Kontsumobide

Kontsumobide Aholkuak

Berankorren fitxategiak

Norbaiti zor bat ordainarazi nahi zaionean, ohikoa izaten da zorduna berankorren fitxategi batean sartzea. Horrek, ordea, arazo larriak sor ditzake zorra duenak bere kaudimena frogatu nahi duenean; adibidez, mailegu bat eskatzeko orduan, energia- edo telefono-hornidura kontratatzerakoan eta abar.

Oso erraza da berankorren fitxategi batean sartzea -nahikoa izan daiteke ordainagiri bat atzera botatzea-, baina zailagoa da handik ateratzea. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoaren arabera, diru-betebeharrak betetzeari edo ez betetzeari buruz emandako datu pertsonalak (hartzekodunak edo norbaitek bere kabuz edo interesez emanak) tratatu eta fitxategi erkide batean gorde daitezke -berankorren erregistroak-. Fitxategi horien helburu bakarra da ukitutako pertsonari buruzko kreditu-informazioa eskaintzea, hari baimenik eskatu beharrik izan gabe.

Soilik honako datu pertsonal hauek erregistratu eta laga daitezke: erabakigarriak direnak ukitutako pertsonaren kaudimen ekonomikoa epaitzeko. Edozein kasutan, baldintza hauek beti bete beharko dira:

  • Aldez aurretik benetako zor bat egon beharko da, epemuga beteta duena, exijitzeko modukoa, ordaindu ez dena, eta erreklamazio judizial, arbitral edo administratiborik eragin ez duena.
  • Ez dira 6 urte igarota egon beharko zorra ordaindu beharra egon zenetik edo, aldizkako epemugadun zorra izanez gero, haren epe zehatza igaro zenetik.
  • Zorra ordaintzeko aurretiko errekerimendua.

Hartzekodunak, kontratua egitean eta, edozein kasutan, zorra ordaintzeko aurretiko errekerimendua egitean, zordunari jakinaraziko dio, aurreikusitako epean ordaintzen ez badu, haren datuak berankorren fitxategiei jakinarazi ahal izango zaizkiela.

Beste aldetik, ziurtatu behar du aipaturiko baldintza horiek guztiak betetzen direla; baldintza horiek bete ezean edo okerrak izanez gero, bera izango litzateke erantzule. Gainera, baldintza horiek egiaztatzen dituzten agiriak gorde beharko ditu, fitxategiaren arduradunaren eta Datuak Babesteko Espainiako Agentziaren esku utzi behar direnerako. Datuak baldintza horiek bete gabe sartuz gero, pertsonak ezerezteko eskubidea baliatu dezake. Eta, aurreko baldintzetakoren batekin kontraesana sortzen duen froga-hastapenik baldin badago, datua ezereztu egin beharko da, kautelaz.

Egia esan, datu hauek bakarrik tratatu ahal izango dira: une zehatz bakoitzean zorra zein egoeratan dagoen benetan adierazten duten datuak. Beraz, honako kasu hauetan ezereztu egin beharko dira:

  • Zorra ordaindu edo betetzen bada.
  • 6 urte igaro badira ordaintzeko betebeharraren epemugatik edo, aldizkako epemugadun zorra izanez gero, haren epe zehatza igaro zenetik.

Fitxategiaren arduradunak 30 eguneko epean jakinaraziko dizkio ukitutako pertsonari haren datuak fitxategi batean sartu direla eta honako eskubide hauek baliatu ahal dituela: atzipena, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubidea.

Zor bakoitzeko jakinarazpen bat egin beharko da, -berdin dio zenbatekin duen zorra, hartzekodun bakar batekin edo gehiagorekin-, eta bitarteko fidagarri bat erabiliko da, jakinarazpena egin dela egiaztatu ahal izateko -burofaxa, posta ziurtatua eta abar-.

Jakinarazpena itzuliz gero, datuak ezin izango dira tratatu. Kasu horretan, fitxategiaren arduradunak erakunde hartzekodunarekin egiaztatu beharko du ea zuzena den pertsonaren helbidea. Hartzekodunak ez badu berresten datu hori, datuak ezin izango dira tratatu.

Gerta daiteke inolako jakinarazpenik ez jasotzea, baina sartuta zaudelako susmoa izatea: adibidez, kreditu bat ukatzen dizutenean arrazoi garbirik gabe. Halakoetan, komeni da saiatzea jakiten ea halako fitxategiren batean ote zauden; izan ere, hala izanez gero, zure eskubideak baliatu ahal izango dituzu datuetara sartzeko, haiek zuzentzeko eta ezerezteko eta haien aurka egiteko. Honako urrats hauek egin daitezke:

  • Datu horiek banketxearen beraren bidez lortzen saiatu: haiek oso erraza baitute erregistroetara sartzea.
  • Zuzenean jo dagokion berankorren erregistrora. Hauek dira enpresek gehien erabiltzen dituztenak: Kreditu Establezimendu Finantzarioen Espainiako Elkartea (KEFEE/ASNEF) eta Ordaindu Gabeko Onarpenen Erregistroa (OOE-RAI). Batzuetan, ordaindu egin behar izango duzu informazioa eskuratzeko. Kontuz ibili doako informazioa eskaintzen dizuten erakundeekin; izan ere, askotan, tarifa gehigarriko telefono-zenbakien bidez ematen dute informazioa (eta tarifa hori ordaindu egin behar duzu).
  • Sistemako beste edozein erakundetara jo, adibidez, fitxategian sartzeko eskatu zuen erakunde hartzekodunera.

Berankorren fitxategi batean dauden datuak hirugarren batek kontsultatu ahal izango ditu, baina soilik ukitutako pertsonaren kaudimen ekonomikoa epaitu behar duenean. Adibidez:

  • Kontratuan prezioaren ordainketa geroratua edo aldizkako fakturazioa duen zerbitzu-prestazioa hitzartzen denean. Bi kasuetan, hirugarrenak bere eskubidearen berri emango dio ukitutako pertsonari, idatziz.
  • Amaitu ez den kontratu bidezko harreman bat dagoenean.

Ukitutako pertsonak, datu pertsonalen beste fitxategien kasuan bezala, honako eskubide hauek ditu: aitzipen, zuzentzeko, ezerezteko etaaurka egiteko eskubideak. Oso pertsonalak direnez, honako hauek baino ezin izango dira haietaz baliatu: ukitutako pertsonak, hura legez ordezkatzen duen pertsonak edo, bestela, haren borondatezko ordezkariak, zeina espresuki izendatu beharko baita eskubide hori baliatzeko. Eskubide horien

  • Atzipena: datu pertsonalei buruzko informazioa eskatu eta eskuratzea.
  • Zuzentzea: datuak osatu gabe daudenean edo okerrak direnean
  • Ezereztea: datuak desegokiak edo gehiegizkoak direnean. Adibidez, zorra ordainduta egotea.
  • Aurka egitea: datuak tratatzeko.

Eskubide horiek baliatzeko, bete beharreko baldintzak:

  • Egiaztatzeko agiriak -NANa, ahalordea eta abar- aurkeztea.
  • Bestelako agiri batzuk ere aurkeztea. Adibidez, ezerezte-kasuetan, zorra azkenduta dagoela egiaztatzen duen ordezkagiria.
  • Eskaera bidali eta jaso dela egiazta dezaketen bitarteko bat erabiltzea, hau da, burofaxa, posta ziurtatua eta abar.

Atzipen eskubidea baliatzea

Fitxategiaren arduradunak hilabeteko epean erantzun behar dio eskaerari.

  • Eskaera egiten bazaio berankorren fitxategiaren titularrari. Hark honako hauen berri eman beharko dio ukitutako pertsonari: zer datu dauden jasota fitxategian; zer ebaluazio eta zehaztapen jakinarazi diren azken sei hilabeteetan eta zein erakunderi edo pertsonari eman zaizkion jakitera datu horiek guztiak.
  • Eskaera egiten bazaio sisteman parte hartzen duen beste erakunderen bati. erakunde horrek honako hauek jakinarazi beharko dizkio ukitutako pertsonari datuetara sartzeko eskubidea osorik baliatu dezan: zer datu pertsonaletara sar daitekeen aipaturiko erakundea eta zein diren berankorren fitxategiaren titularra eta helbidea.

Zuzentzeko edo ezerezteko eskubideak baliatzea

Fitxategiaren arduradunak 10 eguneko epean erantzun behar dio eskaerari.

  • Eskaera egiten bazaio berankorren fitxategiaren titularrari: titularrak eskaera hori datuak eman dituen erakundeari bidaliko dio, ebatzi dezan. Erakunde horrek ez badu 7 eguneko epean erantzuten, fitxategiaren arduradunak zuzendu edo ezereztuko ditu datuak, kautelaz.
  • Eskaera egiten bazaio datuak eman dituen enpresari: enpresa horrek bere fitxategietako datuak zuzendu edo ezereztu beharko ditu, eta horren berri emango dio berankorren fitxategiaren titularrari, 10 eguneko epean.
  • Eskaera egiten bazaio sisteman parte hartzen duen beste erakunde bati, eta hura ez bada izan datuak fitxategiaren eskuetan jarri dituena: erakunde horrek egoera horren berri emango dio ukitutako pertsonari, gehienez ere 10 eguneko epean, eta berankorren fitxategiaren titularra nor den eta helbidea zein duen ere jakinaraziko dio, harengana jo dezan bere eskubideez baliatu nahi badu.

Baldin eta ukitutako pertsonari bere eskubidea ukatzen bazaio datuetara sartzeko, haiek zuzentzeko eta ezerezteko eta haien aurka egiteko (erantzunik eman ez delako edo erantzuna desegokia delako), interesdunak erreklamazio bat aurkez diezaioke Datuak Babesteko Espainiako Agentziari, dagokion dokumentazioa aurkeztuz.

Kontsumitzaile bat berankorren fitxategian arrazoirik gabe agertzen bada eta horrek kalte-galerak eragiten badizkio, kaltetuak bide judizialera jo eta dagozkion kalte-ordainak erreklamatu ditzake, betiere kalte-galera horiek frogatu eta kuantifikatu baditzake. Erreklamaturiko zenbatekoa 2.000 eurotik beheragokoa bada, ez da abokatuaren edo prokuradorearen beharrik izango.

Arriskuen Informazio Zentrala (CIRBE) zerbitzu publiko bat da. Datu-base handi bat kudeatzen du, eta kreditu-erakundeek beren bezeroekin (6.000 eurotik gorako kredituak dituztenekin) dituzten ia arrisku guztiak jasotzen ditu (emandako kredituak, maileguak, abalak eta abar).

Finantza-erakunde guztiek bidali behar dute informazioa CIRBEra, adieraziz zein diren haien arrisku biziak eta norekin dituzten arrisku horiek. Horrela, beren jarduerarako behar dituzten datuak eman ahal dizkiote elkarri. Adibidez: banku-erakunde batek ezagutu ditzake zer arrisku dituen pertsona jakin batek beste erakunde batzuekin, eta, horren arabera, kreditua eman edo ez erabaki dezake.

CIRBEn jasotako informazioak ez dauka zerikusirik titularrak ordainketak egunean eduki edo ez edukitzearekin; baina deklaraturiko kreditu batean berankortasunik gertatzen bada (ordainketa berandutzea) erakundeak deklaratu egin behar du. Nolanahi ere, CIRBEk datu pertsonalen babesari buruzko araudi orokorra bete behar du, nahiz eta ez den berankorren erregistro bat. Edozeinek jakin dezake, dohainik, zer datu dituen CIRBEk norberaren zorrei buruz (eta hala badagokio, datu horiek zuzentzeko eska dezake), baita zer erakundek eskatu dituzten datuak azken 6 hilabeteetan.

  • Ez zaitez gehiegi zorpetu.
  • Arduraz erabili kreditu-txartelak.
  • Saihestu 'despisteak' zorrak ordaintzeko orduan.
  • Berankorren fitxategi batean sartuta zaudela susmatuz gero, informa zaitez, eta, hala badagokio, erabil ezazu eskubidea datuetara sartzeko, haiek zuzentzeko eta ezerezteko eta haien aurka egiteko.

Azken aldaketako data: