Biztanleen parte-hartze kulturalaren argazki xehatua emango duten adierazleak eskuratzea izan da ikerketaren helburu nagusia. Iparralden bizi diren 15 urtetik gorako 1.150 laguneko lagin adierazgarri bati aplikatu zaio inkesta. Bizileku-udalerriaren tamainaren, adinaren eta euskararen ezagutzaren arabera haztatu da inkesta; horrek aukera ematen du, biztanleria-taldeen arabera, parte-hartze kulturalaren gizarte-banaketa ezagutzeko.
Bi aurrekari ditu txostenak, orain dela bost urteko Iparraldeko parte-hartze kulturalari buruzko inkesta 2018 eta Iparraldeko kultura-ohitura, praktika eta kontsumoen inkesta 2007-2008, Kulturaren Euskal Behatokiak bultzatutako lehenengo bi estatistika eragiketak. Biztanleriaren kultura-praktika nagusien azken hamabost urteetako bilakaeraren irakurketa alderatua egiteko aukera dago, beraz.
Sei atal ditu txosten honek. Lehenengoan, erabilitako laginari buruzko zehaztapenak ematen dira. Bigarren atalean jasotzen dira: biztanleriak parte-hartze kulturalaren inguruan dituen jarrerei, ematen dion garrantziari, kulturari buruz duen informazioari eta kultura-praktikak egitera bultzatzen duten motibazioei buruzko adierazleak.
Hirugarrenean, antolatutako kultura-praktiken inguruko xehetasunak jasotzen dira: eszenikoak eta musikalak, ikus-entzunezkoak, irakurketari dagozkionak eta museoekin eta ondarearekin lotutakoak.
Laugarren atalak kultura-praktika ez profesionalak edo amateur mailakoak deskribatzen ditu, kulturaezagutzak eta baliabideak eskuratzeari eta alor horretako prestakuntzari dagozkion azalpenak ematen ditu eta kultura-elkarteetako partehartzea ere aztertzen du.
Gaur egungo parte-hartze kulturala ezagutzeko funtsezko diren praktika digitalen inguruan sakontzen du bosgarren atalak. Seigarrenak, euskarazko praktika kulturalak azaltzen ditu, arreta berezia eskainiz euskararen lurralde ezberdinen arteko alderaketari.

