Osasun Saila

Beroarekiko esposizioa

Plan de recomendaciones calor

Tenperatura altuek ondorio negatiboak dituzte osasunean, eta ondorio horiek morbilitatea eta heriotza-tasa handitzean islatzen dira, bereziki klima epeleko eremuetan.

Gaixotasun kardiobaskularren eta arnas gaixotasunen ondoriozko hilkortasunean eragin zuzena dute tenperatura altuek.

Tenperatura altuak ura eta elektrolitoak galtzea eragiten du, eta horiek beharrezkoak dira organoen funtzionamendu normalerako.

Norbanakoaren osasunari dagokionez, aldaketa termikoek erantzun fisiologiko eskasa eragin dezakete sistema termorregulatzailean, eta horrek arazoak eta alterazioak eragiten ditu.

Beroaren eraginpean egoteak herritar guztiei eragin diezaieke, baina talde zaurgarrienak dira kaltetuenak.

Tenperatura altuek osasunerako dituzten arriskuak

Deshidratazioa. Ur eta elektrolito gehiegi galtzen diren izerdiagatik gertatzen da.

  • Tenperatura oso altuak ura eta elektrolitoak galtzea eragiten du, eta horiek beharrezkoak dira organoen funtzionamendu normalerako.

Intsolazioa edo bero-kolpea. Gorputzaren termoerregulazio-sistemak huts egin duelako gertatzen da, eta horrek zaildu egiten du pertsona tenperaturaren bat-bateko igoerara egokitzea.

  • Gehiegizko beroarekiko esposizioaren ondorioz, gorputzaren sistema termorerregulatzaileak ez du modu egokian erantzuten, eta horrek osasunean alterazioak eragin ditzake. Tenperatura-aldaketa hori progresiboa denean, egokitzeko gaitasuna handiagoa da, baina bat-batean gertatzen denean, intsolazioa edo bero-kolpea eragin dezake.

Kontuan hartu beharreko sintomak

Beroak osasunean eragindako inpaktuek larritasun desberdina izan dezakete: karranpak, beroaren ondoriozko akidura, estres termikoa, deshidratazio-koadroak, sinkopea eta bero-kolpea. Neurri egokiak hartu gabe, ondorio larriak izan ditzakete.

Deshidratazioa. Egarria, ondoez orokorra, urdail-hesteetako alterazioak eta  kalanbre muskularrak izaten dira.

Beroagatiko karranpak. Muskulu-uzkurdurak, batez ere muskulu eskeletikoarenak. Desoreka hidroelektrolitiko baten ondorio da, hidratazio desegokiaren ondorio, ariketa fisikoa egitean hiponatremia eta, batzuetan, hipomagnesemia eta hipopotasemia eragiten dituena.

Beroagatiko sinkopea. Hipotentsioa, izerditzea, larruazal hotza, dardara, konorte-galtzea, zurbiltasuna, zorabioa eta esfinterren erlaxazioa ikus daitezke, larruazaleko basodilatazioaren, zain-itzulera desegokiaren eta garun-hipoperfusioaren ondorioz. Egoera termiko desegokietan denbora luzez jarrera bat izateagatik ere gerta daiteke, eta horrek tentsio arteriala jaistea eragiten du.

Beroagatiko akidura. 40 °C-tik beherako sukarra, buruko mina, nekea, goragalea, zorabioa, larruazal hotz zurbil eta hezea, izerdi handia, pultsu azkarra eta ahula, nekea,  zorabioa eta giharretako karranpak agertzen dira. Behar bezala tratatzen ez bada, bero-kolpea eragin dezake.

Nola jokatu beroagatiko akidura kasuan:

  • Arropa lasaitu eta arindu
  • Ura hurrupaka edan
  • Leku freskoa bilatu eta bertan egon
  • Tenperatura urarekin edo oihal hotzekin jaitsi
  • Osasun-laguntza bilatu goragalea agertzen bada, sintomek okerrera egiten badute edo ordubetetik gora irauten badute bai eta gaixotasun kronikoen kasuan ere.

Bero-kolpea. 40 °C-tik gorako gorputz-tenperatura, arnasketa eta pultsu azeleratua eta fuertea. Agian ez dago izerdirik. Lotutako beste sintoma batzuk: larruazal beroa eta gorritua, konbultsioak, goragalea eta gorakoak, haluzinazioak, suminkortasuna edo portaeraren alterazioak, nahaste-egoerak eta eldarnioa.

Nola jokatu bero-kolpe kasuan:

Hil ala biziko larrialdia da. 112 ZENBAKIRA DEITU BEREHALA

Laguntza iritsi bitartean:

  • Pertsona leku fresko batera eraman
  • Tenperatura jaisten lagundu, urarekin edo oihal hotzekin
  • Konorterik gabe badago eta botaka egiten badu, burua okertu eta airebideak libre eduki.
  • Ez eman ezer edateko

Osasunerako arrisku-faktoreak, tenperatura altuengatik

Aldaketa termikoek ez diote populazio osoari berdin eragiten; gizabanako bakoitzaren ezaugarri pertsonalek, ingurumenekoek, sozialek eta tokikoek eragiten dute, zaurgarritasuna areagotzen dute eta zaildu egiten dute aldaketa termikoetara eta tenperatura altuetara egokitzea. Hori dela eta, kontuan hartu behar dira behar bezala jarduteko eta zaintzeko.

Arrisku-faktore pertsonalak:

  • Adina: adinekoak eta 4 urtetik beherako haurrak
  • Haurdunaldia eta edoskitzea
  • Gaixotasun kronikoak (kardiobaskularrak eta/edo zerebrobaskularrak, arnasketakoak, mentalak, giltzurrunetakoak, diabetes mellitusa, obesitate morbidoa, pisu baxuegia, paziente terminalak, paziente immobilizatuak)
  • Zenbait medikamentu kontsumitzea (diuretikoak, neuroleptikoak, antikolinergikoak eta lasaigarriak)
  • Memoriaren nahasmenduak, mugitzeko zailtasunak, ulertzeko edo orientatzeko zailtasunak edo autonomia gutxi eguneroko bizitzan
  • Elikadura-nahasmenduak
  • Gaixotasun akutuak tenperatura altuegiak daudenean
  • Alkoholaren eta beste droga batzuen kontsumoa
  • Beroak eragindako aurretiko patologiak

Ingurumeneko, laneko edo gizarteko arrisku-faktoreak

  • Isolamendu soziala eta etxerik eza
  • Klimatizaziorik ez duten eta/edo hozteko zailak diren etxebizitzak
  • Lan-arrazoiengatik beroaren gehiegizko eraginpean egotea (kanpoan eskuz lan egitea edo giro beroekin kontaktu handia izatea eskatzen duena, babes-ekipo pertsonalak erabiltzea, produktu kimiko arriskutsuekin lan egitea)
  • Intentsitate fisiko handiko kirol- edo aisialdi-jarduerak
  • Airearen kutsadura
  • Bero-uharteak (giro oso urbanizatua, itzalik eta landaretzarik gabeko eremuak, etab.)
  • Zenbait egunez tenperatura altuen eraginpean egotea, baita gauez ere

Tokiko arrisku-faktoreak:

Tokiko faktoreek baldintzatzen dituzte erosotasun-tenperatura, kontuan hartu beharreko atalase-tenperaturak eta tenperatura eta hilkortasunaren arteko asoziazioa, hau da, eraginaren tamaina. Beraz, mutur termikoen eragina ez dago balio absolutuen mende, baizik eta leku jakin bateko tenperaturen normaltasun-tartearen barruan egotearen edo ez egotearen mende.

Beroaren ondorioak prebenitzeko gomendioak

Deshidratazioa saihestu:

  • Ura eta likidoak maiz edan, egarritu arte itxaron gabe.
  • Saihestu kafeinadun edariak, alkoholdunak edo azukre asko dutenak. Ez dute egarria baretzen eta deshidratazioa errazten dute.
  • Entsaladen, barazkien eta fruten kontsumoa handitu, izerdiagatik galtzen diren gatz mineralak leheneratzeko.
  • Saihestu janari koipetsuak eta ugariegiak, berora egokitzea zailtzen baitute.

Berotik babestu:

Kanpoan:

  • Eguerdiko orduetan eguzkia saihestu. Ez jarri inoiz eguzkitan 6 hilabete baino gutxiagoko haurtxoak.
  • Eguzkitik babestu kapela, eguzkitako betaurrekoak eta eguzkitako krema erabiliz.
  • Erabili arropa arina, zabala eta izerditzen uzten duena.
  • Saihestu jarduera fisiko bizia bero handieneko orduetan. Jarduera arratsalde amaieran programatu. Zeharkaldiak edo mendi-ibiliak eginez gero, eguraldiaren iragarpena kontsultatu eta ur nahikoa dela ziurtatu.
  • Osasun-langileekin kontsultatu tenperatura handiekin zerikusia duten eta ordubete baino gehiago luzatzen diren sintomak agertutakoan (ahulezia, nekea, zorabioak, goragalea, ikusmen lausoa, zorabioa…).

Barruan:

  • Bero gutxien egiten duten uneak aprobetxatu gelak aireztatzeko eta freskatzeko.
  • Eguneko ordurik beroenetan, saihestu beroa sortzen duten makinak eta aparatuak erabiltzea.
  • Haizagailuen erabilerak barrualdeak freskatzen laguntzen du.
  • Bero handia nabaritzen bada, komeni da gorputza ur freskoarekin freskatzea, batez ere aurpegia eta eskuak.

Pertsona zaurgarriak zaindu:

  • Beroaren ondorioz edozein pertsonak arazoak izan ditzakeen arren, arreta berezia jarri behar zaie haurtxoei eta adingabeei, haurdunei eta bular-emaileei, bai eta adineko pertsonei eta gaixotasunak dituztenei ere.
  • Inork EZ du INOIZ geratu behar aparkatuta eta itxita dagoen ibilgailu batean, itzalpean egon arren; bereziki adingabeek, adinekoek edo gaixotasun kronikoak dituzten pertsonek.
  • Adineko pertsonek, batez ere bakarrik bizi direnek edo mendekotasuna dutenek, zailtasunak izan ditzakete babes-neurriak hartzeko; beraz, komenigarria da egunean behin bisitatzea.

 

Larrialdi kasuan, deitu 112 zenbakira

Uda iristearekin eta tenperaturak igotzearekin batera, Osasun Sailak plan bat jartzen du abian gehiegizko tenperaturek pertsonen osasunean dituzten ondorioak prebenitzeko. Planak alerta-sistema bat eta herritar guztiei, egoitzei, lantokiei eta osasun-zentroei zuzendutako gomendio batzuk jasotzen ditu, arrisku handieneko pertsonak babesteko eta zaintzeko jarraibideak emanez.

Hemen duzu Plana zehatzago ezagutzeko aukera:

Azken aldaketako data: