Bidaia- eta otordu-gastuen zehaztasunak
Atal honetan lan kontuek sortu dizkiguten gastuak zehaztu behar dira. Guk eredu bat proposatzen dugu hileko hainbat datu zehazteko, baina enpresak berak erabaki behar du zein datu behar dituen edota zeintzuk diren gehien erabiltzen dituenak; eta, horren arabera, guk emandako eredua moldatu.
Atal hau betetzeko kontuan izan behar dugu euskaraz zenbakiek milakoetan puntua daramatela; kodea, urtea edo telefono zenbakia adierazi ezean.
Eguna
Bidaia edo aparteko gastua zein egunetan egin dugun adierazi behar da. Horretarako, data modu laburrean idatzita nahikoa da.
2006-07-18
2006/07/18
06-07-18
06/07/18
Zergatia
Bidaia edo aparteko gastuak arrazoitu egin behar dira, ahalik eta informazio gehien eta modurik laburrenean eskainiz: nora eta zertarako egin den, bezeroa zein izan den…
Km kopurua
Bidaia autoz eginez gero, langileak zenbat kilometro egin dituen adierazi behar da.
Km €-tan
Enpresak berak erabaki behar du nola antolatuko duen atal hau. Enpresa batzuetan kilometroko euro kopuru jakin bat ordaintzen dute; beste batzuetan, aldiz, 50 kilometro bitartean euro kopuru bat ordaintzen dute, 100 kilometrora bitartean beste euro kopuru bat… Modu batean edo bestean, agiri honetan kopuru hori(ek) zehaztea gomendatzen dugu, langileak argi izan dezan.
Autopista
Atal honetan autopistako bidesarien zenbatekoa adierazi behar da.
Otorduak
Atal honetan lan kontuak direla-eta kanpoan egin beharreko otorduen zenbatekoa idatziko da.
Bestelakoak
Atal honetan hainbat datu zehaztu ahal dira: parkinaren prezioa, TAOrena, garraio publikoarena, hegazkineko bidaia-txartelarena, hotelarena… Dena dela, markatutako datu hori zeri dagokion adierazi behar da:
Hotela : 40€
Egunekoa guztira
Atal honetan egun bakoitzean egindako gastuen zenbatekoa adierazi behar da.
Gastuak guztira
Atal honetan hil osoan egindako gastu guztien zenbatekoa adierazi behar da, hau da, langileari ordaindu beharrekoa.