Ama hegodun baten askapenerako bidaia dakar "Oilasko hegalak" albumak
- DataAzaroak 26
- Gaia Literatura
Eider eta Arrate Rodriguez ahizpek ‘Oilasko hegalak’ album ilustratua aurkeztu dute.
Eider eta Arrate Rodriguez ahizpek ‘Oilasko hegalak‘ album ilustratua argitaratu dute Erein argitaletxearekin. Album ilustratua da, horrek dakarren zailtasunekin. Eiderrek sortu du testua eta Arratek ilustrazioa, baina ez du batak bestea jantzi edo osatu, ez bada ipuina bera zabaltzeko, bi diziplinen arteko dialogoa sortzeko edo interpretazioa tenkatzeko.
Asteazken honetan Donostian egindako aurkezpenean Arratek esan bezala, «pelikula baterako gidoi bat sortu eta laburmetraia bat filmatzea bezala izan da» bi urtetan zehar ahizpa biek landu duten albuma.
Familia bat aurkezten du ipuinak, eta familia horretako ama, beste etxe askotan bezala, soberakinekin bizitzera ohituta dago. Amak, oilaskoa erretzen duen bakoitzero, soil-soilik hegoak aurkitzen ditu, izter eta bularkiak harrapatzera aita eta seme-alabak aurreratzen zaizkiolako.
Eiderrek aspalditik koaderno batean apuntatuta zeukan ideia hori, «oilasko erre bat, familia normatibo bat inguruan, eta ama bat soberan gelditutako hegalak jaten». Hutsala eta egunerokoa dirudien eszena horrek badu zerikusia «ama entregatu, itxuraz borondaterik ez daukan eta besteentzat bakarrik bizi den horrekin, kapaza dena soilik soberakinetatik bizitzeko; ez duena bereizten bizitza eta biziraupena», Eider Rodriguezek NAIZi azaldu bezala.


