Osasun Saila

Eusko Jaurlaritzak baterako ordainketa farmazeutikoa konpentsatzeko laguntza ekonomikoen Dekretua aldatu du kolektibo kaltebera gehiago izan daitezen onuradun (Gobernu Bilera 2017-11-14) Eusko Jaurlaritzak baterako ordainketa farmazeutikoa konpentsatzeko laguntza ekonomikoen Dekretua aldatu du kolektibo kaltebera gehiago izan daitezen onuradun (Gobernu Bilera 2017-11-14)

Argitalpen-data: 

logoconsejo.jpg

Eusko Jaurlaritzak gaur onetsi du laguntza ekonomikoen Dekretua aldatzea, 2014az geroztik Espainiako Gobernuak inposatutako baterako ordainketa farmazeutikoaren ondorioak arintzeko eta populazio kalteberenean tratamendu medikoak ziurtatzeko bideratzen dituenak, onuradun izango diren beste bi kolektibo gehitzeko.         

 Laguntzak eman diren lau urte hauetako esperientzia ebaluatu ondoren, euskal osasun-sistemaren erabiltzaileen eta pazienteen elkarteen eskariak kontuan hartuta eta Legebiltzarraren aginduari erantzunez, gaur onetsitako aldaketa Dekretuak legez langabezia-egoeran daudenei eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) onuradun direnei luzatzen dizkie laguntzak, bi kasuetan, 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak jasotzen dituztenei. Hala, kolektibo horiek orain arte laguntzak jasotzen zituztenei gehitu zaizkie: erretiratuei eta pentsiodunei 18.000 eurotik beherako diru-sarrerekin; langabezia-egoeran daudenei prestazio ekonomikorik gabe; eta 114/2012 Dekretuaren babesean dauden imigranteei. 

Aldaketa honekin Eusko Jaurlaritzak zabaldu egiten du laguntzen estaldura, 400.000 pertsona baino gehiago onuradun izan direla kontuan hartuta, beren muga ekonomikoengatik edo gizartean baztertuta geratzeko duten arriskuarengatik preskripzio medikorik gabe edo behar bezalako segimendurik gabe gera litezkeenei. Gogorarazi beharra dago 2017rako laguntzak eskatzeko epea irekita dagoela oraindik datorren abenduaren 10era arte. 

Osasunaren arloan ekitatea bermatzeko eta desberdintasunei aurka egiteko apustu iraunkor honi eutsiz 24 milioi euro baino gehiago bideratu dira, 2014an Eusko Jaurlaritzak laguntza ekonomikoko lerro hau gauzatu zuenetik sektore sozial kalteberenetan tratamendu medikoen eta farmakologikoen betearazpena bermatzeko.