko dira; beren helburuak edo xedeak ezarriz, horietara iristeko estrategiak edo moduak definituz eta, azkenik, ekintzak garatuz espero diren aldaketak lortzeko.

Lantalde bakoitzak bere proiektua diseinatuko du eta bere helburuak ezarriko ditu.

Esku-hartze bat diseinatzerako orduan garrantzitsua da esku-hartze horrek duen efizientziari, eraginkortasunari edo osasunean duen inpaktuari buruz literaturan jasotako ebidentzietan oinarritzea. Garrantzitsua da kontuan izatea komunitate bakoitza bakarra dela; beraz, proiektua egitean, beharrezkoa izango da esku-hartzeak gure komunitatearen berezitasunetara egokitzea.

Osasuna sustatzeko esku-hartzeen xedea hau da: pertsonetan eta inguruneetan aldaketak lortzea osasuna sustatzeko eta, horrela, komunitateko osasuneko mugatzaileak aztertzea. Horrek esan nahi du aldi berean lan egitea arlo pertsonalean, antolamendukoan eta politikoan; beraz, esku-hartzeen kalitatea bermatzeko beharrezkoa da partaidetza sustatzen duten hainbat estrategia erabiltzea eta osasuna, hezkuntza eta komunitatearen ahalduntzea sustatzen duten politikak garatzea.

Kontuan izan behar da garatu beharreko esku-hartzeak oso handinahiak izan daitezkeela edo ekimen txikiak. Nolanahi ere, interesgarria da ezarri aurretik kontzeptu hauek zehaztea:

  1. Ikuspegia

Ikuspegiak esaldi labur batean komunikatzen ditu taldeak komunitateko baldintza idealtzat jotzen dituen horiek, lehenetsitako beharra konpondu izan balitz.

  • “Nerabe alaiak”.
  • “Fisikoki, mentalki eta emozionalki aktiboak diren adinekoak”.
  1. Misioa

Misioak taldeak zer egin nahi duen era zehatzean deskribatzen du, lehenetsitako beharrari erantzuna emateko.

  • “Haurtzarotik osasuna sustatzea eta garatzea gurasotza era positiboan sustatzen duen familia eta komunitate-ekimen baten bidez”.
  • “Udalerriko adinekoen arteko harremana sustatzea ibiltari-taldeen bidez”.

III. Aktiboen mapaketa

Proiektuak arrakasta izaten laguntzeko eta lortu ezin daitezkeen helburuak ez ezartzeko, beharrezkoa da balioestea zein baliabide tekniko eta/edo material beharko diren, hau da, komunitatearen aberastasunak ezagutzea. Gauzatu nahi den edozein egoeraren aurrean, elementu positiboak balioestea abiatzeko puntu on bat da.

Osasuneko aktiboen mapaketa komunitate bateko pertsonak proiektu zehatz batean osasunerako aktiboak identifikatzen inplikatu nahi dituen estrategia bat da.

Osasunerako aktiboen ereduak onartzen du osasuna sortzeko funtsezko aktiboetako asko pertsonen bizitzako testuinguru sozialetan daudela eta, hortaz, desparekotasunak murrizten lagun dezake.

Mapaketaren hasierako puntua da lehendik baliabide/aktibo formalei eta informalei buruz bildutako informazioa, datu horiek izanik, behar zehatz bati erantzungo dioten osasunaren aktiboak identifikatzeko eta ikusgai bihurtzeko.

Komunitate bateko aktiboen mapa bat egitea datuak biltzea baino zerbait gehiago da, zeren harremanen eta babesen sare bat ehuntzeko aukera ematen baitu, eta horiek, beste une batean, herritarren bizitza-kalitatea hobetzen lagunduko duten proiektuak sortzen lagun dezakete.

Aurrez, beharrezkoa da hau argi izatea:

  • Zergatik nahi dira aktiboak identifikatu?
  • Zertarako?
  • Norentzat?
  • Non?
  • Zein da proiektuaren testuingurua?
  • Nortzuek egingo dute?

Aktiboak esploratzeko komunitateak ondorengoak adieraz ditzakeen metodologiak erabiltzen dira:

  • Zein baliabide jotzen dituen osasunerako eta ongizaterako garrantzitsutzat.
  • Zer den jendea ondo sentiarazten duena, osasungarri sentiarazten duena.
  • Zerk egiten duen leku bat bizitzeko toki on bat.

Mapaketarako gehien erabiltzen diren teknikak hauek dira:

  • Sakoneko elkarrizketak (aurrez aurreko topaketa funtsezko eragile baten eta informazioa jasotzen duen pertsonaren artean).
  • Eztabaida-taldeak (elkarrizketa talde txikian eta homogeneoan, interes komuneko gai bati buruzko informazioa lortzeko, galdera-gidoi batekin eta moderatuko duen norbaiten laguntzarekin).
  • Paseo komunitarioak (era kolektiboan toki jakin batzuen kartografia egiteko elkartzen diren pertsonak; bertan, edonork parte har dezake).
  • Argazkiak mezuekin (inpresioak deskribatzea eta trukatzea komunitatearen argazkien bidez).
  • Istorioak kontatzea (jendea gonbidatzea egoera zailei nola aurre egin dien konta dezaten eta parteka dezaten).
  • Kafe-berriketaldiak (interesgarria den gai bati buruzko elkarrizketa sortzea).
  1. Helburuak

Helburuak ekimenaren emaitza espezifiko neurgarriak dira. Ezaugarri hauek izan behar dituzte:

  • Espezifikoak dira: zenbat, zertaz, noren bidez eta noizko adierazten dute.
  • Neurgarriak
  • Eskuragarriak
  • Nabarmenak dira: taldearen ikuspegira eta misiora egokitzen dira.
  • Erronka bat dira: taldeari ahaleginak eginarazten dizkio helburuak ezar ditzan taldearentzat garrantzitsuak diren hobekuntza nabarmenei buruz.  

Komunitate bateko adineko pertsonen osasuna sustatzeko ekimen komunitario baten helburuetako bat hau izan daiteke:

  • “2015erako (noizko), adineko pertsonen (nor) % 20 (zenbat) astero elkar daitezela lortzea udalerrian dinamizatutako ibilbideetan ibiltzeko (zer)”.
  1. Estrategiak

Estrategiek helburuak nola lortu azaltzen dute, gauzak nola egingo diren azaltzen dute.

Lehen aipatu bezala, osasuna sustatzeko esku-hartzeek estrategia desberdinak konbinatzen dituzte jarritako helburuak lortzeko. Helburuak hauek izan daitezke: informazioa lortzea, gaitzea, babesa handitzea, barrerak kentzea, aukerak sortzea, baliabideak handitzea, arauak aldatzea, etab.

Pertsonen, komunitatearen eta erakundeen mailan aktiboak sustatzeak estrategia desberdinak planteatzea erraztuko du eta proposatutako helburuak lortzen lagunduko du.

Osasuna ikuspegi komunitario batetik lantzeko gida metodologikoaEsku-hartzeak martxan jartzea

Esku-hartze bat martxan jartzeko, beharrezkoa da ondorengo alderdi hauek erabat, argi eta era eguneratuan zehazten dituen ekintza-plan bat izatea:

  • Esku-hartzearen zein ekintza edo alderdi gauzatuko dira.
  • Nork eramango du aurrera.
  • Nola ezarriko da.
  • Ekintza noiz egingo da eta zenbat denboran mantenduko da.

Gogoratu beharra dago ekintza-plan bat beti aurreratzen ari den lan bat dela, eta beraz baliteke egokitu behar izatea, ezartzen den heinean.

Une honetan hau erabilgarria izan daiteke:

  • Ekintza-plana pertsona guztiei banatzea idatzien bidez, zeregin espezifikoei esleitutako izenekin, hartuko diren konpromisoak argi gera daitezen.
  • Aldi baterako plangintza osoa, argia eta eguneratua dela ziurtatzea.
  • Aldian behingo bilerak ezartzea. Horietan parte-hartzaile bakoitzak hartutako konpromisoaren garapenari buruz informatuko du.
  • Egiten ari den lana jasoko duen erregistro bat prestatzea, ebaluazioa erraztu dadin.

Osasuna ikuspegi komunitario batetik lantzeko gida metodologikoaEsku-hartzeak ebaluatzea

  • I. Ekintza-planaren segimendua

Ekintza-plana zehaztu eta martxan jarri ondoren, beharrezkoa da planaren segimendua egitea. Horrela, beharrezkoa da lantaldeak buruan hainbat gai izatea:

  • Egitea pentsatu genuen hura ari al gara egiten?
  • Adostu zen bezala ari al gara egiten?
  • Egiten ari garenak misioa aurrerarazten al du?

Lantaldeak segimendu-sistema bat ezarriko du. Sistema horrek planifikatzeko, esku hartzeko eta ebaluatzeko prozesu zirkularra erraztuko du, eta lantaldeak proiektuaren jarraitutasuna, aldaketa edo amaiera balioetsi eta erabaki ahal izango du.

  • II. Esku-hartzeen emaitzak

Prozesu komunitario baten ondorioz martxan jarritako ekimenen azken helburua da komunitate baten behar partekatuei aurre egitea, komunitatea konponbideak bilatzen zuzenean inplikatuta.

Garatutako esku-hartzearen emaitza ebaluatzerako orduan, lantaldeak balioetsi egin beharko du zein neurritaraino erantzun zaien proposatutako helburuei. Horretarako, esku-hartzearen diseinuan planteatu ziren helburuetan ezarritako adierazleen betetze-maila egiaztatuko da.

  • III. Esku-hartzeen kalitatea

Esku-hartzeen kalitatea ebaluatzeko beharrezkoa da aztertzea, ea kontuan izan diren osasuna sustatzeko hainbat estrategia. Beraz, beharrezkoa da galdetzea zein neurritaraino:

  • Bere parte-hartzaileak (esku-hartzean inplikatuta dauden hainbat aktore izango lirateke) sentitzen diren prozesuaren protagonistak.
  • Parte-hartzaileek gaitasunak garatu dituzten beren osasuna eta ongizatea mantentzeko edo sortzeko erabakiak har ditzaten.
  • Ekimena gehien behar zuten pertsonengana iritsi den.
  • Inplikazio instituzionala sustatu den; hala, arduradun politikoek tokiko alorrean osasuna sustatzearen aldeko jarrera izatea lortu den.
  • Osasuna babesten duten inguruneak sortu diren.

Horrela jakingo dugu zein neurritaraino lortu diren aldaketak pertsonetan eta inguruneetan, hori baita, finean, osasuna sustatzeko ekimenekin lortu nahi dena.

Prozesua ebaluatzea

Prozesu komunitario bat, beste edozein bezala, eraginkortasunaren eta efizientziaren ikuspuntutik ebaluatu eta aztertu behar da.

Programetako edo esku-hartzetako bakoitza ebaluatzeaz gain, aurreko puntuan azaldu den bezala, prozesu komunitario baten ebaluazioak OTSren lana, jarraitutako ibilbidea, parte-hartzea eta sortutako ekimenak eta lanaren sendotasuna zein jarraitutasuna ebaluatzea eskatzen du.

Halere, ebaluazio hori ez da erraza. Orain arte, eta denboran zehar horrelako lanak garatu arren, garatutako esperientziek sortu duten ebidentzia mugatua da. Muga hori ebaluatu beharreko prozesuen konplexutasunarengatik beragatik sortzen da, baita osasuna sustatzeko esku-hartzeen ondoriozko inpaktua gizabanakoen eta komunitatearen osasunean neurtzeko zailtasunarengatik ere. Nolanahi ere eta muga horiek guztiak izan arren, ebaluatzeko beharra eztabaidaezina da eta beharrezkoa da esperientziak zorroztasunez ebaluatzeko ahalegina egitea, prozesu komunitarioak ebaluatzeko beharretara eta berezitasunetara egokituta.

Prozesu komunitarioaren ebaluazioa erabilgarria da, zeren honetan laguntzen digu:

  • Egindakoa deskribatzen.
  • Prozesuaren programazioari buruzko erabakiak hartzen.
  • Lorpenen eta zailtasunen kontzientzia hartzen.
  • Babesak biltzen.
  • Bere jasangarritasunari buruzko gogoeta egiten.
  • Egindako lanari garrantzia ematen eta ikusgarri bihurtzen erakundeen eta profesionalen aurrean.

Prozesu komunitario bateko aurrerapenak neurtu ahal izateko, beharrezkoa da prozesuaren abiapuntua ezagutzea.

Komunitate bakoitzak bere ibilbidea egingo du eta bertan egiten diren aldaketak edo hobekuntzak soilik neurtu ahal izango dira bere abiapuntuarekiko eta lortu nahi diren helburuekiko. Horren ondorioz, funtsezkoa da ahalik eta zehaztasun handienarekin zehaztea ebaluatu beharreko prozesu komunitarioa nondik, zein egoeratatik abiatzen den; ondoren, egindako ibilbidea, egindako aldaketak, erdietsitako lorpenak eta lortutako porrotak neurtu edo ulertu ahal izateko.

Ez da kanpoko auditoria bat; aitzitik, sareak berak gauzatuko du bere garapenaren zati gisa. Horrek eskatzen du sareko parte-hartzaileak tartean sartzea zeregin hauetan:

  • Ebaluatzeko irizpideak ezartzen.
  • Datuak jasotzen eta aztertzen.
  • Lortutako informazioa erabiltzen prozesu komunitarioa egokitzeko eta hobetzeko.

Partaidetza Ekintzaren Ikerketan (PAR ingelesez, Participatory Action Research) ebaluazioa garrantzitsutzat jotzen da partaidetza-ereduaren zati integral gisa eta pertsonak zein komunitateak gaitzeko funtsezko elementu gisa.

Prozesu komunitario bat ebaluatzerakoan komenigarria da 3 alderditan zentratzea:

  1. Komunitatearen autonomia-maila handitzen duten gertaera, gertakari edo ekintzetan eta komunitatearen sormena eta autokudeaketarako gaitasuna indartzen duen horretan.
  2. Harremanen kalitatean, protagonisten, prozesuan era batera edo bestera parte hartzen duten pertsonen artekoan; alde batetik, beren proiektua eta beren helburuak aurrera eramaten dituzten eta, bestetik, proiektu kolektiboarekin erlazionatzen dakiten talde, elkarte edo zerbitzuen artekoan.

III. Biztanleengana iristeko gaitasunean, baita behar bereziak dituzten pertsona, talde eta kolektiboen integrazioa laguntzeko eta errazteko gaitasunean ere.

Irizpide hauetako bakoitzaren garapen-maila balioesteko, OTSk bere errealitaterako egokienak diren adierazleak aditzera eman behar ditu.

Jarraian, adierazleen definizioa errazteko hainbat proposamen aipatzen dira:

I. Komunitatearen autonomia-maila neurtzeko:

  • OTSren jasangarritasuna eta sendotasuna. Sare batek ez du funtzionatzen ez badu argi bere misioa, sarea osatzen dutenek ez badituzte helburu komunak eta adostuak partekatzen, ez badakite zertarako, nola eta norentzat lan egiten duten elkarrekin. Beharrezkoa da zehaztea misio bat eta helburu komun batzuk eta horiek lortzeko ekintzen proposamen bat.

Adibidea: OTSren lan-plana jasotzen duen dokumentu idatzi bat izatea (misioa, helburuak, antolamendu-egitura, funtzionamendua, eratutako lantaldeak...).

  • Parte hartzen duten agenteak. Hemen eragile mota (herritarrak, baliabide teknikoak eta/edo administrazioa), asistentziaren kopurua eta maiztasuna, kideen berritze-tasa, etab. sartzen dira.

Adibidea: Prozesuetan oinarrizko hiru protagonistek OTSn parte hartzea; jarraitutasuna eragile komunitario motaren partaidetza-proportzioan.

  • Talde eta/edo elkarte berrien eraketa eta funtzionamendu autonomoa.

Adibidea: Talde berrien kopurua eta prozesu komunitarioaren ondorioz eratutako elkarteak.

  • Komunitatearen ekimenez sortutako ekintza komunitarioak, zerbitzuak eta/edo programak.

Adibidea: OTSren lanetik sortutako ekimen berriak (programak, tailerrak, udal-ordenantzen aldaketa...) martxan jartzea.

II. Hiru protagonisten arteko harremanen kalitatea neurtzeko:

  • Aldeen arteko komunikazio-bideak (iragarki-taula, sare soziala, iradokizun-postontzia, etab.).

Adibidea: Hiru protagonistentzat komunikazio-bide arin, eskuragarri eta operatibo bat izatea.

  • Sareak komunitatean duen hedadura. Nola komunikatzen den sarea komunitateko gainerako kideekin.

Adibidea: Udal-webgunean atal bat izatea sareko jarduerari buruzko informazioa eskaintzeko.

III. OTSk hainbat kolektiboren integrazioa errazteko duen gaitasuna neurtzeko:

  • Parte hartu duten talde sozialak, ekintzekin eragina izatea lortu den taldeak eta eraginik izan ez den taldeak.

Ekitatea bermatzeko beharrezkoa da alderdi hauek kontuan izatea: generoa, adina, jatorrizko herrialdea, estatus sozioekonomiko desberdinak, etab.

Adibidea: Diagnostiko komunitarioaren bidez identifikatutako baliabide guztiei gonbidapen formala egitea.

Autonomia-irizpide berdinak eta protagonisten zein ekitatearen arteko erlazioa kontuan izanda, prozesu komunitarioaren ebaluazioa sareko kideekiko hurbilpen ebaluatibo kualitatibo batetik ere aberats daiteke. Prozesu bakoitzeko errealitatearekiko egokienak diren teknikak erabilita (iradokizunen postontzia, inkestak, elkarrizketa pertsonalak, talde fokalak, etab.) garrantzia handia duten alderdi hauei buruzko sareko kideen pertzepzioa jaso ahal izango da:

  • Lehendik zeuden talde eta elkarteak garatzeko eta indartzeko prozesuak nolako ekarpena egin duen.
  • Taldeek eta elkarteek nola garatu duten beren autonomia eta nola murriztu duten kanpoko faktoreekiko eta elementuekiko (edozein eratakoak izanda ere) beren behin-behineko menpekotasuna.
  • Nolako ekarpena egin dion prozesuak liderrak azaleratzerako eta haien prestakuntzarako.
  • Nola lortu den talde bakoitzaren edo elkarteen interes eta helburu espezifikoen eta komunitatearen bizi-baldintzak hobetzeko proiektu eta programa orokorren arteko konexioa.
  • Nola egin duten aurrera hiru protagonisten arteko erlazioek, elkarrizketari, elkarren arteko errespetuari eta bakoitzaren papera ulertzeari dagokionez.
  • Nola egin den prozesuan handicap sozialak dituzten populazioko sektoreen benetako integrazioa edo nolako ekarpena egin den marjinatuta edo isolatuta egoteko.

Informazioa jaso ondoren, beharrezkoa da aztertzea eta interpretatzea.

TEk OTSri emaitzen berri ematea planifikatu eta prestatu egin behar du, horiei buruz eztabaidatzeko eta prozesuko alderdiak mantendu edo aldatu behar diren balioesteko.

Horrela, ebaluazioak estandar batzuen neurketa gainditzen du eta aktibo batean bilakatzen da prozesu komunitarioa etengabe hazteko.

Azken aldaketako data: