Osasun Saila

Birziklatze-ikastaroa

Legionellari dagokionez arriskuko instalazioen mantentze higieniko-sanitarioaz arduratzen diren langileen ziurtagiriak berritzeko birziklatze-ikastaroak emateko baimena.

Legionelosia prebenitu eta kontrolatzeko irizpide higieniko-sanitarioak ezartzen dituen uztailaren 4ko 865/2003 Errege Dekretuak, bere 13. artikuluan zera ezartzen du: mantentze higieniko-sanitario lanetan aritzen diren langileek, kontratatutako kanpoko zerbitzu edo entitatekoa izan zein instalazioko bertako langileak izan, Osasun eta Kontsumo Ministerioaren otsailaren 7ko SCO/317/2003 Aginduan ezarritakoaren arabera homologatutako ikastaroak egin beharko dituzte.

Agindu horren bosgarren atalean ezartzen da, halaber, mantentze higieniko-sanitario lanetan aritzen diren langileek bost urtetik behin ikastaro bat egingo dutela. Ikastaro hori, hasierako prestakuntza-ikastaroko edukien aurrerapen zientifiko-teknikoetara egokitzeko egingo dute, eta gutxienez 10 orduko iraupena izango du. Gainera, ikastaroak honako hauek barne hartuko ditu: osasun publiko eta laneko osasunaren arloetan indarrean dagoen legeriari buruz dituzten ezagutzen egunerapena, puntu kritikoen identifikazioa eta kontrol-programen elaborazioa.

Ikastaro hori gaindituz gero, hasierako ikastaroa gainditu zuten langileei egindako gaitasun-ziurtagiriak berritzeko aukera emango zaie.

I eranskin (doc, 349 KB) gisa, eguneratze-ikastaro honetan jorratu beharreko puntuen zerrenda gaineratzen da. Ziurtagiriak estatu osorako baliozkotasuna duenez, eduki horiek autonomien artean erabaki dena kontuan hartuta finkatu dira eta Osasun, Gizarte Politika eta Berdintasunaren Ministerioak arautzen duenaren arabera aldaketaren bat izan lezakete.

Berritze-ikastaroak, hasierako ikastaroa emateko gure autonomia-erkidegoan jadanik baimenduta dauden ikastetxe edo entitateek eman ahal izango dituzte, baina aldez aurretik eskabidea bete beharko dute (proposamena dakarren memoria teknikoa erantsiz) eta Osasun Publikoko Zuzendaritza honek onartu beharko du. Era berean, beste ikastetxe edo entitate batzuei baimena eman ahal izango zaie, baldin eta gorago aipatutako SCO/317/2003 Aginduan ezarritako irizpide berberak jarraitzen badituzte. Edozelan ere, ikastaroak ematen dituzten langileek ezagutza zabalak izan beharko dituzte, baita garatu beharreko gaietan eskarmentu handia ere.

Ikastaroa emateaz arduratuko direnek, ikastaro bakoitza bukatzean, aktak prestatu beharko dituzte. Akta horietan ikastaroa gainditu duten ikasleen zerrenda agertuko da (II eranskina (doc, 322 KB)) eta, horrez gain, III eranskin (doc, 304 KB) gisa gaineratzen den ereduari jarraiki, dagozkien gainditze-ziurtagiriak egingo dituzte.

Donostia-San Sebastian, 1. 01010 - Vitoria-Gasteiz. Tfnoa. 945 019201
Faxa: 945 019192 e-mail: dirsalud-san@euskadi.eus