Osasun Saila

Villabonak bat egin du medikamentuen erabilera hobetzeko programarekin Etxeko Laguntza Zerbitzuko erabiltzaileen artean

2018.eko ekainak 26

  • Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Villabonako Udalak eta Gipuzkoako Farmazialarien Elkargoak (COFG) elkarrekin abiarazitako egitasmo bat da, eta gaur goizean lankidetza hitzarmena sinatu dute udalerrian.
  • Dagoeneko 146 euskal udal, horietatik 37 Gipuzkoan, parte hartzen ari dira programan, Udalaren etxeko laguntza zerbitzuen erabiltzaileen artean medikazioaren erabilera eta tratamenduekiko atxikimendua hobetzeko.

 

Villabona (Gipuzkoa), 2018ko ekainaren 26a.- Eusko Jaurlaritzako Farmaziako zuzendari Iñaki Betolazak, Villabonako alkate Maite Izagirrek eta Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko lehendakari Angel Garayk hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean Gipuzkoako herriko udaletxean, zeinaren bitartez Villabonak bat egiten duen Etxeko Laguntza Zerbitzuko erabiltzaileen artean medikamentuen erabilera hobetzeko programarekin.

Helburu nagusia da herriko Etxeko Laguntza Zerbitzuko erabiltzaileen artean  medikamentuak eskuratzea erraztea eta tratamendua zuzen betetzen dutela bermatzea. Horrez gain, etxeko laguntzailearen edo zaintzailearen lanean lagundu nahi da, medikamentuak erosi, kontserbatu eta hartzeari lotutako alderdi guztietan.

Nabarmentzekoa da horrelako programen garrantzia, tratamendu farmakologikoaren segurtasuna eta eraginkortasuna bermatzeko, izan ere, kalkulatzen da gaixotasun kronikoak dituzten lagunen %50-%60 inguruk ez dutela tratamendua zuzen betetzen.

 

Funtzionamendua

Udaleko Gizarte Zerbitzuek parte hartuko duten erabiltzaileak aukeratzen dituzte, Etxeko Laguntza zerbitzua jasotzen dutenen artean, eta erabiltzaileek, berriz, baimena eman behar dute Programan sartu aurretik.  Ondoren, erabiltzaileak farmazia aukeratzen du, eta elkarrizketa bat egiten zaio, fitxa bat betetzeko, hartzen duen medikazioari eta dituen osasun arazoei buruzko informazio guztiarekin. Hamabostean behin edo astean behin, farmazialariak medikazioa prestatu eta entregatzen dio pazientari, senideari edo zaintzaileari, dosiak pertsonalizatuta.

Horretarako, dosifikatzeko sistema pertsonalizatuak erabiltzen dira tresna gisa (DSP), non pazienteak eguneko une bakoitzean hartu behar dituen konprimituak jartzen diren, dosia zuzen emateko beharrezko informazioarekin batera.

Eusko Jaurlaritzako Farmazia zuzendari Iñaki Betolazak azpimarratu duenez, horrelako programak oso garrantzitsuak dira tratamendu farmakologikoaren segurtasuna eta eraginkortasuna bermatzeko, pazienteen eta senideen mesedetan. Retolazak adierazi duenez, berau lankidetza soziosanitarioaren adibide argia da, eta Eusko Jaurlaritzaren apustua nabarmendu du, farmazia komunitarioaren eta osasun sisteman eragile aktibo moduan sartzearen alde.

Villabonako alkate Maite Izagirrek ere positibo baloratu du Villabonak programarekin bat egitea. Baieztatu duenez, “medikamentuen erabilera hobetzeko lankidetza hitzarmenak, nire iritziz, garrantzi hirukoitza dauka: lehenik eta behin, tokiko erakundeen eta Eusko Jaurlaritza bezalako erakunde komunen arteko lankidetza lerroa indartzen du, kudeaketa publikoa etengabe hobetzeko eredu batean sakontzeko. Bigarrenik, lankidetza publiko-pribatuaren ekintza lerroa indartzen du, oso emaitza onak ematen ari baita gipuzkoar zein euskal gizartean. Eta, hirugarrenik, aukera emango du laguntzeko behar handia duten herritarrek euren bizitza kalitatea hobetzeko, arreta farmazeutiko pertsonalizatu eta eraginkor baten bidez”.

Eta, gaineratu duenez, “administrazio publikoaren betebeharretako bat berak gidatzen eta ordezkatzen duen gizartearen ongizate orokorra bilatzea bada, administrazio moderno, eraginkor eta kalitatezko baten betebeharra da ongizate horrek kide bakoitzaren arazo zehatzei ere erantzutea”.

Amaitzeko, jakinarazi du “Amasa-Villabonako Etxeko Laguntza zerbitzua 11 erabiltzailerengana zuzenduko dela, baina etorkizuneko asmoa dela eskaintza zabaltzea”.

Angel Garay COFGko jarduneko lehendakaria da, eta bere konbentzimendua berretsi du: “pazientearengana zuzendutako zerbitzuak emango dituen farmazia baterantz jo behar dugu, eta programa hau horren adibide ona da”. Gogoratu duenez, Gipuzkoako Farmazialarien Elkargoaren apustua da medikamentuak erabiltzen dituzten pertsonen osasuna hobetzen lagunduko duten zerbitzuak ezartzea, tratamendua betetzen laguntzeko eta, gainera, baliabide ekonomikoak liberatzeko.

 

EAEko 146 udalerri eta 712 farmazia egiaztatuta

Gipuzkoari dagokionez, Villabona gehituta, dagoeneko 37 udalerri ari dira programan parte hartzen, eta Lurraldean 261 farmazia dira egiaztatu direnak (guztien %91); horietatik 119k 320 gipuzkoarrentzako medikazioa prestatzen dute.

Euskal Autonomia Erkidegoan, Villabonarekin batera, guztira 146 euskal udalerrik parte hartzen dute programan, eta 712 farmazia daude egiaztatuta, horietatik 329 pazienteekin. Gaur egun, etxeko laguntza zerbitzuen 800 erabiltzaile baino gehiago ari dira medikazioaren erabilera hobetzeko programaz baliatzen.