Osasun Saila

Euskadik bere egungo ereduaren aldeko apustuari eutsiko dio farmakoen prestazioan, farmazia osasun-eragile bihurtzeko

2018.eko ekainak 19

Iñaki Betolaza Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Farmazia zuzendariak uste du oinarrizkoa dela estrategia hori borobiltzea, osasun sistemari balioa eman baitio eta pazienteen osasuneko zein bizi-kalitateko emaitzak hobetzen lagundu baitu

 

Euskadik eutsi egingo dio bere egungo farmazia-ereduaren aldeko apustuari, auzo-farmaziaren garrantzian oinarritua eta farmazia-bulegoak, gainerako asistentzia mailekin eta gizarte-zerbitzuekin koordinatuta, osasun-sistemako eragile bat gehiago bihur daitezen. Hori adierazi du Iñaki Betolaza Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Farmaziako zuzendariak gaurko Legebiltzarreko Osasun Batzordearen aurreko agerraldian. Bertan, Euskal Autonomia Erkidegoko farmazia-arretaren arloan egiten ari diren ekimen, programa eta hitzarmenen berri azaldu du.  

Azaldu duenaren arabera, aurreko legegintzaldian dagoeneko hasitako apustu estrategiko hori farmazia-arretako programen garapenean hezurmamitzen ari da; izan ere, programok osasun sistemari balioa eransten diote, kostuz eraginkorrak dira eta, batez ere, jarraitzen dute pazienteen osasun zein bizi-kalitate emaitzak hobetzen laguntzen. 

Betolazak nabarmendu du Euskadi bere farmazia-antolamenduko ereduaz hornitu dela eta, parekotasun aldetik, hori dela gure herritarrek farmaziak zein medikamenduak eskuragarri izateko bermea, aldi berean, hura oreka-faktore nabarmena izanik farmazien bideragarritasun ekonomikoari eusteko orduan.

Gogoan izan  behar da Eusko Jaurlaritza eta Osasun Saila elkarrekin ari direla lanean Farmazialarien Elkargo Ofizialekin eta Farmazia Bulegoekin 90eko hamarkadatik, programa aitzindariei helduz, adibidez, xiringen elkartrukea, hiesaren kontrako kita edo preserbatiboa erabiltzearen sustapena.

 

FARMAZIAN ARRETA EMATEKO PROGRAMAK

Eusko Jaurlaritzaren eta Farmazialarien Elkargo Ofizialen arteko lankidetzaren fruitu diren Farmazia Arretarako programen artean, ondorengoak ere nabarmentzen dira:

  • Opiazeo bidez horien dependentzia duten pertsonak farmazia-bulegoen bitartez tratatzeko hitzarmena. 1995etik dago martxan, eta haren xedea da droga-depedentziak jotako pertsonei farmazia-bulegoetan metadona banatzea. Esku hartzen duten eragile guztiek asko balioesten duten hitzarmena da. 039 pertsonak jasotzen dute horren onura hilero, eta farmaziako 250 bulego daude tartean. Programaren kostua 2017an 712.620 euro izan zen.

 

  • GIB/HIES eta sexu-transmisioko beste gaitz batzuk prebenitzeko Farmazi-bulegoetan, GIB negatiboaren bahaketa-test lasterrak egiten dira. Programaren hasieratik, ia duela hamarkada bat, herritarren onespen handia izan du programak, eta 25.488 testetik gora egin dira (2.700 urteko), 230 positiborekin. 2017an, programaren kostua 49.678 euro izan zen.

 

  • Etxez etxeko laguntza zerbitzuetan arreta jasotzen duten pertsonek medikazioa hobe erabiltzeko 2009an hasi zen, eta xedea da pertsona dependienteek zein autonomoek medikamenduen erabilera hobetzea, horiek kudeatzeko zailtasunak eduki, beren etxeetan bizi eta etxez etxeko zerbitzuen arreta jasotzen dutenean; horretarako, farmazia-bulegoetan dosifikaziorako sistema pertsonalizatuak prestatzen dira, pertsona horiek erabil ditzaten. Egun, dagoeneko EAEko 145 udalerrik parte hartzen dute programa honetan, 2018ko aurrekontua 352.200 eurokoa da, 712 farmazia daude horretarako akreditatuta eta, horietatik, 322k dituzte pazienteak. Egun, etxez etxeko laguntza zerbitzuak erabiltzen dituzten 850 pertsonak baino gehiagok jasotzen dituzte programaren onurak; % 93 medikamendu ugariko pazienteak dira, egunean batez beste 10 pilulatik gora hartzen dituztenak, % 42 etxean bakarrik bizi dira etxerako laguntza jasoz, eta % 65 emakumeak dira. Tratamenduaren atxikimendu-tasa da nabarmentzekoa: % 95, baita balorazioa ere: pertsona erabiltzaileen % 98k diote laguntzarako bitarteko erabilgarria dela eta, gainera, autonomia handiagoa ematen diela.

 

  • EAEko paziente kroniko eta polimedikatuentzako jarraipen farmakoterapeutikoko 2 motako diabetesa duten 107 pazienteren probako faseko programa, non helburua den medikamenduen erabilera hobetzea, tratamendua betetzea, medikamenduak ezagutzea eta, ondorioz, osasunean emaitza hobeak lortzen lagundu eta paziente kronikoen zein polimedikatuen kalitate hobea lortzea.

 

  E-REZETA, HERRITARREN INFORMAZIOA ETA TOKIAN TOKIKO LANKIDETZA           

Azken urteotako programa hauen guztien sendotze eta garapenari lotuta, Jon Darpon buru duen Saileko Farmaziako zuzendariak bi aurrerapen handi nabarmendu nahi izan ditu auzo-farmaziaren munduan, benetako gizarte-arloko aldaketa ekarri dutenak: errezeta elektronikoaren ezarpena eta haren elkarreragingarritasuna.

Alde horretatik, bikaintzat jo du EAEko Farmazia Bulegoen eta Farmazialarien Elkargoen arteko lankidetza, era horretan Euskadik 150 milioitik gora banaketa elektroniko egin baititu egundaino. Elkarreragingarritasunari dagokionez, EAEko pazienteek 145.000 medikamendu-errezetatik gora eskuratu dituzte Euskaditik kanpora, eta hemen beste autonomia-erkidegoetako 14.500 errezeta banatu dira.

Gainera, herritarren informazioari buruz ekintza bateratuak egin dira, hala osasun-arazo zehatzei buruz, nola ekintza osasungarriak eta informaziokoak eta medikamenduen erabilera egokia sustatzeari buruz: gripearen kontrako txerto-kanpainak, dementziak jotako pazienteen tratu egokia, iktusaren prebentzioa, “Paziente Bizia-Paciente Activo” kanpaina, tabakismoa prebenitzeko “Ke Barik” kanpaina, gorputz-ariketaren sustapena, paziente ahulen farmazia-arreta, eta antibiotikoak behar bezala erabiltzeko eta medikamendu generikoak erabiltzea sustatzeko kontzientziazio-kanpainak.  

Bukatzeko, Osasun Sailak Osakidetzako Erakunde Sanitario Integratuen (ESIen) eta Farmazia Bulegoen arteko lankidetza bultzatu du, tokiko proiektuen bidez. Horien artean daude, adibidez, Araba ESI, Ezkerraldea-Enkarterri-Cruces ESI, eta Bidasoa ESIko medikazio-bateragarritasuna; Barrualde-Galdakao ESIko Asma Sarea; Barakaldo-Sestao ESIko antibiotikoen erresistentzia; eta Donostialdea ESIko Farmazia Lagunkoia.

 

Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 19a