Osasun Saila

Jon Darpón: "Errezeta elektroniko elkarreragingarriak, erosotasunaz gain, batez ere segurtasuna eskaintzen dio pazienteari" Jon Darpón: "Errezeta elektroniko elkarreragingarriak, erosotasunaz gain, batez ere segurtasuna eskaintzen dio pazienteari"

Argitalpen-data: 

Bihartik aurrera EAEko herritarrek e-rezeta erabilgarri duten beste autonomia erkidego batzuetako farmazietan hartu ahal izango dituzte botikak; eta erkidego horietako herritarrek, berriz, Euskadin

Bihartik, urtarrilaren 12tik, aurrera, euskal herritarrek errezeta elektronikoa elkarreragingarria duten beste autonomia erkidego batzuetako farmazietan hartu ahal izango dituzte botikak (Madrilen, Andaluzian eta Balearretan eta Ceuta eta Melilla hiri autonomoetan ez beste guztietan); eta errezeta elektroniko elkarreragingarria duten autonomia erkidegoetako pazienteek, berriz, Euskadiko farmazietan hartu ahal izango dituzte, nahikoa da osasun-txartela aurkeztea.  

Horixe jakinarazi du gaur goizean Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Jon Darpón Sierrak, Osasun Saileko Farmaziako zuzendari Iñaki Betolazarekin batera Gasteizen eman duen prentsaurrekoan. Bertan Euskadiko errezeta elektronikoaren interoperabilitatea abian jartzeak ekarriko dituen aldaketen eta, batez ere, pazientearen segurtasunari eta erosotasunari begira eskainiko dituen abantailen berri eman dute. Abantailak Estatuko gainerako lekuetan erabili behar duten euskal herritarrentzat nahiz Euskadin erabili nahi duten beste autonomia erkidego batzuetako herritarrentzat izango dira.

Errezeta elektroniko elkarreragingarria ezartzeak eragin zuzena izango du pertsonengan, izan ere,

  • botikak egoki eta zentzuz erabiltzen lagunduko du
  • botikak eskuratzeko prozesua arinduko du
  • behin tratamenduak agintzen direnean ez da osasun-zentrora joan beharrik izango
  • ez da errezeta galtzeko arriskurik izango, paperekoekin gertatzen zen bezala
  • ez da beharrezkoa izango botikak denbora luzez pilatzea
  • eta erabiltzaileentzat askoz ere erosoagoa eta, batez ere, seguruagoa izango da, jatorrizko osasun-zentroan norberaren medikuak agindutako tratamenduarekin jarraitu ahal izango baitute.

“Ez da, beraz, berrikuntza teknologiko bat bakarrik”, azpimarratu du Jon Darpónek, “errezeta elektroniko elkarreragingarriak de facto hobetzen du gure herritarrei ematen diegun zerbitzu farmazeutikoa eta osasun laguntza”.

Horrekin, bestalde, Osasun Sailak legealdiaren hasieran hartutako konpromisoa betetzen da, hitzeman baitzuen 2017 amaitu aurretik izango zela abian errezeta elektronikoaren elkarreragingarritasuna, eta Euskadi, hain zuzen ere, abenduaren 22tik dago ziurtatuta Estatutako Errezeta Elektronikoaren Interoperabilitate Sisteman. Horretarako, Osasuneko sailburuak berak azaldu duenez, Osasun Sistema Nazionalean hedatzearekin erlazionatutako eta errezeta elektronikoak trukatzeko softwareak eta web-zerbitzuak osatu behar izan dira. Era berean, Euskadiko errezeta elektronikoan interoperabilitatea ezarri ondoren gainerako autonomia erkidegoekin egin diren funtzionamendu-proba guztiak positiboak izan dira, bai Estatuko gainerako farmazietan bideratuko diren errezeten igorlearen ikuspegitik egin direnak, bai Euskadiko farmazietan bideratuko diren errezeten hartzailearen ikuspegitik egin direnak.

Horri guztiari esker atxikitako edozein autonomia erkidegotako farmazia-zerbitzura izango da sarbide elektronikoa: "Botikak Euskadiko farmazietan eskuratzen ditugun bezala, berdin berdin, eskuratu ahal izango ditugu gainerako autonomia erkidegoetako farmazietan, eta nahikoa da norberaren osasun-txartela aurkeztea”, azpimarratu du.

ZERBITZU HOBEA, BIZI KALITATE HANDIAGOA

Jon Darpónen esanetan, errezeta elektronikoa elkarreragingarritasun-proiektuan sartuta “garrantzizko urratsa eman dugu gure erronka nagusietako batean: gure osasun-sistemaren eraldaketa digitalean, hain zuzen ere osasun-zerbitzu publikoak eraginkorrak izan daitezen eta horrek pertsonen bizi-kalitatea hobetu dezan".

Izan ere, orain arte, pertsona bat beste autonomia erkidego batera joaten zenean, eta tratamendu kroniko bat jarraitu behar zuenean, aurretik bere osasun-zentrora jo behar izaten zuen eta bertan errezetak inprimatzen zizkioten. Kontua da gehienez ere hiru hilabeterako errezetak inprimatu zitezkeela, eta Euskaditik kanpora denbora gehiago egonez gero, berriz osasun-zentrora jo behar izaten zuen errezetak egin eta inprimatu ahal izateko.

Kalkulatzen da 2016an Euskaditik kanpora zeuden 132.000 pertsonari saldu zitzaizkiela botikak Estatuko gainerako autonomia erkidegoetako farmazietan. Pertsona horiek guztira 663.212 errezeta behar izan zituzten, batez beste 5 errezeta pertsonako. Lurraldeen arabera, errezeten % 50 Euskadirekin muga egiten duten autonomia erkidegoetan bideratu ziren, Nafarroan, Kantabrian, Errioxan eta Gaztela eta Leonen. Gainerako autonomia erkidegoei dagokienez, Galizian, Valentzian, Andaluzian eta Extremaduran guztiaren % 9 bideratu zituzten bakoitzean. Errezeta-mugimendurik handiena ekainetik urrira bitartean izan zen, Euskadin agindutako errezeten % 67 hilabete horietan bideratu baitziren. Osakidetzako errezeta kopururik handiena Gaztela eta Leongo farmazietan bideratu zen abuztuan, guztira, 70.821 errezeta.

Euskadiko farmazietan bideratutako beste autonomia erkidego batzuetako errezetei dagokienez, zifrak nabarmen dira aurrean aipatutakoak baino txikiagoak. 2016an 33.086 errezeta bideratu ziren, horien % 73 mugako autonomia erkidegoetan eta % 11 Madrileko pazienteenak. Hilabeteen arabera, banaketa nahiko homogeneoa da: hilean 2.500 errezeta inguru, eta udako hilabeteetan gorakada txiki bat dago.

136 MILIOI e-REZETA EUSKADIN

2013an amaitu zen errezeta elektronikoaren hedapena Euskadiko osasun sisteman. Ordutik, Osakidetzako lehen mailako arretako eta osasun mentaleko zentro guztiak eta Euskadiko farmazia guztiak ari dira errezeta elektronikoarekin lanean.

Joan den urtearen, 2017aren, erdialdera, errezeta elektronikoa, Osakidetzako historia klinikoarekin batera, adinekoen Euskadiko 300 egoitzatan ere ezarri zen.

Orain, interoperabilitatea abian jarrita, errezeta elektronikoaren funtzionamendu osoaren zirkulua itxi da, eta pertsonen zerbitzura dagoen gure osasun-sistema modernizatzen jarraitzeko  ezinbesteko aurrerapausoa da.

Hala eta guztiz ere, Osasuneko sailburuak Osasunaren, Gizarte Zerbitzuen eta Berdintasunaren Ministerioari eskatu dio, atzerriko osasun-zerbitzuen eskumena duen aldetik, Europar Batasunean lanean jarrai dezala errezeta elektronikoa nahiz historia kliniko digitala bera EBko gainerako herrialdeekin elkarreragingarria izan dadin pertsona guztien onerako, gero eta mugikorragoa den mundu batean.

Orain arte 136 milioi errezeta elektroniko bideratu dira Euskadin, eta une hauetan bideratzen diren errezeta guztien % 97 elektronikoki bideratzen dira.